euskaraespañol

Jonatan García Rabadán

Bidenek ez al zuen aurkaria birrindu behar? Zergatik huts egiten duten hauteskunde inkestek

Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle laguntzailea, doktorea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/11

Jonatan García Rabadán
Jonatan García Rabadán. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Hauteskundez hauteskunde, Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeek komunikabide nagusietako azalak eta titularrak betetzen dituzte, baita pandemiaren garai monotematiko honetan ere. 2016ko hauteskundeek hautagaitza demokratako buruarekiko (Hillary Clinton) eta errepublikanoko buruarekiko (Donald Trump) ikusmin handia sortu zuten eta oraingoan ez dute txikiagoa eragin.

Aurten, lehiaren eszenatokia zenbait hamarkadatako polarizatuena zela ematen zuen, ez bakarrik Covid-19aren kudeaketaren ondorioz, baita azken hilabeteetako tentsio soziopolitiko handiarengatik ere.

Gainera, gatazka eta mobilizazioa ez dira talde bakarrarekin lotuta egon; pixkanaka zabaltzen joan dira, herrialdeko ia sektore guztiei eragiteraino, eta horrek eragin handia izan du. Eszenatoki horretan, hauteskunde inkestak eta zundaketak, berriz ere, polemika iturri izan dira, ez baitute asmatu zer gertatuko zen azaroko lehenengo astelehenaren ondorengo asteartean: ez da Bidenen aldeko garaipen zabalik izan, ezta Trumpen hondoratzerik ere. Biak AEBko hauteskundeen historiako hautagai bozkatuenak izan dira.

Zundaketen jaiolekuan –gaur egun ezagutzen ditugunen moldekoena–, horiek gero eta eztabaidagarriagoak dira. Eta, hala ere, unean uneko egoera «animikoa» antzemateko tresnarik onena izaten jarraitzen dute.

Hauteskunde nazionalak, estatuetako hauteskundeen batura

Egun hauetan, komunikabideek Ameriketako Estatu Batuetako mapa kolore urdinez (demokratak), gorriz (errepublikanoak) eta grisez (lehian zeuden estatuak) margotuta erakutsi digute behin eta berriz, dela zundaketen proiekzioekin dela, ondoren, hauteskunde emaitzekin. Mapa koloreztatu horiek hauteskunde sistema zatitu baten errealitatea ezkutatzen dute.

Lehia nazional bat proiektatu arren, hauteskundeak estatuetan jokatzen dira; hori AEBren eraikuntza prozesu historikoaren isla garbia da. 50 estatuetako bakoitzak ezartzen ditu egiazki joko arauak, zenbait auzitan ezberdin jokatzen baitute, adibidez: hauteskunde erregistroan (nola eta noiz erregistratu bozkatzeko), boto paperetan edo zenbaketaren garapenean.

Hain zuzen ere, leku horietan lortzen da hauteskunde kolegioa osatzen duen ordezkaritza; haien esku dago presidentea aukeratzeko azken erabakia. Kontzepzio hori Espainiako Diputatuen Kongresuko hauteskundeenarekin parekatu daiteke (diputatuak probintziaka aukeratzen dira), baina ezberdintasuna da han alderdi irabazleak estatuko ordezkaritza osoa bereganatzen duela (Maine eta Nebraskaren kasuan izan ezik, horiek nolabaiteko proportzionaltasuna aplikatzen baitute), lehiakideen arteko aldea edonolakoa izanda ere.

Pluraltasun hori da pronostiko garbi bat egiteko lehenengo oztopoa, izan ere, lehia zatietako bakoitzean gertatzen da, ez osotasunean. Hori guztia, presidenteaz gain bestelako hautuak ere egiten direla ahaztu gabe: hauteskunde hauetan herri galdeketak, berrespenak, eta abar ere egiten dira. Beste modu batera esanda, laginketaren diseinuan akats bat eginez gero, emaitza erabat ezberdina izango da.

Inkesten metodologia

Hain zuzen ere, zundaketak aztertzen direnean, askotan horien irakurketa azalean geratzen da, nahiz eta azterketen benetako kalitatea horien fitxa teknikoan neurtzen den. Nola egin diren ondo irakurtzen jakin behar da: laginketaren diseinua, inkesten kopurua, akats tartea, baita galderak ere.

Hauteskundeetako demoskopia azterketek faktore erantsi bat daukate: emaitzen urgentzia. Alderdi politikoek eta komunikabideek berehalakoak izatea eskatzen dute (eta kostu txikikoak), beraz, azterketa eraikitzeko elementu batzuk aldatu behar dira, kalitatearen kaltetan; bestela esanda, akats tartea handitzeko arriskuarekin. Horren adibide garbietako bat da aurrez aurreko galdetegiaren ordez telefono bidezkoa edo digitala egitea.

Azken bi horiek azkarragoak dira, baina gizarte talde guztien erantzuna ez lortzeko arriskua eragiten du. Ameriketako Estatu Batuak herrialde oso handia denez, alderdi hori ez da hutsala, are gutxiago hauteskundeak gai biziki garrantzitsua izanik.

2016. urtera begiratuz, Hillary Clinton eta Donald Trump aurrez aurre egon ziren garaira, orduan ere zundaketekiko atsekabea nabaritu zen. Zundaketek hautagai demokrataren aldeko apustua egin zuten, baina ez zen hala gertatu. Orduko hartan, Clintonen garaipena iragartzen asmatu zuten (herritarren botoetan); aldiz, ez zuten asmatu nahigabetutako hautesleak eta, neurri batean, zalantzatiak, antzematen. Lau urte geroago, aspaldi ez bezala oso lehia estuan zeuden bi alternatibaren artekoa izan da borroka.

Hauteskunde eszenatokiak irakurtzeko zailtasuna

Azken auzi horrek ere markatu eta eragina izan du demoskopia azterketen garapen zuzenean. Azken zikloan, AEBko gizartea sozialki eta politikoki polarizatuta egon da argi eta garbi, bai eremu instituzionalean bai kalean; baita pandemiaren kudeaketak eta ondorioek sortutako tentsiotik haratago ere.

Gizartearen dualizazioa/haustura ez da AEBra mugatzen den errealitate bat, izan ere, Mendebaldeko demokrazietan zabaltzen joan da (Erresuma Batua, Polonia, Hungaria, Italia, etab.).

Ezin da alde batera utzi polarizazioa eta nahigabea aspalditik aztertu direla Ameriketako Estatu Batuetan, baina hori orain arte ezin izan da hauteskundeetan intentsitate handienarekin neurtu herrialdean. Posta bidezko botoaren hazkunde ikusgarriak, nolabait, konfrontazio errealitate hori bera islatzen du.

Jarrerak muturrekoak izanik, egoera gatazkatsu hori bi ahoko arma bat da zundaketetarako. Alde batetik, zalantzatien kopurua murriztu egiten da, beraz, herritarren jarrerak eta iritziak antzematea errazagoa izango litzateke.

Baina asaldurak maila jakin bat gainditzen duenean, beren jarrera ez aitortzea erabakitzen duten pertsonen kopurua handitzeko arriskua dago, beldurragatik edo mesfidantzagatik, sozialki baztertuak izan nahi ez dutelako. Hor sartzen da jokoan azterketaren diseinua, zenbait galderaren edo laginketa (eta datuen bilketa) zehatzago baten bidez oztopo hori gainditzea lortzea da gakoa.

Inkesten arloko gaur egungo erreferente batzuk, esaterako W. Mitofsky, honako hau esatera iritsi ziren: «Inkestetan apaltasunerako tarte handia dago. Harro bihurtzen garen bakoitzean, galdu egiten dugu».

Horregatik guztiagatik, hauteskunde inkestek eta zundaketek etengabe hobetzen eta berritzen jarraitu behar dute, gizartearen erradiografia bat egiteko helburua betetzeko, gure gaur egungo gizarteetako pluraltasun osoa arakatu eta identifikatzera iritsiz, baita hauteskunde garaian ere, eta beren baitan duten lan zientifikoa zalantzan jarria izan ez dadin.

The Conversation