euskaraespañol

Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruak kontzertu bi emango ditu, ostiralean Bilbon eta larunbatean Gasteizen

Noiz eta non

Noiztik: 2014/07/25 Noiz arte: 2014/07/26, 20:00 - 20:00

Irudia
Goian, entseguetako une bat. Eta, behean, ezkerretik eskumara, Miriam Hernández, Regina Ordeñana, Leyre Chasco, Juan Luis Díaz-Emparanza eta Iñigo Hernando, orkestra eta koruko kideak diren UPV/EHUko ikasleak.

Deskribapena

Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruak (European Medical Students' Orchestra and ChoirEMSOC), Europa osoko Medikuntza Fakultateetako ikasle gazteak urtero hiriburu batean biltzen dituen nazioarteko kultur egitasmoak, kontzertu bi eskainiko ditu aste honetan Euskadin, bata Bilbon eta bestea Gasteizen.

Bi kontzertu horiek honako hauek izango dira:

  • Ostirala, uztailak 25, 20:00etan, Bilboko Santiago katedralean. Sarrera librea.
  • Larunbata, uztailak 26, 20:00etan, Gasteizko Santa María katedralean. Sarrera librea.

Kontzertu bietako errepertorioa Gabriel Fauré-ren "Pavane", Gabriel Fauré-ren "Requiem" eta Felix Mendelssohn-en "Psalm 42" lanek osatuko dute.

Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Korua 75 gaztek osatzen dute, horietako 40 orkestrako kideak dira eta 35 korukoak. Eta urte honetan, bere kideen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean ikasten duten bost gazte ere badaude tartean. Eta horien artean, Iñigo Hernando nabarmendu behar da, Medikuntzako bosgarren maila bukatu berri duen gazte hau izan baita Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Korua Euskadira etortzea posible egin duena. Hernandok klarinetea jotzen du eta Medikuntzako lehen mailan matrikulatu zenetik hartzen du parte orkestra honekin. Berarekin batera, Miriam Hernández, Regina Ordeñana, Leyre Chasco eta Juan Luis Díaz-Emparanza ikasleak ere koruko abeslariak dira. Beste alde batetik, nabarmendu behar da, baita ere, orkestrako zuzendaria, Margarita Lorenzo de Reizabal (Leioako Gazte Orkestrako zuzendari titularra  eta Musikeneko Analisia, Konposizioa eta Zuzendaritza Saileko zuzendaria ere bada), UPV/EHUn Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua dela, eta baritono bakarlaria, Patxi García Garmilla, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea dela.

Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruaren historia

Erakunde honek jatorria 1993. urtetik dator, Wurzburg (Alemania) hirian musika zaletasuna konpartitzen zuten medikuntza ikasleen lehen topaketa egin zenean. Urtez urte,parte hartzaileen kopurua handitzen joan zen, eta aldi berean elkartea kontinenteko toki desberdinetan hasi zen kontzertuak eskaintzen, hala nola Berlinen, Londonen, Ljubljanan, Budapesten, Erroman, Bartzelonan edo Pragan. Azkenik, 2009. urtean, orkestrak eta koruak bat egin zuten, irabazi-asmorik gabeko elkarte hau sendotuz.