euskaraespañol

Naiara Bilbao Quintana eta Arantzazu López de la Serna

Gaur egun, ikasleak pandemia baino lehen bezala ebaluatu al litezke?

Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/17

Irudia
Arantzazu López de la Serna eta Naiara Bilbao Quintana. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19aren hedapen bizkorrak eragin duen pandemia globalak aldaketa ekarri du otu dakizkigukeen arlo guztien jarduteko moduetan; hezkuntza izan da, apika, berrantolaketa sozial, profesional eta akademiko horrek inpaktu handiena izan duen arloetako bat.

Egoera horren ondorio harrigarrienetako bat izan da autonomia erkidego batzuetako hezkuntzako agintariek «dekretuz» erabaki dutela hirugarren ebaluazioa kontuan ez hartzea, edo ez behintzat gainerako ebaluazioen proportzio berean, ikasleen errendimendu akademikoa aztertzeko garaian.

Erabaki horretatik ondorioztatzen dena da ezinezkoa dela ikaskuntza-irakaskuntza prozesua eraginkortasunez gauzatu ingurune birtualean; alegia, edukien transmisioa, ikerketa prozesua eta transferentzia ezin dira berme nahikoarekin osatu inguruabar birtualetan.

 

Gaitasunetan oinarritutako ikaskuntza

Hala ere, Jacques Delorsen gaitasunetan oinarritutako ikaskuntza kontzeptuaren oinarrizko printzipioa kontuan hartuta, hau da, ikasleengan transferentzia garapena sustatzea, ez dirudi bateraezina denik. Transferentziak garatzeko, ikasleak dakien eta ezagutzen duen horretan azpimarra egin beharrean, erdietsi dituen gaitasun eta trebetasunak nabarmendu behar dira.

Transferentzia da ikasitakoa inguruabar berri eta desberdin batean aplikatzeko gaitasuna. Hots, norbanakoa egoera askori aurre egiteko gaitzen duen gaitasuna.

 

Zer esan nahi da «prestakuntza izaerakoa» horrekin?

Gogora ekarri behar da, gainera, hezkuntza sisteman indarrean den araudiaren arabera, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren barnean, prestakuntza izaerako ebaluazio jarraitua proposatu behar dela. Alegia, feedbacka eman behar zaio etengabe ikasleari, ez soilik kalifikatzeko, baizik baita ulermenean hobetu eta aurrera egiteko ere.

Era berean, ikaskuntzan hobetzen lagundu behar zaio, ebaluazioa egoki egin bada, norbanakoaren jardunaren balorazioa era automatikoan zertzen delako. Ikaskuntzaren erantzukizuna, beraz, irakasleek eta ikasleek partekatzen dute.

Ikuspegi horrekin (eta beste edozeinekin), ikasleei ebaluazio irizpide argi, garrantzizko, berariazko eta, batez ere, publikoak eskainiko zaizkie. Gainera, agerian egon beharko dira prozesu osoan zehar.

Ebaluazio planteamendu horren ondorio berehalakoenetako bat da ikasleak kalitatezko lan batek dakarren guztiaz jabetzen direla, ondo jabetu ere; ikaskuntza prozesu osoan zehar, une orotan dakite ondo egindako lanak zer eskatzen duen, eta, ondorioz, zein diren hobetu beharreko zereginak.

 

Ebaluazio mota horren ondorioak

Ebaluazio jarraituak feedbacka behar du (hala irakaslearen aldetik, nola berdinen aldetik), eta prozesu osoan egon behar da. Ebaluazio adierazleak zehaztu behar dira, unitatearen helburu didaktikoekin lotura argi eta zuzena izan beharko dutenak. Adierazle horiei esker, ikasleak zenbatean egin duen aurrera ebaluatu ahalko du, eta horrek, gainera, izaera kritikoa garatzen lagunduko dio.

Lana kalifikatze soilaz harago, hobetzeko iradokizunak eskaini behar dira, ikasleari lana bideratzeko gomendio argiak eskainita. Azkenik, aurretiaz plangintza zehatza egin behar da, ebaluazioari zentzua eman, eta, batik bat, ikaskuntza tresna efikaz bihurtu dadin.

 

Nola egin urrutitik?

Irakasleak, noski, aurreko horiek guztiak urrutitik zer-nola egin galdetzen dio bere buruari. Zer baliabide dituen eskura, helburuak betetzen ari diren jakiteko; ikasleak ikasten ari diren, egungo inguruabarren konplexutasuna kontuan hartuta. Bestela esanda, etxeko ikaskuntza ez ote den ikaskuntza sakon eta, ondorioz, iraunkor batera bideratutako hezkuntzaren berezko helburuari bizkar ematea.

Gaitasunetan oinarritutako ikaskuntza arautzen duten printzipioak aplikatuz gero, egoera berri honetatik eratorritako birtualtasunak ez du ezertan eragozten printzipiook betetzea. Egia da urruntze fisikoak eragina duela ikaskuntzaren sozializazio beharrezkoan, eta, esan gabe doa, teknologia eskura izatea bera da askotan erronka.

Baina horrek ez du inola ere esan nahi gaitasunen ebaluazio jarraitua ezinezkoa dela. Bi aldeko erronka bati egin beharko zaio aurre. Batetik, printzipio pedagogiko arautzaileak aplikatzen jarraitu behar da, hau da, ikasleak behartu behar dira edukiak arazo bati konponbidea emateko baliabide gisa erabiltzera, ez edukiak helburu gisa ulertzera.

Bestetik, ikasleek dokumentatu ahalko duten ikaskuntza ibilbide bat diseinatu behar da, ibilbide hori behatzeko (eta, ondorioz, zuzendu eta bideratzeko) aukera izan dezagun. Esaterako, karpeta digitalak, irakasleek eskura duten baliabideak, horretarako aukera ematen du.

 

Azterketa memoristikoa

Irakasleak edukietan soilik oinarritutako azterketa memoristiko bat ingurune birtualera eraman nahi badu, baiki, prozesuaren birtualtasunak ez du bermatuko ikasleak aipatu azterketa gogoratzen duenarekin bakarrik egingo duenik. Baina, zein zen helburua? Zein da, hortaz, ebaluazioaren xedea? Azterketa hori bera ikasgelan egitea, irakaslearen begirada ernearen pean, aski da ikaskuntza bermatzeko? Ikasle jakin baten memorizatzeko gaitasuna besterik ez da islatuko.

Aldiz, jarduerara, egiten jakitera eta aplikatzera bideratutako irakaskuntza eredu batek ikaskuntza sendo eta ingurune anitzetarakoa bermatzen du; guretik irtengo diren ikasleak gai izango dira askotariko inguruneetan arazoak ebazteko.

Ikasleek, edonork edo edozein langilek eguneroko jardueran bezala, eskura dituzten baliabide guztiekin arazoak zer-nola konpontzen dituzten ebaluatzera bideratutako azterketak sortzeko agertokiak diseinatu beharko dira.

The Conversation