euskaraespañol

Ikertzaile nazional eta nazioartekoen konpromisoa Chagas-en eritasunarekiko

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/29

Irudia

Iragan den uztailaren 14an, Berenice Europan Proiektuaren (www.berenice-project.eu) bigarren asanblada orokorra egin zelarik, non ari baitira  Universidad de País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Farmazia fakultateko NanoBioCel ikertaldea, José Luis Pedraz buru duena, eta Praxis Pharmaceutical enpresa farmazeutikoa, dibulgazio jardunaldia egin zen 'Pobreziari loturiko eritasunen aurkako burrukan diren perspektiba mediko berriak' izenekoa. Jardunaldi hau Lucio Lascaray ikerketa eta ikasketa aurreratuen gunean egin zen eta Chagas-en eritasuna izan zuen ardatz, maila nazional zein nazioarteko ikertzaile eta adituak bertan zirela, esate baterako Israel Molina, Sergio Sosa-Estani, Jorge Guisantes del Barco, Eusebio Gainza, Manuel Carlos López eta Enrique Oquiñena. Gai eta ikusmolde desberdinak jorratu ziren, betiere, Chagas-en gaixotasunari lorturikoak, hala nola, tratamendua, gaixotasuna osasun publikorako problema gisa ezabatzeko pertsonekiko tratuan izan beharreko estrategiak, eritasuna kontrolatzeko Uruguayko esperientzia eta industria farmazeutikoek pobreziari loturiko eritasunen tratamenduan duten eginkizuna.

Chagas-en eritasuna Tripanosoma cruzi parasitoak eragiten du eta bintxuka edo zimitzen bidez transmititzen da. Batez beste, 17 milioi pertsona gaixotzen ditu mundu osoan eta urtean 50.000 hildako eragiten ditu. Nahiz eta biktima gehienak herrialde pobreetako populazio indigenetako kideak izan ohi diren, gizarte zeharo ahaztu eta erdeinatutako kideak beraz, Europara ere iristen hasia da, 90.000 gaixo eragin dituelarik. Gaixotasun honen aurkako tratamendua Benznidazola da, baina, zenbait kasutan eraginkorra den arren, bigarren mailako ondorio aski larriak eragiten ditu eta gaixo askok tratamendua lagatzen dute honengatik.

2012eko irailean abiatutako Berenice proiektuaren bidez, tratamendu berri bat garatu nahi da Chagas-en gaixotasunerako, eraginkorragoa, toxikotasun gutxiagokoa eta, inportanteena, merkeagoa. Erronka honetan murgilduta, NanoBioCel eta Praxis Pharmaceutical-eko ikertzaileek, ahaleginean bat eginik, jakintza trukatu dute Ikerkuntza biomedikorako sareko guneko (CiberBBN), Bartzelonako unibertsitateko, Vall d' Hebron, Portugaleko Higiene eta Medikuntza Tropikalerako institutuko (IHMT), Frantziako Praxiseko, Argentinako ANLIS eta ELEAko eta Brasileko FIOCRUZeko adituekin eta datozen hiletan, azken formulazioa definituko da, garatu eta entsegu klinikoekin hasteko.