euskaraespañol

UPV/EHUk eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek hitzarmena sinatu dute Abokatutzako Masterra emateko

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/11

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak, Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekano Carlos Fuentenebrok eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekano Lurdes Maizteguik sinatu dute gaur Abokatutza Masterra emateko hitzarmena. Sinadura ekitaldian ere egon dira Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerka, Zuzenbide Fakultateko Antolakuntza Akademikoaren eta Irakasleen dekanorde Ana Pérez Machío eta bi elkargoetako ordezkari batzuk.

Abokatutzako unibertsitate masterra ezinbesteko baldintza da abokatutzan jardun nahi duten Zuzenbidean graduatutako ikasleentzat. Masterrak 90 kreditu dauzka, haietariko 60k prestakuntza juridikoa lantzen dute eta gainontzeko 30 kanpoko praktiketan ematen dira.

Prestakuntzako 60 kredituen erdiak aipatutako Abokatuen Elkargoetan ematen dira eta deontologia eta araudi profesionala, ofiziozko txanda, eta doako laguntza juridikoa jorratzen ditu, hala nola bulego profesionalaren antolakuntza, besteak beste. UPV/EHUn ematen den prestakuntzan aztertzen dira oinarrizko eskubideen babesa eta nazioz gaindiko prozesuak, praktika fiskala, zibila eta penala, merkataritza-praktika, lan-praktika, eta administrazio-praktika, higiezinen praktika zibila eta delitu eta ikerketa mota berriak. Bestalde, kanpoko praktiken helburua da abokatuen jardunarekin harremanik duten erakundeen funtzionamendu eta problematikara ohitzea eta beste eragile juridiko eta profesionalak ezagutaraztea. Praktikak, osorik edo zati batean bederen, epaitegietan, fiskaltzetan, abokatuen bulego profesionaletan edo atal juridikoetan egingo dira, besteak beste. Halaber, baldin eta abokatutzari dagozkion aktibitateetan badautza, praktiken zati bat polizia establezimenduetan, espetxeetan eta gizarte edo osasun zerbitzuetan egin ahal izango da.
2014-2015 ikasturtean 110 plaza eskainiko dira (55 Gipuzkoako Campusean eta beste 55 Bizkaiko Campusean). Halaber, eskari nahiko badago, UPV/EHUren irakasleek ematen dituzten beharrezko kredituen % 5o euskaraz jaso ahal izango dira (erakunde akademikoari dagozkion 30 kredituetatik 15), baita Master Amaierako Lana bi hizkuntza ofizialetako batean egin ere.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorearen esanetan, "master hau abokatu bezala lan egin nahi duen ororentzat nahitaezko tresna da. Eta, ondorioz, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta elkargo profesionalen arteko elkarlan instituzionala eguneroko beharrizan bat bezala ari gara tratatzen. Gure helburua dagoen eskariari erantzuna emango dion plaza kopurua bermatzea da, baita masterra euskaraz jaso nahi dutenen eskariari erantzutea ere. Bi premia horiek bermatzeko nahitaezkoa egingo dugu.

Bestalde, Lourdes Maiztegi Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekanoak azpimarratzen duen bezala, "abokatu lanbidera sarrera egokiena egiteko bi erakundeen arteko behar-beharrezko elkarlana gauzatzen da hitzarmen honen sinadurarekin; hala, Abokatu Elkargoen eta prestakuntza horretan diharduten profesionalen nahitaezko ikuspegi praktikoak uztartzen dira, ohiko hezkuntza akademikotik aldenduz, horrek ere berebiziko garrantzia duen arren".

Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekano Carlos Fuentenebrok bere poza agertu du hitzarmenaren sinaduragatik: "Bizkaiko abokatutzak etorkizuneko abokatuen prestakuntzarekin duen konpromisoa berretsi du, graduatu berriak praktika profesionalarekin estuago lotuz".