euskaraespañol

“Etxeko zerbitzuko lan esplotazioa datu ofizialek erakusten dutena baino zabalduago dago”

Etxeko zerbitzuaren eremuko gizakien salerosketaren delituan sakondu du Leire Berasaluzek bere doktorego tesian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/03

Irudia
Leire Berasaluce. Argazkia: UPV/EHU

Leire Berasaluze Gerrikagoitia Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiako lehen promozioko ikaslea izan zen eta bere tesia defendatu duen promozio hartako lehena; honako hau, zehazki: ‘Trata de seres humanos con fines de explotación laboral y protección de las víctimas: con especial atención al fenómeno en el ámbito del servicio doméstico’ (‘Lan-esplotazio xedez eginiko gizakien salerosketa eta biktimak babestea: arreta bereziki etxeko zerbitzuaren eremuan jarrita’). Tesiaren zuzendari honako hauek aritu dira: batetik, José Luis de la Cuesta, Zigor Zuzenbideko katedraduna, Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria eta Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkartearen ohorezko presidentea, eta bestetik, Ana Isabel Pérez Machío irakaslea, Zuzenbideko katedradun entzutetsua eta UPV/EHUren Zuzenbide Fakultateko idazkari akademikoa.

Azterlan horretan, Leire Berasaluzek gizakien salerosketaren delituan sakondu du, eta etxeko zerbitzuaren esparruan gertatzen diren laneko esplotazioko kasurik larrienetan arreta jartzea izan du helburu. “Sexu esplotaziorako xedez eginiko gizakien salerosketari buruz, kuantitatiboki, bibliografia ugaria badago ere, egia esateko, gaur egun, oso gutxi aztertu da oraindik lan esplotaziorako xedea duen gizakien salerosketa. Espainiako ordenamendu juridikoan gai horren inguruko kasu jurisprudentzial batzuk planteatu badira ere, kondena epaiak ez dira asko. Izan ere, enplegu indize handiko sektore bat bada ere, benetako zifrak zail dira kuantifikatzen, lan sektore horrek ezkutuko ekonomia laguntzen baitu; izan ere, familia etxeetan egindako lana denez, ikusgaitasuna trabatzen du horrek, eta bide ematen du lan kontraturik ez egoteko eta egoera irregularra duten pertsonak enplegatzeko”.

Leire Berasaluzeren iritziz, lan eremu horretan honako faktore hauek eragiten dute esplotazioa:  lantokia bera, “enplegatzailearen eta enplegatuaren arteko botere aldea, etxeko zerbitzuaren ‘inproduktibitate’ ekonomikoa, immigrazio irregularra eta egin beharreko zereginen heterogeneotasuna. Gainera, itxura guztiaren arabera, Espainiako etxeko zerbitzuan lan esplotaziorako xedez eginiko salerosketa praktika hedatuagoa da, datu ofizialek erakusten dutena baino, fenomenoa gertatzen den eremuak zer izaera duen kontuan hartuta: familia etxea”.

Zuzenbideko doktore berriak honako hau ere gehitu du: “nazioartean, 2000tik gizakien salerosketaren kontzeptu zabala erabiltzen bada ere, Espainiako ordenamendu juridikoan ohikoa izaten da salerosketa ikuspegi mugatu batetik jorratzea. Tratamendu bereizi horrek ondorio garrantzitsuak ditu biktimentzat aurreikusitako laguntza neurrietan: horregatik, gizakien salerosketa ikuspegi osotik eta integraletik jorratu behar da. Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2019an argitaratu zituen datuei begiratuz gero, 2013tik 2018ra bitartean 1.181 biktimak pairatu dute sexu esplotaziorako xedez eginiko salerosketa, eta 594 izan dira, berriz, lan esplotaziorako xedeko salerosketaren biktima: biktima kopuru txikiagoa bada ere, praktika horren errealitatea alde batera uzteko bezain txikia ez da, ordea; horietatik % 14 etxeko zerbitzuaren salerosketaren biktima dira”.

Hori horrela, ikerketa sustatu beharra dago, Leire Berasaluzeren ustez, etxeko langileen errealitatea ezagutzeko, baita etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakumeen eta etorkinen elkarteak eta biktimei laguntza ematen dieten GKEak ere. “Gizakien salerosketa bezalako fenomeno hain konplexu bati heltzeko, biktimen giza eskubideetan oinarritutako estrategia batetik abiatu beharko ginateke, eta diziplina anitzeko tratamendu osoa eman, biktima guztiak, eta ez kolektibo bakar bat, babesten direla bermatzeko, eta administrazio egoera irregularrean daudenen zaintza Justizia Administrazioari laguntzeko baldintzapean egon ez dadin. Horretarako, tesian lege corpus bat planteatzen dut prebentzioaren, profesionalen prestakuntzaren eta haren berritze osoaren ikuspegitik.