euskaraespañol

UPV/EHUko ikus-entzunezko ikasleak EikenTalent beka gehienak lortu dituzte

Lohizune Amatriak EITB Saria eskuratu du, haur programa baterako proiektuarekin

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/09

Irudia
EITB Saria eskuratu duen ikaslea, Lohizune Amatria ezkerraldetik bigarrena altxatuta agertzen dena da

EikenTalent beken sarien banaketaren zazpigarren edizioan, UPV/EHUko ikus-entzunezko ikasleek ia beka gehienak irabazi dituzte, horien artean EITB Saria beka nagusia. Lehiaketan Ikus-entzunezko jatorrizko proiektua duten gazte sortzaileek parte har dezakete, ez badute  sektoreko enpresekin edukien esparruan modu jarraituan lan egiten edo lankidetzan jarduten. Saridunek prestakuntza beka bat jaso dute edota beren programa pilotua ekoizteko eta garatzeko aukera izango dute, lehiaketa sustatzen duten ekoizpen etxeetan.
Lohizune Amatria ikasleak, Ikus-entzunezko graduko lehenengo promozioko ikasleak, EITB Saria izeneko beka nagusia lortu du. Haur programa baten proiektua aurkeztu zuen, eta orain garatu ahal izango du sariari esker. Proiektua aurrera eramateko ikasle iruindarrak Medialab ekipamendu teknologikoa erabili eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleen laguntza jaso zuen.

Sariak emateko ekitaldia aurreko asteazkenean, ekainak 4, egin zen, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campusean. Bai lehiaketa bai sarien banaketa Eiken-Basque Audiovisualeko (Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra) empresa-bazkideek antolatu zuten. Mondragon eta Deustuko Unibertsitateetako ikasleek ere lehiaketa honetan parte hartu zuten.

Ekitaldian,UPV/EHUko  ikasleekin batera, Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaoinandia egon zen.

EikenTalent beken helburua da ikasleen proiektuak aukeratu, eta, modu praktikoan,  ikus-entzunezko produktu profesional baten sortze-prozesua ezagutu ahal izatea. Gainera, ekintza berritzaile honek produktu berrien katalizatzaile moduan funtzionatzen du ikus-entzunezko euskal sektorean. Modu honetan, Euskadiko sortze-talentua gorde nahi da, eta profesionalak ez diren ikasleei beren ideiak erakusteko aukera eman.