euskaraespañol

UPV/EHUko historialaria

Virginia López de Maturana: «Ospatutzeko Prudentzio jaia…»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/25

Irudia
Virginia López de Maturana. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

“Ospatutzeko Prudentzio jaia, gure patroi handia.” Horrela bukatzen da San Prudentzioren, 1644tik Arabako zaindaria denaren zortzikoa. Virginia López de Maturana UPV/EHUko historialaria da San Prudentzioren Lagunen Kofradia gidatzen duen lehen emakumea. Aurten, gainera, lehen aldiz izango da Arabako jaietako ekitaldien buru.

San Prudentzioko jaia (apirilaren 28an) arabarren bihotzetan dago. Ez harritzekoa, Gasteizko nahitaezko festa tradizionalen zerrendan agertzen baita, 1483ko Bitoriano kontzejuan eta 1410eko Elizbarrutiaren Egutegian, baita Gasteizko Kolegiatako ohituretan ere, 1496tik. Are, egutegi mozarabeetan ere aipatzen da.

San Prudentzioren Lagunen Kofradia San Prudentzio Jaunaren Kofradiaren jarraipena da. 1580an sortu zen, Vitoria-Gasteizko Santa Maria Kolegiatan, San Prudentzioko Errege Monasteriotik (Monte Laturce, Clavijo, Errioxa) lehen erlikiak iritsi zirenean.  

Baina arabarrek beren herrikideari dioten deboziorantz emandako pauso handiena Arabako Batzar Nagusien adierazpen hirukoitza izan zen (1643, 1644 eta 1699), San Prudentzio Arabako Zaindari aukeratzekoa, eta hala izendatu zuen Egoitza Santuak 1698an.

Orain, Virginia López de Maturana Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea hain historia luzeko erakunde horretako buru den lehen emakume bihurtu da. Campusak harekin hitz egin du, zaindariaren festa bere kargu berritik ospatuko duen lehen aldiaren atarian.

Joan den uztailetik, zu zara San Prudentzioren Lagunen Kofradiako presidente-kofrade nagusia. Beste pauso bat berdintasunerantz?

Bai, zalantzarik gabe, beste pauso bat da berdintasunerantz. Emakumeok, apurka-apurka, ikusgarritasuna irabaziz joan behar dugu esparru guztietan: politika, ekonomia, gizartea, kultura eta abar.

Zein dira zure helburuak Kofradiaren buru izanik?

Helburu behinena gaztetzea eta eguneratzea da. Gaur egunera egokitzea. Horrek dakar, noski, ikusgarritasun handiagoa ematea emakumeei, toki gehiago euskarari, eta kulturari lotutako edonolako jarduerak sustatzea, Kofradia eta San Prudentzioren sinboloa Arabako gizarteari hurbiltzeko.

Festaren jatorria garbiki erlijiosoa da, gaur egunera egokitu beharko litzateke?

Zalantzarik gabe, ezin dugu ahaztu festaren jatorri erlijiosoa, errealitate historiko bat baita. Baina egungo gizartea eta hura sortzen ikusi zuena oso desberdina da. Horregatik, egokitu egin behar da, denak gustura senti daitezen eta goza dezaten: festak denena eta denentzat izan behar du.

Proiekturen bat duzu epe laburrean?

Kofradiaren proiektu handia San Prudentzioren Bidea martxan jartzea da. Armentiatik abiatuko litzateke (haren jaiolekua), eta, tradizioaren arabera, Arabako zaindariak bisitatu zituen tokiak ibiliko lituzte: Soria, Calahorra, Tarazona, Burgo de Osma eta abar. Bide erakargarria litzateke turistikoki eta kulturalki Araban.

Ondo ezagutzen da San Prudentzioren figura Araban?

Ez, ez San Prudentzioren figura eta ez haren festa. Baina gauza bera gertatzen da Arabako historia eta kultura guztiarekin: ezezagunak dira, nahiz eta lan asko eginak dauden, UPV/EHUko Letren Fakultatean lan egiten dugun profesionalen lanari esker.

Kontaguzu San Prudentzioren figuraren inguruko anekdota edo gertakari nabarmenen bat, ez dena hain ezaguna.

Agidanez, tradizioaren arabera, Burgo de Osmako herritarren arteko ezbeharren batean harremanak berregiten parte hartu zuen. Horregatik, Bakearen Aingerutzat ezagutzen da.

San Prudentzio eta Armentia, bere basilika eta guzti, lotuta daude. Behar bezain zabalduta dago inguru horren balio kulturala?

Ez, azpimarratu nahi dut arabarrek ez dugula gure historia eta gure kultura ezagutzen. Ez gara jabetzen dugun ondare historiko eta kulturalaz, eta erakundeek ere ez dute askorik laguntzen horretan. Inguru horretan bertan, Santuaren Jauregi Etxea nabarmendu behar da. Eraikin neoklasikoa da, Justo Antonio de Olaguíbelek berak egindakoa, eta Juan José Díaz de Espada arabarrak finantzatua, La Habanako apezpikuak. Hura izan zen Kuba modernizatzearen sustatzaileetako bat, eta San Prudentzio La Habanako katedraleraino eraman zuen, non haren omenezko kapera bat dagoen.

Polemika apur bat izan da San Prudentzioko eta Estibalizko Andre Mariaren festetako kartelaren inguruan.  Are, zuk ere iritzia eman zenuen komunikabideetan. Itxi da kontua?

Bai, gai horrek ez zuen bide gehiagorik. Aldundiak, azkenean, erreferentziak sartu zituen kartelean.

Egun bete-beteak datozkizu apirilaren bukaera honetan. Dena prest?

Festa hauek prestatzeak gelditu gabe aritzea eta lan handia dakar, baina bai, dena prest daukagu haietaz gozatzeko.

San Prudentzioren figura

San Prudentzio Goi Erdi Aroan bizi izan zen, baina ez dakigu zehazki zein mendetan bizi izan zen. Armentian jaio zen, eta han bizi izan zen lehen urteetan. Egun Vitoria-Gasteizko udalerriak irentsi duen Arabako herrixka zen. 15 urte zituela, anakoreta moduan erretiratu zen, egun Soriako hiria den ingurura, Duero ibaiaren eskuinaldean, maisu izango zuen Saturioren famak erakarrita. Han geratu zen zazpi urtez, eta, ondoren, Calahorrara joan zen, elizbarruti handiaren egoitzara. Errioxako herri horretan geratu zen denbora batez. Kronikek baieztatzen dute pertsona asko ebanjelizatu zuela, eta mirarizko hainbat sendaketa egin zuela, harengana jotzen zuen gaixo kopurua ikusita Tarazonara ihes egin zuen arte, ospetik ihesi.

Herri horretako katedraleko kleriko moduan aritu ondoren, Tarazonako elizbarrutiko apezpiku ere izan zen. Han, ezagun egin zen Burgo de Osmako Apezpikutzaren eta kleroen artean bitarteko aritzeagatik, haien arteko harremanak berregiteko. Soriako udalerri horretan hil zen, eta Monte Laturceko (Clavijo, Errioxa) kobazulo batean ehortzi zuten.