euskaraespañol

Iktusak eragindako kalte zerebralerako diana terapeutiko berria

UPV/EHU, Achucarro Basque Center for Neuroscience eta CIC biomaGUNE izeneko erakundeen artean batera egin duten ikerlanak gaitasun honi buruzko ezagutza hobetzen du

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/29

Irudia

Achucarroko (Achucarro Basque Center for Neuroscience), Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta CIC biomaGUNEko euskal ikerlarien arteko lankidetzari esker, mekanismo berri bat aurkitu da eta horrek laguntza handia ematen du iskemia zerebraletan edo iktusetan izaten diren kalte neuronalak hobeto ezagut ditzagun.

Iskemia zerebrala heriotza eragiten duen hirugarren arrazoia da eta ezgaitasunerako lehendabizikoa herrialde industrializatuetan. Garuneko odol fluxuaren aldi baterako murrizketaren edo murrizketa iraunkorraren ondorioz geratzen da eta garuneko neuronei gaitz-kalte konponezina egiten die, aldakuntza neurologikoak eraginez.

Hondatze horren zati garrantzitsu bat glutamato mailen aldakuntzaren ondoriozkoa da; neurotransmisore eszitagarri hori garuneko ugariena da eta, aldi berean, neurotoxina indartsu modura jarduten du, haren kontzentrazioa handitzen denean, iskemian gertatzen den bezalaxe.

Aurkikuntza berriak agerian jartzen du zein den molekula batek, elkartrukatzaile zistna-glutamikoak (xCT), duen garrantzia handia glutamatoren kontzentrazioaren hazkundean, harik eta pazienteen iktusaren ezaugarri nagusiak erreproduzitzen dituzten eredu esperimentaletan maila toxikoetara iritsi arte.

Bizkaian eta Gipuzkoan aurrera eramandako ikerlan honen emaitzak ôJournal of Clinical Investigationö aldizkari prestigiotsu eta ezagunean eman dira argitara.

Bizkaian, proiektuaren buru jardun dute Achucarro zentroko eta UPV/EHUko Maria Domercq-ek eta Carlos Matutek eta Gipuzkoan Donostia - San Sebastiáneko CIC biomaGUNEko ikertzailea den Abraham Martínek.

Achucarro eta UPV/EHUko ikertzaileek (Federico Soria, Alberto Perez-Samartín, Carlos Matute eta María Domercq) egindako lanak agerian jartzen du iskemian glutamatoa zelulatik kanpora garraiatua dela xCT elkartrukatzailearen bitartez, neuronentzat hilgarriak diren mailetaraino pilatuz.

Aldi berean, CIC biomaGUNEko ikertzaileek (Abraham Martín eta Jordi Llop), garun irudi funtzionaleko tekniken bitartez (PETen gisakoak, ingelesez Positron Emission Tomography) ikusi dute xCTko mailak altuak direla iskemia duten saguengan; horrek azpimarratzen du elementu horrek iktusaren prozesuan daukan garrantzia.

Ondorio gisa adieraz daiteke esperimentazio animaliekin garatutako ikerlan honek tratamendu neurobabesle berriak garatzeko atea zabaltzen duela, xCT elkartrukatzailearen kontra zuzendutako farmakoen bitartez; azken batean, helburua honako hauxe da: garuneko kaltea eta garuneko iskemiak eragindako aldakuntza neurologikoak apaltzea.

Garuneko hodietako istripua, garuneko infartua, iskemia edo iktusa

Garuneko hodietako istripua (GHI), garuneko infartua, buruko isuria edo, hain ohikoak ez diren apoplexia edo garuneko iskemia iktusaren terminoaren sinonimo gisa erabili ohi dira.

Iktusa defizit neurologiko bat da garuneko odol fluxuaren bat-bateko murrizketa garrantzitsu batek (iktus iskemikoa) eragindakoa edo garuneko hodietan izandako haustura batek eragindakoa (iktus hemorragikoa).

Garuneko hodietako gaixotasunak heriotza eragiten duten hirugarren arrazoia dira mendebaldean eta lehendabiziko emakumezkoen kasuan. Halaber, elbarritasunerako lehendabiziko arrazoia da pertsona helduen artean eta defizit neurologikoaren arrazoi nagusietariko bat pertsona nagusien artean. GHIak 0 urtetik 14 urtera bitarteko gazteei eta haurrei ere eragiten diete, baina haien kasuan errekuperazio eta susperraldia errazagoa da, bizitzaren fase horretan garunak duen malgutasun eta plastikotasunagatik eta garapen mailagatik.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA

"Extrasynaptic glutamate release through cystine/glutamate antiporter contributes to ischemic damage" Federico N. Soria, Alberto Pérez-Samartín, Abraham Martin, Kiran Babu Gona, Jordi Llop, Boguslaw Szczupak, Juan Carlos Chara, Carlos Matute, María Domercq. Journal of Clinical Investigation, July 2014 doi:10.1172/JCI71886