euskaraespañol

«Garrantzitsua da gure euskara-ikas prozesuaz barre egitea»

David J. Fogarty eta Barry Manley irlandarrek, UPV/EHUko Euskaraldian parte hartuko baitute non 30 ekimen baino gehiago antolatuta dauden

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/30

Irudia
David J. Fogarty eta Barry Manley (Argazkia: UPV/EHU)


UPV/EHUk Euskaraldiarekin bat egin du, unibertsitateko kideen artean euskararen erabilera bultzatzeko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra,  (Euskararen eguna) bitartean gauzatuko da. UPV/EHUk 30 jarduera baino gehiago antolatu ditu hiru campusetan zehar, besteak beste, UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Doktorea David J. Fogarty proposatutakoak. Horietariko bat da bere aberkide Barry Manley irlandar umoristaren bakarrizketa, bere euskara ikasteko prozesuari buruzkoa. David J. Fogarty zein Barry Manley duela 20 urte etorri ziren Irlandatik Euskal Herrira eta euskara ikasteko abenturan murgildu dira.

  • Nola eta zergatik hasi zineten euskara ikasten?

David J. Fogarty: Orain dela 25 urte etorri nintzen hona, Neurozientzia doktoretza egitera eta orain dela 5 urte hasi nintzen euskara ikasten. Gaztelania menperatzea asko kostatu zitzaidan, baina uste dut gaur egun beharrezkoa dela euskara jakitea. Nire hemengo lagun batek liburu bat opari zidan “Euskara for dummies” eta horrela hasi nintzen esaldi eta hitz txikiak egiten.Geroago, Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuko zuzendari ohiak animatu eta hizkuntz polit hau ikasteko erraztasuna eman zidan.,. Lehen esan dizun aukerari esker eta egunero bi ordu euskara ikasi ondoren hemen gaude orain!

Barry Manley: Nire izena Barry da, West Corkeko Bandon izeneko herrian jaio nintzen. Gaur egun, Donostian bizi naiz, eta duela 20 urte gutxi gora behera etorri nintzen hona. Euskara  nire kabuz ikasi dut, hau da, ez naiz joan inoiz euskaltegi edo euskarazko klase batera. Auto irakaskuntza izan da nire bidea, eta orain esan al dut euskalduna naizela, euskara dakiena.

Euskalduna naizenez, beti botatzen dut lehenengo hitza euskaraz, leku guztietan, auzoko fruta-dendara joaten naizenean, nahiz eta jakin neska Nikaraguakoa dela, euskaraz hitz egiten diot, nire ustez, horrela da modu onena ohitura hartzeko eta euskara ikasteko.  Galdetzen didatenean ea zergatik hasi nintzen euskara ikasten beti esaten dut gauza bera, Euskal Herrian bizi naizelako eta hemengo hizkuntza delako, orduan uste dut beharrezkoa dela euskara ikastea.

  • Iruditu zaizue zaila euskara ikastea?

D: Nire ustez euskara ez da zaila. Alde batetik, euskara hizkuntza oso zaharra da, baina bestetik euskara batua oso gaztea, eta gaztea denez, oso zentzuzkoa eta koherentea da. Gainera, hitzak oso esanguratsuak dira eta baita oso politak ere, adibidez, elkarrekiko erakargarritasuna.Askotan, zailena izango litzateke aditza behar den lekuan jartzea edo esaldiak ondo ordenatzea.

B: Nik bakarrizketak egiten ditudanez, hitz batzuk aztertu behar ditut, ea nondik datozen jakiteko, eta horrek lagundu dit asko. Davidek esan duen bezala, uste dut hitz gehienak oso esanguratsuak direla. Adibidez, emankorra ala eskuzabala edo maiteminduta. Nire emanaldietan jokoak egiten ditut hitz hauekin eta hitzen jatorriekin. Hala ere, ez dut uste hizkuntza ikastea zaila denik.

  • Barry, zu umorista zara, baina nola hasi zinen mundu honetan eta ausartu zinen euskaraz egitea?

B: Ni naiz sortzailea, ni idazlea naiz eta duela 21 urte argitaratu nuen ingelesez ‘New Europeans’ liburua. Unibertsitatea amaitu bezain laster, eta Irlandako krisialditik aldendu nahirik, 22 urterekin Irunera joan nintzen ingeleseko irakasle lan egiteko. Geroago, Euskal Herrian geratzea eta euskara ikastea erabaki nuen. Gainera Lagun batek esan zidan, etorri gure gaztetxera eta egin bakarrizketa bat, hori izan zen abiapuntua. 

  • Zer pentsatu zenuten euskara lehen aldiz entzutean?

D: Guztiz ulertezina zela, ez daukalako zer ikusirik ingelesarekin, erdararekin, frantsesarekin, ezta  gaelikoarekin ere ... Oso bitxia zela pentsatu nuen.  

B: Lehen aldiz euskara entzutean hitz eta esaldi oso luzeak zirela pentsatu nuen, baina hala era erakarri ninduen. Geroago, nire kabuz hasi nintzen euskarazko telesailak ikusten, liburuak irakurtzen eta musika entzuten. 

  • Uste duzue aukera berdinak daudela euskaraz hitz egiteko Bilbon eta Donostian?

D: Kontatuko dizuet orain pare bat urte gertatu zitzaidana (barrezka)!, Bilbon nengoen eta nire euskarazko irakaslearekin kafe bat hartzera joan nintzen klase amaitu ondoren. Ausartu nintzen euskaraz eskatzera: “Kafe bat izotzarekin”, esan nion zerbitzaileari, eta erantzun zidan “¿Qué ese eso? ¿Un cortado?”. Garbi utzi zuen aukera gutxi daudela euskaraz hitz egiteko eta uste dut Euskaraldia aukera ezin hobea dela egoera hau hobetzeko.

  • Euskaraldiari begira, zer prestatu duzue?

D: Batzuk. Gure lehenengo asmoa da babesleku bat edukitzeko ostalaritzako jantokiko bazter batean, “Multilingualtxoko” izenekoa. Euskaraz hitz egin nahi duena bertara sar daiteke, eta Euskaraldia amaitu ondoren, ingelesa praktikatu nahi dutenek ingelesa praktikatu ahalko dute bertan. Bigarren eta hirugarren hizkuntzak praktikatzeko babeslekua izango da. Esan dudan bezala, Euskaraldia bukatutakoan, jarraitu ahal dute beste hizkuntza batean, ingeles adibidez edo beste hizkuntza batean. Ekintza hau ez da hiltzen Euskaraldia amaitzen denean.

Bigarren ekintza Etxepare Euskal Institutuarekin batera prestatu dugu, nazioarteko sare txiki bat sortzen ari gara, hemengo euskaldun berriontzat(B2 eta C1 mailakoak) eta atzerrian euskara ikasten ari direnentzat(oro har, A1 eta A2 mailakoak). Hizkuntza bikoteak sortuko dira, eta 11 egunotan Whatsappen bidez bidaliko dira bizpahiru esaldi. Euskaraldia bukatzean jarraitu ahal izango dute beste hizkuntza batean. Horrela “irakaslea” ikasle bihurtuko da.

Azken ekintza, Barryren bakarrizketa da. Azaroaren 27an Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan egin da. Gure umoristak azalduko digu hobeto.

B: Lehen eta behin eskerrak eman nahi dizkiot David-ri. Zortzi urte daramatzat bakarrizketak eta show hauek egiten, baina aurten hasi naiz gozatzen. Lehen beharrezkoa ikusten nuen galdetzea ea ulertzen zuten, baina orain badakit jendeak ulertzen duela. Hona etortzea ohore bat da niretzat eta nire egitasmoa da barre eragitea. Daukagun materialarekin, jendearekin eta hizkuntzarekin soberan dago. Irlandar bat bakarrizketa bat egiten eta euskaraz esatea nahikoa da.

  • Euskaldunei barre eragitea erraza da?

B: Bai noski, euskaldunak ondo ezagutu behar dira, baina lor daiteke. Nik esaten dute nire euskara ez dela batua baizik eta batido. 

D: Umoreari buruz hitz egiten, uste dut oso garrantzitsua dela gure ikas prozesuaz barre egitea, hanka sartu behar dugu, askotan lotsa ematen digu, baina horrela ikasten da. Lotsa oztopo handia da, eta hori kendu behar dugu.

  • Zer uste duzue Euskaraldiari buruz?

B: Uste dut ekimen aparta dela. Baina hori bai, nik ez dut behar Euskaraldirik, lehen esan dudan bezala nire lehenengo hitza beti da euskaraz. Baina uste dut beharrezkoa dela gaur egungo gizarteari begira.

D: Daukagun egoera nolabait latza edo delikatua da, ingeles da menperatzailea ia arlo guztietan, TVn, irratian, Interneten, jakina. Hausnartu behar dugu ea nola babestu ahal dugun hizkuntza hauskor hau, jende askok maite duen hizkuntza hori, hizkuntza dominanteak zapaltzen ez dezan. Zer egin dezake David honek Goliat horren kontra? Komenigarria da praktika multilingualak bultzatzea gure jendartean; hizkuntzek ere elkarbizitzen ikasi behar dute! Hori da gure EHUko “Multilingual Txoko”ren helburua. Horregatik oso ideia ona da Euskaraldia.

B: Gustatuko litzaidake esatea euskara dela nire eta gure pasioa, ez nuen inoiz pentsatu hemen biziko nintzela eta gainera bakarrizketak euskaraz egingo nituela.