euskaraespañol

UPV/EHUk 80 beka eskaintzen ditu praktikak atzerrian egiteko Global Training programaren barruan

Deialdia irekita dago ekainaren 25etik uztailaren 28ra bitartean

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/14

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, UPV/EHU eta beste lau erakunde kudeatzailerekin elkarlanean, 'Global Tranining' izeneko 'Atzerrian Praktikak Egiteko Bekak' programa abiarazi du 30 urtetik beherako tituludunentzat.

Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak 80 beka kudeatuko ditu guztira. 'Global Training' programak helburu du Euskal Herriko gazte tituludunen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzea, beren soslai akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan 6-12 hilabetez egin ditzaten, betiere aurrez prestakuntza praktikoko plan bat eratuta.

Hauek dira bost erakunde kudeatzaileak: Fundación Novia Salcedo, Fomento SS-Garapen, Merkataritza Ganberak, Confebask-Hetel eta UPV/EHU. Euskal Herriko Unibertsitatea da, goi mailako hezkuntzan, aipatutako bekak kudeatzeaz arduratzen den erakunde bakarra.

Nekane Balluerka UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak ondokoa adierazi du: "Oso pozik gaude UPV/EHUk aurkeztutako proiektuaren ebaluazioko emaitzarekin, kalifikazio handiena lortu baitu, eta, gainera, ebaluaziorako irizpideetako bat enpresa laguntzaileen kalitatea izan da. Horrek aukera emango digu 80 beka eskaintzeko guztira, gure unibertsitateak eskatutako guztiak, alegia".