euskaraespañol

Eguneko irudia

Haurren Hezkuntza Eskubidearen aldeko IX. Jardunaldien ardatz nagusia ezgaitasunak dituzten haurren eskolaratzea izango da

Noiz eta non

Noiztik: 2014/04/07 Noiz arte: 2015/01/22, 09:00 - 09:44

Kokapena

Areto nagusia - Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea
Avenida de Tolosa 70. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia

Deskribapena

Astelehenean, apirilaren 7an, 09:00etatik aurrera, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Areto Nagusian, 'Hezkuntza eskubidearen aldeko jardunaldiak' egingo dira, Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearen barruan, UPV/EHUko Garaian Ikasketa Historiko eta Konparatuetarako Ikerketa Taldeak eta 'Hezkuntza, Kultura eta Gizartea' Prestakuntza eta Ikerkuntza Unitateak antolatuta, Alboanen laguntzarekin; aurtengoa ekimenaren bederatzigarren edizioa izango da.

Egitaraua

  • 09:00etan: Jardunaldien aurkezpena: Parte-hartzaileak:
    • Xabier Etxague, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa
    • Luis María Naya, Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakaslea eta jardunaldien zuzendarikidea
  • 09:15ean: Hezkuntzaren Aldeko Munduko Kanpainaren aurkezpena. Hizlaria: María Lezaun. Alboan
  • 10:15ean: "Las infancias contemporáneas, y los derechos de las niñas y niños." Hizlaria: Matías Cordero UPV/EHUko Zuzenbidearen Soziologian Doktore
  • 11:45ean: Bideoforuma: Hezkuntza guztiontzat. María Lezaun. Alboan

Aurten kanpainak irakasleak izango ditu ardatz, "Gaitasunak batu ditzagun. Hezkuntza inklusiboa jasotzeko eskubidearen alde" lelopean, eta hezkuntzan inolako bazterketa motarik ez izateak duen garrantzia nabarmendu nahi du. Hala, lehen hezkuntza unibertsala lortzeko funtsezkoa da ezgaitasunak dituzten haurren hezkuntzari arreta gehiago eskaintzea. "Errenta baxu eta ertaineko herrialdeetan haurren eskolaratzean egindako aurrerapenek ez dute ekarri egoera okerragoan dauden kolektiboen eskolaratzean ere aurrera egitea. Hortik dator eskolaratutako haurren eta ahaztutako gutxiengoen arteko aldea areagotu izana (ezgaitasunak dituzten milioika haur barne); azken horiek are baztertuago eta zokoratuago egotea ekarri du horrek. Horrenbestez, kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, aukera berdintasunaren eta aldaketa sozialaren bultzatzaile izango dena, hezkuntza eskuragarria, irisgarria, nabarmena eta egokigarria, bazterketari heltzeko diseinatutakoa eta ikasle bakoitzari bere potentzial eta talentu propioak garatzeko aukera emango diona" adierazi du Luis Mª Nayak, UPV/EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakasle eta jardunaldien antolatzailekideak.

Kanpaina honen mezu nagusietan eginbehar hauek nabarmendu dira:

  • lege marko egokiak sortu behar dira
  • hezkuntza eta ezgaitasunak dituzten pertsonei buruzko datuak hobetu behar dira
  • guztiontzako ikastetxe irisgarriak eta egokiak eraiki behar dira
  • prestakuntza egokia duten nahikoa irakasle dagoela bermatu behar da
  • bazterketak indartzen dituzten jarrerak zalantzan jarri behar dira, eta
  • elkartegintza mugimenduaren parte hartzea bermatu behar da

"Ikuspegi historikotik, giza eskubideen onarpena eta hezkuntza-eskubidearena bide beretik doaz. Giza eskubideak onartzeak inplizituki ekarri zuen hezkuntza-eskubidea; hori dela eta, herrialde gehienen konstituzioetan eta oinarrizko legeetan jaso da herritarren oinarrizko eskubideetako bat dela. Nazioarteko hitzarmenek, ordea, ez dute oinarrizko beharrizan horren garrantzia azpimarratu. Eta, hezkuntza eskubidea funtsezkoa da, bai nortasuna garatzeko, bai gizarte demokratikoetan askatasunak baliatzeko. Makina bat aldiz esan den moduan, hezkuntzarako eskubidea eskubide eta askatasun guztiak jaso eta horietaz gozatzeko aukera ematen digun giltza da" esan du Luis Mª Nayak bukatzeko.