euskaraespañol

Doktoregaia eta Oihenart Aforismoen VIII. Lehiaketaren irabazlea

Juan Ramón Alberdi: «Gauza gehiegi galdu ditut eta, horregatik, beharrezkoa zait gelditu zaidana aprobetxatzea»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/06

Irudia
Juan Ramón Alberdi. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

«Gauza gehiegi galdu ditut eta, horregatik, beharrezkoa zait gelditu zaidana aprobetxatzea; eta asko gelditu zait, hainbeste, eze egunero harritzen naizen». Zintzo eta garbi hitz egin digu Juan Ramón Alberdik, Oihenart Aforismoen VIII. Lehiaketaren irabazleak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko doktoregaiak. Juan Ramónek bizkarrezur-muineko lesio bat izan zuen 2007an. Zuhaitz batzuk kimatzen ari zela, erori egin zen, eta bat-batean bizitza aldatu zitzaion.

Hainbat hilabetez errehabilitazioa egin ondoren, idazten berriz ikasi behar izan zuen eta, besteak beste, poesia eta ipuin laburrak sortzen egin zuen. Alta eman ziotenean, ordea, amildegian ikusi zuen bere burua. Zer egin ordutik aurrera? Emaztea 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko prozesurako prestatzen ari zen, eta berak ere azterketetarako ikastea erabaki zuen. Halaxe hasi zuen Euskal Herriko Unibertsitateko ibilbidea. «Zirraragarria eta pozgarria», ikasle heldu honen hitzetan. Gizarte Antropologiako Gradua eta Gizarte Antropologiako Masterra amaitu ondoren, Juan Ramón desgaitasunari buruzko doktoregoa egiten ari da.

Inoiz ez zenuen unibertsitateko gradu bat ikastea pentsatu?

Ez zitzaidan inoiz burutik pasatu. 15 urte nituela utzi nion ikasteari, lanean hasteko: aroztegi baten, lehenik, eta egur- eta ikatz-sukaldeak fabrikatzen ondoren, baserriko lanekin uztartuz.

2007. urtean bizitza aldatu zitzaizun.

Erabat. Baserrian zuhaitzak kimatzen ari nintzela, erori egin nintzen. Momentuan bertan pentsatu nuen lesio larria nuela, eta ez nintzen erratu. Zenbait hilabete egin nituen Donostiako ospitalean eta, beste batzuk, Gurutzetakoan. Ondoren, terapia okupazionala egin nuen. Gauza asko egiten ikasi behar nuen berriro, haien artean, idaztea. Halaxe hasi nintzen ipuin laburrak, poesia eta abar idazten. Baina alta eman zidatenean, nire bizitzarekin zer egin zalantzan egon nintzen.

Orduan bururatu zitzaizun emaztearekin batera unibertsitatera sartzeko bideari ekitea.

Emaztea ikasten ari zen, unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako sarrera-proba gainditzeko. 45 urtetik gorakoenak irakasgai gutxiago zituenez eta nire kasua horixe zenez, egingarria iruditu zitzaidan, eta ni ere horretan jartzea erabaki nuen. Banituen beldur batzuk. Nire ezagutzak gutxiegi zirela uste nuen. Hala ere, kalifikazio altuaz gainditu nuen proba eta, unibertsitateko abenturak sortzen zizkidan zalantzak argitzeko, UPV/EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzura jo nuen. Aholkularitza eman zidaten, eta Antropologiako gradua ikastera animatu nintzen.

Nolakoa izan zen lehen eskola-eguna?

Hasteaz bat, buruko eskema guztiak apurtu zizkidaten (barre egin du lehen egunaz oroitzean). Aita Barandiarani eta gure jatorriei buruz hitz egiten hasiko zirela uste nuen, baina eskola Platonez eta Errepublikaz hitz egiten hasi zuten. Antropologian, identitatea, generoa, feminismoa, gutxiengoen borroka eta antzeko gaiak bestelako ikuspegi batetik eta grinaz tratatzen irakatsi zidaten. Bete-betean asmatu nuen, zalantzarik gabe. Kalifikazio bikainekin eta prestatzen jarraitzeko gogo argiarekin amaitu nuen gradua. Izan ere, hasieran esfortzu handia izan bazen ere, ondoren nire bizitzako parte bihurtu zen eta asko disfrutatu nuen. Horregatik, graduaren ostean, Gizarte Antropologiako masterra ikasi nuen. Master amaierako lana identitateari buruz idatzi nuen; hain zuzen ere, toki bateko parte noiz sentitzen garen jorratu nuen. Masterraren ostean, urte sabatikoa hartu nuen. Jomugarik gabe, egunak luzeegiak egiten zitzaizkidan; beraz, duela bi urte ikasgelara itzuli nintzen, eta ezgaitasunari buruzko doktoregoa hasi nuen partzialki.

Oraindik isilpeko bazterkeria dago desgaitasunak dituzten pertsonekin»

Laguntzarik izan duzu bide honetan?

Bai, noski. Gradua ikasten ari nintzela, azterketei erantzuteko denbora gehiago ematen zidaten, eta eskoletan, eskuetako mugimendu murriztuaren ondorioz, motelago eta esaldiak sintetizatuz idazten nuen. Gero, etxean, irakasleek gomendatutako testuak irakurtzen eta lantzen nituen. Masterra ikastean eta orain, doktoregoan, Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako UPV/EHUko Zerbitzuak laguntza handia eman dit.

Desgaitasuna da, hain zuzen ere, zure doktoregoaren gai nagusia.

Bai, hala da. Iruditzen zait desgaitasunen bat dugun pertsonak garela egokienak gizarteari ezgaitasuna zer den azaltzeko. Zubiak eraiki behar ditugu, gizartea oso gutxi aldatu delako, eta negatiboa izango balitz bezala ulertzen jarraitzen duelako. Oraindik isilpeko bazterkeria dago, eta zor zaigun duintasuna axolagabekeriaren, errukiaren eta paternalismoaren artean galtzen da. Ni ere, nahi gabe, halakoa nintzen jakin gabe, istripuaren aurretik. Aurreiritziak nituen. Baina orain badakit normalizatzen ikastea zer garrantzitsua den. Eta, normalizazio prozesu horretan, prestakuntza funtsezkoa da. Euskal Herriko Unibertsitateak erakutsi dit denontzako unibertsitatea dela. Desgaitasunen bat duten pertsonek jakin behar dute nahi izanez gero ikasteko aukera dutela. Iruditzen zait pertsona hobea naizela orain, ez horren egoista. Hala ere, egia esateko, aurrera jarraitzeko gogoa familiaren parte da, zalantzarik gabe.