"Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn”: ikusten eta entzuten dena ez da dirudien bezalakoa

UPV/EHUk 2019ko Zientzia Astearen barruan antolatutako jarduera tematiko honek ilusio optiko eta akustikoen fenomenoa landuko du, azalpen zientifikoak emanda

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/15

Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn.
Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes, UPV/EHU

Zientzia Astea hasi aurreko hiru asteetan, hain zuzen, gaurtik, urriak 15, eta azaroaren 3ra bitartean, ilusioz eta zientziaz beteko da UPV/EHUko Bizkaia Aretoa (Abandoibarra 3, Bilbo). “Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn” ekitaldiak eskaintzen dituen jarduerek ilusio optiko eta akustikoen mundu miresgarria oso modu interaktibo, jostagarri eta bisualean ezagutzeko aukera emango dute. Bertaratzen direnek jakin ahal izango dute zergatik eta nola gertatzen diren beti aho zabalik uzten gaituzten anomalia horiek. 

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Patxi Juaristi UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak inauguratu dute jarduera. Gainera, enpresa eta erakunde laguntzaileen ordezkariak ere izan dira ekitaldian; besteak beste, Metro Bilbaoko  Susana Palomino. “Erakusketa honen bidez, zientzia ikasleei hurbiltzeaz eta ongi pasarazteaz gain, ideia bat helarazi nahi diegu: gauzak ez dira beti diruditen bezalakoak, eta gure inguruan gertatzen diren gauza askok, sinestezinak diruditen arren, badute azalpena. Eta zientziak, eta, ondorioz, ikerketak, gauza horiei guztiei erantzuna ematen laguntzen digute. Horregatik, ezinbestekoak dira gure gizarteak aurrera egiteko, bai teknologiaren aldetik bai moralaren aldetik. Eta egiaztatuko duzuen bezala, zientziak ez du zertan aspergarria izan, inondik ere ez”, azpimarratu du Nekane Balluerkak bere hitzaldian. UPV/EHUko errektoreak eskerrak eman dizkie Metro Bilbaori, Iberdrolari eta BBK Fundazioari ekimena bultzatzeagatik.

Erakusketa honek hainbat ilusio mota erakutsiko ditu, eta bertaratzen direnak horiekin esperimentatzera bultzatuko ditu. Fenomeno horiek sinestezinak dirudite, baina badute azalpen zientifikoa; gainera, gure garunaren funtzionamendua hobeto ezagutzen laguntzen digute.  Erakusketaren barruan, ilusio eredu ugari ezagutu ahal izango ditugu; besteak beste, mugimenduarekin lotutakoak, anamorfosiak eta gezurrezkoak diruditen figurak. Matthieu Robert-Ortis eskultore frantses gaztearen bi obra erakutsiko dira (perspektiba ilusioak sortzen dituzten pieza harrigarriak egiten ditu), baita Iberdrola SAk lagatako James Turrell estatubatuarraren holograma bat ere. Mikel Arce UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslearen instalazio akustikoa ere izango da. Hala, agerian utziko da jakintzaren, zientziaren eta, kasu honetan, artearen arlo desberdinak beti erlazionatuta daudela.

Urriko asteburuetan, haurrentzako bi ikuskizun zientifiko egingo dira. ¿Ciencia o magia?, David Ballesteros dibulgatzailearen eskutik, eta Geometría e ilusión con pompas de jabón, Mago Moebiusen eskutik.

Horrez gain, hitzaldiak emango dituzte Manuel Carreirasek (2019ko Espainiako Ikerketa Sariaren irabazlea eta Ikerbasque ikertzailea BCBLn –UPV/EHUren Basque Center on Cognition, Brain and Language–), Amanda Sierrak (Ikerbasque ikertzailea UPV/EHUren Achucharro Basque Center for Neuroscience zentroan) eta Pedro Alegríak (Matematika Saileko irakasle eta ikertzailea UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultatean), ilusioen gaia hiru ikuspuntu desberdinetatik aztertzeko: neurobiologia, neurozientzia kognitiboa eta matematika.

Zehazki, hauek dira “Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn” ekitaldiko jarduerak:

 

Erakusketa:

UPV/EHUko Bizkaia Aretoko lehen solairuan aurkituko duzuen erakusketan dena da ezustea. Zenbait ilusio optiko ezagutuko dituzue, zein baino zein harrigarriagoa, eta ohartuko zarete burmuinak engainatu egiten gaituela eta, askotan, gauzak ez direla diruditen bezalakoak. Ikasiko duzue, gainera, belarriaz ere ezin gaitezkeela fidatu. Burua mataza bat eginda uzten diguten irudiak, formaz aldatzen diren eskulturak, objektu ia magikoak, bideoak eta beste gauza asko; denbora tarte zoragarria pasatzeko modukoak.

Erakusketaren ordutegia:

- Astelehenetik ostiralera: 08:00-20:00
-Larunbatetan: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00
-Igande eta jaiegunetan: 10:00-14:00


Ikuskizunak
Bi asteburutan, doako ikuskizun zientifikoak izango ditugu, batez ere 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduak. Asko ikasiko dute ekintzetan parte hartuz eta modu jostagarrian, ederto pasatuko dute, eta zientziarekin liluratuko dira.   Ikuskizunak UPV/EHUko Bizkaia Aretoan izango dira, egun eta ordu hauetan:

¿Ciencia o magia?, David Ballesterosekin. Modu dinamiko eta esperimentalean, erakustaldi harrigarriak egingo dizkigu, eta metodo zientifikoa erabiliko du azalpenak emateko. Besteak beste, ura ardo bihurtuko dugu, globoen propietate magikoak ezagutuko ditugu, une «elektrizatzaileak» biziko ditugu eta formak sortuko ditugu airean.

-Urriaren 19an (larunbata), 18:00etan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

-Urriaren 20an (igandea), 11:30ean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

Sarrera librea leku guztiak bete arte.

 

Geometría e ilusión con pompas de jabón, Mago Moebiusekin. Chef Pompée pertsonaiaren bitartez, xaboi burbuilez egindako forma geometrikoen eta ilusioen sorta aberatsa eskainiko digu. Errealitate birtualaz ere baliatuko da figura horietako batzuk sortzeko, erraldoi bihurtzeko eta haien barruan hegan egiteko.

-Urriaren 26an (larunbata), 18:00etan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

-Urriaren 27an (igandea), 11:30ean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

Sarrera librea leku guztiak bete arte.

Hitzaldi zikloa

-Urriak 16: Las ilusiones del lenguaje, Manuel Carreiras, Ikerbasque ikertzailea BCBLn (Basque Center on Cognition, Brain and Language, UPV/EHU). Hizkuntzaren bidez engainuak eta ilusioak sor daitezke. Hitzaldian azalduko digu nola argitu daitezkeen hizkuntzaren sekretuak ilusioen bidez.


-Urriak 22: Tu cerebro te engaña: un viaje desde la sensación hasta las ilusiones sensoriales, Amanda Sierra, Ikerbasque ikertzailea Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan (UPV/EHU). Egia al da ikusten eta sentitzen dugun guztia? Edo gure garunak inguruaz egiten dituen interpretazioen esklabo gara? Errealitatearen eta pertzepzioaren arteko aldeaz arituko gara hitzaldi honetan, neurobiologo baten ikuspegitik.


- Urriak 30: El chocolate infinito y otras des-ilusiones, Pedro Alegría, Matematika Saileko irakasle eta ikertzailea (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU). Hitzaldi honetan ibilbide historikoa egingo dugu nolabaiteko itxura paradoxikoa duten disekzio geometrikoen problema batzuetan.

 

Hitzaldi guztiak UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Oteiza gelan izango dira, eta 19:00etan hasiko dira.  Sarrera librea leku guztiak bete arte.

Zientzia Asteko jarduera guztiak doakoak dira

Era berean, ikastetxeei zuzendutako doako bisita gidatuak antolatu dira. Bisitetan parte hartzen dutenei ilusio optiko eta akustikoei buruzko oinarrizko ezagutzak era ludiko eta bisualean jakinaraztea dute helburu. Bisitak goizez izango dira. Guztira bost egingo dira, eta dagoeneko beteta daude talde guztiak. Horrek esan nahi du 3.000 ikasle inguruk bisitatuko dutela erakusketa.

Informazio guztia hemen: www.zientzia-astea.eus