euskaraespañol

Dantzaldi Ibiltariaren VII. Edizioa dantza tradizionala sustatzeko helburuarekin heldu da UPV/EHUra

Urritik eta ekainera bitartean astelehenero bi saio emango ditu Aiko Taldeak

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/22

Irudia

Aiko Taldeak, dantza tradizionalaren dibulgazioan diharduen musikari eta dantza-maisuez osatutako kultur elkarteak Dantzaldi Ibiltariaren edizio berri bat aurkeztu dute gaur, zazpigarrena, ekimena 2008an abiarazi zutenez geroztik. Aurtengo berrikuntza nagusia, unibertsitateko komunitatearenganako hurbilketa izango da Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako akordioaren haritik. Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko errektoreordea, Gurutze Ezkurdia Bilboko Irakasleen Unibertsitate-Eskolako zuzendaria, Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendaria, eta Jon Aldaiturriaga Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko gerentea Aiko Taldearen arduradunekin batera azaldu dira denboraldi berriaren aurkezpenean.

Bizkaia Aretoan egingo da Dantzaldi Ibiltariaren ikastaro berri hau urritik ekainera bitartean, eta aurreko edizioetan bezalaxe, BBK Fundazioaren laguntza izango du. Zehazkiago esanda, astero astelehenetan, 90na minutuko bi saio egingo dira (18:30etatik aurrera hasiberrientzat eta 20:00etatik 21:30etara gainerakoentzat). Interesatuta dauden guztiei irekitako ikastaro hauek Bizkaia Aretoko Chillida Aretoan egingo dira, eta unibertsitatearekin lotutako pertsonek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte. (Orain arte, Aiko Taldeak Bilboko ikastaro hauek Campos Eliseos Antzokian ematen zituen).

Hasiberrientzat, urriko eskolak doakoak dira. Proba-aldi honen ondoren, interesatutakoek ikastaro osorako matrikula egin dezakete, urritik ekainera arte luzatuko baita.

Prestakuntza-jarduera horien helburua, dantzarekiko lehen kontaktua erraztu eta dantzaz gozatzen irakastea da, ingurune ludiko batean gauzatutako ikasketa-prozesu aurrerakoi, erraz eta argi baten bitartez, betiere dantza herrikoia gizarteratzeko prozesuan laguntzeko asmoz.

AikoTaldeak UPV/EHUrekin sinatutako hitzarmenak dantzak, tailerrak eta entzunaldiak barne hartzen ditu, ikastaroak, ikastaldiak, mintegiak eta tailerrak bezalako jarduera pedagogiko eta dibulgatiboez gain. Zehazkiago esanda, Dantzaldi Ibiltariaren Bizkaia Aretoko ikastaroekin batera, akordioak Irakasle Eskolako Graduko ikasleei zuzendutako -nagusiki, baina beste zentro batzuetako ikasleei ere irekita egongo da- mintegi espezifiko bat ere aurreikusi du, Sabin Bikandi Londresko Unibertsitateko Etnomusikologiako doktorearen, Bilboko udal danbolin-jotzailearen, musikagilearen eta AIKO Taldearen sortzailekidearen eskutik. "Dantza eta Musika" izenburupeko mintegi hau irailaren 30ean hasiko da edukiak azaltzeko tailer baten bidez, eta abendua arte luzatuko da, asteartero, bina orduko saioekin. 25 eskola-orduak egiten dituztenek ECTS kreditu bana lortuko dute.

Musika eta dantza tradizionala kultur ondasuntzat sustatzea da UPV/EHUren eta AIKO Taldearen arteko akordioan ezarritako helburuetako bat, folklorearekin lotutako ezagutzaren transmisioan lagunduz eta kultur ondare tradizionala mantenduz, grabazio, partitura, instrumentu, jantzi eta abarren bilketa, zainketa eta zabalkuntzaren bitartez. Era berean, ekimen honen bidez, euskal musika eta dantza tradizionala aisialdiko jardueratzat normaldu nahi da.

Familiarekin dantzan

Bizkaia Aretoan, abenduaren 27an, larunbatez, 'Dantzaldi Ibiltaria' programan aurreikusitako beste berrikuntza bat izango da: familia osoari zuzendutako dantza-ikastaro bat. Sasoi horretako eguberri giroari erreparatuta, Aiko Taldeak aukera paregabetzat jo du familiako kide guztiak bi orduko tailer batean elkartu eta musika eta dantza tradizionala etxe giroan transmititzeko ohitura berreskuratzeko asmoz.

Aiko Taldea musika eta dantza maisuez osatutako kultur kolektiboa da, duela zenbait urtez geroztik musika eta dantza tradizionalaren ondare zabala zabaltzen eta erromerien izaera herrikoia berreskuratzen diharduena, dantzarako esparru berriak sortuz eta eginkizun horretara gero eta jende gehiago bilduz. Bere bokazioa "musika eta dantza era natural, lasai eta dibertigarrian egitea" da, grina hori ahalik eta jende gehienarengana helaraziz.

Horretarako, musikaz eta dantzaz gozatuz ikastea ahalbidetzen duen metodologia propioa sortu dute. Ekimen honek musika eta dantza egiteko modua berrasmatzea suposatu du, jatorrira itzultzea, lehengo jai herrikoietan dantzan egiteko erabiltzen zen erraztasun eta naturaltasunera jotzea. Horixe da 'Dantzaldi Ibiltaria' ekimenaren bidez zabaltzen ari diren ikasteko metodo erraz eta jostagarria. Beren helburua, dantza tradizionalaren balio sozializatzailea berreskuratzea da, pertsonen arteko entretenimendu eta komunikazio-bidea eta egungo aisialdirako aukera baliagarri eta jostagarria izan dadin.

Informazio guztia:

www.aikotaldea.com

www.facebook.com/aikotaldea

@aikotaldea

KULTURBASQUE-UPV/EHU