euskaraespañol

UPV/EHUk Aparka proiektuari eutsiko dio datorren ikasturtean

Leioako campuseko bizikletak aparkatzeko moduluak batez besteko okupazio-maila handia izan du

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/07

Irudia

Azken hiru hilabeteetan, UPV/EHUren Bizkaiko Campusean doako bizikleta-aparkaleku seguru eta konektatuaren proiektu pilotua gauzatu da, bertako ikasleen eta langileen artean garraio jasangarria sustatzeko. Aparka deritzon sistema hau Bilboko Emaúsek garatu du BBKren laguntzarekin eta ekimen aitzindaria da Europan. "Probak oso emaitza positiboa izan du", adierazi dute UPV/EHUk eta Emaúsek.

Martxoan, Bilboko Emaúsek, Mugikortasun Jasangarrirako Garapen Zentroaren bidez, eta UPV/EHUk Liburutegi Nagusiaren inguruetan 11 bizikletentzako Aparka modulu bat instalatzea adostu zuten, unibertsitate-komunitatean zer-nolako erabilera zuen proban jartzeko.

Ekainera arte, hogei bat lagunek erabili dute bizikleta-aparkalekua. Ibilgailua toki itxi batean gordetzeko aukera ematen du, lapurretarik ez jasateko eta eguraldiaz babestuta egon dadin. Txartel pertsonalizatuaren bidez, Aparkaren web orrian eta mugikorrerako aplikazioan sartu daitezke erabiltzaileak, zerbitzu gehigarriak eskuratuz; esaterako, konponketa-zerbitzua, bizikleta campusean aparkatuta dagoen bitartean.

Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak aurten instalatutako moduluari eustea aurreikusten du, eta, datorren ikasturteari begira, modulu gehiago instalatu nahi ditu campuseko eremu gehiagotan, garraiobide jasangarri honen erabilera sustatzeko, bai instalazioetara etortzeari dagokionez, bai instalazioetan beraietan mugitzeari dagokionez.

Halaber, sistema bera inguruetako udalerrietan instalatuta, erabiltzaileei eskainitako zerbitzua hedatu ahal izango da.

Bizikleta elektrikoak konpontzea eta birkargatzea

Emaús Mugikortasun Jasangarriari dagokionez, UPV/EHUn probatutako Aparka proiektua esperientzia "oso positiboa" da, "sistema bizikleta pribatura egokitzea, uste baino malgutasun handiagoarekin gauzatu da; mota orotako bizikletak barne hartu ditu -tolesgarriak eta elektrikoak-. Gainera, erabilerak gora egin du eta ia ez da gorabeherarik izan, erabiltzaileen gogobetetasun handia eraginez", azaldu du Bilboko Emaúsen kudeatzaile Jose Gómezek.

Gaineratu du Leioako Campuseko proiektua zabaldu egingo dela, "eskatu ahalako konponketen eta mantentze-lanen zerbitzu aurreratuak eta bizikleta elektrikoak kargatzeko aukera" eskainiko baitira.

Jasangarritasuna eta gizarteratzea

Aparka bizikleta pribatuak modu seguruan aparkatzeko eta bizikleta publikoak mailegatzeko sistema da. Mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, proiektuak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako enplegu-aukerak sorrarazi nahi ditu ingurumen-jasangarritasunaren esparruan. Lehen moduluak, patente propiokoak direnak, ekoizteak Bilboko Emaúsek lagundutako kolektiboei zuzendutako lanpostu zuzenak sortuko ditu. Gainera, industrializazioa inguruetako enpresekin elkarlanean gauzatuko da. Hala, enpresok beren produktu-zorroa ekonomia berdearen sektorera hedatu ahalko dute.

BBK-k proiektu honetan parte hartu du, produktu-prototipoa gauzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak emanez, baita ezagutarazteko bitartekaritza-lanak eginez ere.

BBK-k Aparkaren alde egin du, proiektu aitzindaria delako mugikortasunaren kudeaketa jasangarrian. Hain jasangarriak ez diren beste garraiobide batzuen aldean bizikletaren erabilera sustatzen duen aparkaleku seguruko sistema berritzailea izateaz gain, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen laneratzea ahalbidetzen du, azaldu du BBK-ko Gizarte-ekintza Zuzendaritzako laguntzaile Leire Aragónek.

Aparkak, halaber, Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako Sailaren eta BEAZ sozietate publikoaren bultzada jaso du.

Ohorezko aipamena Green Dot Awards-etan

Maiatzaren 7aren eta 9aren artean Florentzian eginiko Mugikortasunaren kudeaketari buruzko ECOMM2014-en aurkeztu da proiektua eta hainbat herrialdeetako erakunde publikoen eta pribatuen arreta bereganatu du.

Aparka sistemak ohorezko aipamena jaso du Estatu Batuetan antolatzen den diseinu ekologikoaren Green Dot Awards-en 2013ko edizioan. Sari horiek ingurumen-errespetuaren irizpideen arabera ekoitzitako eta ezarritako produktuei zuzenduta daude. Aparka hautatu zuten 25 herrialdeetatik egindako 500 proposamenen artean.