catedra joxeazurmendi
Publicador de contenidos
2026ko Joxe Azurmendi Kongresua, proposamenak egiteko deialdia
2026ko abenduaren 16, 17 eta 18an (Donostia, San Telmo Museoa)
PROPOSAMENAK EGITEKO DEIALDIA
EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakinek kongresu berri bat antolatuko dute 2026ko abenduaren 16tik 18ra Donostiako San Telmo Museoan. Kongresu hau 2019an egindakoaren jarraipena da eta, hortaz, izenburu bera izango du: EUSKAL PENTSAMENDUAREN UR-JAUZIA II. Kongresu honek, gainera, 2025eko uztailaren 1ean hil zen Joxe Azurmendi oroitzeko eta bere lana aitortzeko helburua du.
Hala ere, gure asmoa haratago doa. Lehen kongresuan komunitate bezala bildu ginen Joxe Azurmendiren pentsamendua lantzeko. 2026koan, ordea, aurrerapauso bat eman nahi dugu: bere lanaz gogoeta egiten jarraituko dugu, jakina, baina baita euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez, egiturez eta azpiegiturez ere. Bide horretara bultzatzen gaitu, hain zuzen, Joxe Azurmendik Euskal Herriarekin izan zuen konpromisoak.
Kongresuaren izenburuak iradokitzen duen bezala, eta Joxe Azurmendiren lanetatik abiatuta, hauek dira 2026ko kongresuan landu nahi ditugun aztergaiak:
- (1) Kultura, nazioa, estatua;
- (2) Gizaberea;
- (3) Gogoeta etikoak;
- (4) Pentsamendu soziala;
- (5) Kooperatibismoa;
- (6) Hizkuntza eta pentsamendua;
- (7) Zientzia eta medikuntza;
- (8) Adimen artifiziala;
- (9) Literatura eta arteak,
- (10) Ingurugiroa;
- (11) Feminismoa.
Idatzi honen bidez, kongresurako parte-hartze deialdia egiten dugu. Proposamenak bi motatakoak izan daitezke: “komunikazioak” (egile bakarrarekin edo egile anitzekin) edo “sinposioak” (gehienez hiru aurkezpenekin). Horiek joxeazurmendikatedra@ehu.eus helbidera bidali beharko dira 2026ko uztailaren 15a baino lehen. Proposamen bakoitzak gehienez 2.000 karaktere izango ditu eta zera jaso beharko du: izenburua, aztergaia eta laburpena. Denak aztertu ondoren Katedrak horien inguruko azken erabakia hartuko du.
Joxe Azurmendi Katedra – Kongresuaren Batzorde Zientifikoa
Deialdiaren data: 2026-02-02