euskaraespañol

Ana Justel, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Matematika Sailean Estatistikako irakasle titularra

«Zazpi kanpaina dira jada Antartikoan eta oso garbi daukat zenbat balio duen datu batek»

Bere ikerketak diziplina anitzeko izaera du, eta estatistika matematiko eta konputazionaleko ekarpenez gain, biologia, ekologia eta ekonomiako ekarpenak ere baditu.

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/07

Irudia
Ana Jusel Antartikoan ikertzeko MICROAIRPOLAR proiektuko zuzendarietako bat da

50 zientzia- eta dibulgazio-artikulutik gora argitaratu ditu eta ikerketa- eta irakaskuntza-egonaldiak egin ditu atzerriko hainbat unibertsitatetan, hala nola, Duke University-n (AEB), Université Paris-Dauphine-en (Frantzia) eta Université Catholique de Louvain-en (Belgikan).

Gaur egun,  Antartikoan ikertzeko MICROAIRPOLAR proiektuko zuzendarietako bat da; proiektua Ikerketarako Estatuko Agentziak (AEIk) finantzatzen du. 15 urtetan zehar, Espainiako Programa Antartikoaren zazpi kanpainatan esperimentuak diseinatzen eta datuak hartzen parte hartu du, baita Byers Nazioarteko Kanpamenduan eta BIO Hespérides-en ere. Maiatzaren 18an Basque Center for Applied Mathematics bisitatu zuen, BCAM-UPV/EHU Estatistika Aplikatuko mintegietako bat eskaintzeko, eta uneaz baliatuaz, bere jardun zientifikoari buruz eta egun Antartikoan zuzentzen duen proiektuari buruz galdera batzuk egin genizkion.

Hitz egin dezagun zure ibilbide profesionalaz, zergatik hautatu zenuen Matematikak ikastea, eta zergatik jo zenuen Estatistikarantz?

Gauza asko pasa dira ordutik, ia ez dut gogoratzen nola iritsi nintzen matematiketara. Zientzia guztiak gustatzen zitzaizkidan, baina matematikak ziren dibertigarrienak niretzat. Estatistikak benetako arazoetara hurbiltzen delako erakarri ninduen, eta toki guztietan zegoen gainera. Matematiken ate bat izanik, mundu zientifiko eta sozialera irekita zegoela ikusi nuen. Karrera amaituta, ekonomiako doktoretza egiteari ekin nion.

«Klima-aldaketari buruzko txostenak milioika datu, eredu matematiko eta proba estatistikotan oinarritzen dira»

Madrilgo Unibertsitate Autonomoan irakasle zara eta, aldi berean, Antartikora espedizio zientifikoak egiten dituzu. Nola amaitu zuen matematikari batek Hego Poloan?

Alde batetik, kasualitatez, eta beste alde handi batetik, zientziekiko gogo bizi eta kuriositateagatik. Antartikoan lanean ari ziren proiektu bateko datuak aztertzen laguntzeko eskatu zidaten, eta baietz esan nuen. Azkenean, datuak nire eskuekin hartzen hasi nintzen. 7 kanpaina dira jada eta oso garbi daukat zenbat balio duen datu batek.

AEMET-en Antartikoko XXXI Kanpainatik etorri berri zara. Nolakoa izan da esperientzia? Nolakoa da halako muturreko baldintzetan bizitzea?

Han bizitza oso intensoa da, ia ez dugu eguraldi txarrean pentsatzeko astirik ere, ezta Antartikoan bereziki babestutako gune bateko kanpamendu batean bizitzeak esan nahi duen deserosotasun guztietan pentsatzeko ere. Landa-azterketa egiteko minutu oro aprobetxatu behar dugu, eta beti gure aukeren eta meteorologiak uzten digunaren gainetik planifikatzen dugu. Azken kanpaina aurrekoak baino zertxobait gogorragoa izan da. Sasoi amaiera hurbil genuen eta egunak gero eta laburragoak ziren. Eguraldia ere beste kanpainetan baino okerragoa izan da. Gainera, kanpaina amaiera, zoritxarrez, uste baino lehen heldu zen. Hala ere, bitxiena da, bertan egun batzuk igaro ostean, guztiok pentsatzen genuela Byers Kanpamenduan ondo bizi daitekeela.

MICROAIRPOLAR proiektuko Ikerlari Nagusia zara. Zertan datza proiektuak?

Diziplina anitzeko proiektua da, eta helburu nagusia Antartikoan mikroorganismo aerotransportatuen sakabanaketa eta kolonizatzeko gaitasuna aztertzea da. Glaziarren atzerakadagatik arriskugarri dauden zoruen kolonizazioa nola gertatzen den jakiteko, eta hori gero eta ohikoagoa da klima-aldaketaren ondorioz, poloko zonaldeetan aire-masaren mugimenduen ezagutzan sakontzea eta datu bolumen handia duten arazoak jorratzeko tresna estatistiko berriak garatzea behar dugu. Taldean AEMETeko biologoak, informatikariak eta meteorologoak ditugu.

Zein da zure funtzioa proiektuan?

Antartikoko baseetan eta Hespérides Ontzian egonaldian egiten diren proiektuetan, IPek gure kanpainak antolatu eta beste proiektuekin jardueren koordinaziorako bileretan parte hartzen dugu. Helburuak definitu behar dira, protokoloak egin, materialak portuetara eraman, handik gu baino hilabete lehenago ontziak ateratzen direlako, arropa erosi, baimenak eskatu, txosten bereziak egin, etab. Eta, nola ez, garrantzitsuena, kanpainetan eta ikerketa osoan aktiboki koordinatu eta lan egin behar da, lehenago eta geroago, helburu zientifikoak lortu ahal izateko. Ez da ahaztu behar ikerketa-proiektuetan pairatu ohi dugun burokrazia guztia. Zorionez, ez nago bakarrik, lana Antonio Quesada kidearekin partekatzen dut, bera IP biologoa da, Antartikoan esperientzia zabala duen biologo aditua da.

Garrantzitsuak al dira matematikak klima-aldaketaren aurkako borrokan? Zer ekarpen egin dezake estatistikak?

IPCC txostenak (Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taula) argiak dira, nahikoa froga dago tenperaturek gora egiten dutela gizakiaren ekintzen ondorioz. Klima-aldaketari buruzko txostenak milioika datu, eredu matematiko eta proba estatistikotan oinarritzen dira. Orain dagokiguna da komunitate zientifiko osoa batzea, datu-modelizazio eta -analisirako tresnak eskaintzeko, klima-aldaketak Lur planetaren bizitzan izango dituen ondorioak aurreikusi eta prebenitzeko.

Zeintzuk dira hemendik aurrera dituzun proiektuak?

Oraintxe bertan proiektu honetan nago buru-belarri, hasi berri gara. Erronka izugarria da diziplina askotako pertsonekin batera lan egitea, gogo bizikoak guztiak, eta ez dut etorkizunean pentsatzeko asti handirik. Antartikoan ez gaude inoiz geldirik, eta hurrengo kanpaina antolatzen ari gara jada. Gure asmoa datorren otsailean Byers Kanpamendura joatea da, aurtengo lanak osatzera, eta Antartikoko Penintsulan zoru eta aeronabegnateen laginketa ere egingo dugu. Horretarako, Hespérides Ontzitik egingo dugu lan.