euskaraespañol

“Intxaurrondo memoria historikoaren bisitarako lekua izan beharko litzateke”

Chato Galantek, ‘Billy el niño’-ren biktimak eta Josu Ibargutxik, Euskal Herriko memoria historikoaren Herri Ekimen Legegilearen bultzatzaileak mahai inguru batean parte hartu dute UPV/EHUn

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/23

Irudia
Chato Galante, "El Silencio de Otros" dokumentalaren protagonista. Argazkia: UPV/EHU

Arte Ederren Fakultateko ikasle eta irakasleek parte hartu dute ‘El silencio de otros’ Frankismoaren biktimei buruzko dokumentalaren eta Bego Vicarioren desagertuei buruzko ‘Areka’ pelikula laburraren proiekzioaren ostean egin duten mahai inguruan, filmeen protagonistekin batera. Chato Galantek, dokumentalaren protagonista eta Josu Ibargutxi Segoviako espetxeko ihesaldian parte hartu zuenak eta gaur egun Euskal Herriko memoria historikoaren herri ekimen legegilearen sustatzaileak justizia aldarrikatu dute, “biktimen erreparazioa eta egia”. Halaber, gauza askoren artean, beraien unibertsitateko garaiei buruz ere hitz egin dute.

“Trantsizioarekin ahazteko paktu bat hedatu zen, eta gertatutakoaren kontakizun faltsuaren gainean eraiki da trantsizio hori. Paktu honetara bildu dira diktadurak gehien zapaldu zituen alderdiak ere”, adierazi du Chato Galantek. “PSOEk beste alde batera begiratzen du beraiek ere frankismoaren poliziaren oinordekoa erabili dutelako beraien mesedetan”, gaineratu du.

Frankismoaren sinboloei buruz inork ez duela ezer egin salatu du, alderdi politiko batek ere ez. “Argentinan egon ginenean torturatzen eta heriotzaren hegaldiak (atxilotuak bizirik botatzen zituzten itsasora hegazkinetatik) prestatzen ziren tokiak bisitatu genituen, ondo legoke ‘El Valle de los Caídos’ edo Itxaurrondo adibidez bisitatu ahal izatea memoria historikoaren leku bezala”.

Biak bat datoz benetako erreparazioa eta adiskidetzea lortzeko “gizartearen presioa funtsezkoa” dela eta presio horrek “unibertsitateak eduki ditzake iturburu gisa”. Galantek ikasleei azaldu die nola bizi izan zuen berak bere unibertsitate garaia “67an unibertsitatera heldu nintzenean ezin zenuen nahi zenuena irakurri, ezin zenituen gauza asko egin eta nahiz eta jada ez zen derrigorrezkoa sindikatu frankistan izena ematea, baina ikasleok sindikatu propioa sortzen saiatu ginenean bederatzi ikasle erail zituzten”.

"Alfonbrak altxatu behar dira beldurra galtzeko"

“Dokumentala zuen gurasoei jarri behar diezue eta etxean gertatu zenari buruz hitz egin”, azpimarratu du Ibargutxik. “Altxatu behar dituzue etxeko alfonbrak beldurra galtzeko; errepresio frankista bizi izan zuten askok ez baitute etxean ezer kontatu”. “Lekukoa oraindik badaukagu etxean baina ez da luzaroan egongo”, ohartarazi du Bego Vicariok, Arte Ederren Fakultateko irakasle eta proiekzioan ere ikusi den ‘Areka’ film laburraren zuzendariak eskaera horren harira.

Dokumentala besapean, Chato Galante Europan zehar dabil eta arrakasta izugarria ari da izaten: “askok ezagutzen ez zuten errealitatea deskubritu dute izan ere Europako Parlamentuan erregimen totalitario bi daude aitortuta soilik, Nazismoa eta Estalinismoa; baina Frankismoaren arrastorik ez dago, Europa eta nazioarte mailako justiziak duen konpondu gabeko beste hutsune bat”.