euskaraespañol

UPV/EHUk bildu ditu geletan gauzatutako heziketa-esperientziarik berritzaileenak

Liburuan errealitatetik ateratako kasu, proiektu eta arazoetan oinarritzen diren aktibitateak jaso dira

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/30

Irudia
Ingeniaritza Kimiko Graduko 2. mailako ikasleek algoritmo bat lan egiten dute Zenbakizko Kalkulua irakasle Asier Aranzabalen laguntzarekin

Euskal Herriko Unibertsitateak liburu bat argitaratu du, non metodologia aktiboetan oinarritutako irakaskuntza/ikaskuntza esperientziak biltzen diren. Metodologia horiek arazoak konpontzean, proiektuak egitean eta kasuak aztertzean dautza. Esperientzia guztiak errealak dira, Eragin programan garatu dira, UPV/EHUko geletan praktikan jarri dira eta Jenaro Guisasola eta Mikel Garmendia irakasleek eta Eragin zuzendariek batu dituzte "Aprendizaje basado en problemas, proyectos y casos: diseño e implementación de experiencias en la universidad" liburuan.

Eragin heziketa-programa Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleei zuzenduta dago "hausnarketa egin dezaten eta eskolan sortzen diren arazo zehatzei irtenbideak aurki diezazkieten", Jenaro Guisasolak nabarmentzen duen bezala. Horrela, programaren helburua hauxe da: irakasteko ohiko eredutik (azalpenezko eskolak, oharrak hartzea eta azterketa) ikasleengan zentratutako eredura aldatzeko aukera ematea. Era berean, ikasleek parte har dezakete bere ikaskuntza-prozesuan. Halaber, IKD Irakaskuntza-ikaskuntza Kooperatiboa eta Dinamikoa eredua irakasleen artean hedatzeko lider-sarea osatu gura du. UPV/EHUko berariazko irakaskuntza-eredua da IKD.

Guisasolaren ustez, "originaltasunak bereizten du Eragin. Estatuan ez dago antzeko programarik eta nazioarteko unibertsitate gutxik gauzatzen dituzte estrategia-mota horiek, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako Harvard Unibertsitateak, Kanadako McMaster Unibertsitateak eta Danimarkako Aalborgeko Unibertsitateak.

Hasieran Eragin zuzendari zenak, Jenaro Guisasolak, programa aholkulari-kidetzan oinarrituta dagoela azaltzen du. "Irakasleak tutore aditu batekin gogoeta eta lan egiten du, eskoletan agertutako arazoak konpontzeko eta geletan material erabilgarria eta didaktikoa sortzeko". Programa luzea da (300 ordu, 12 ECTS kreditu baliokideak) irakasleari laguntzeko, bai metodologia aktiboetan oinarritutako proposamena diseinatzen, bai ikasgelan ezartzen.

Liburuaren egitura

Metodologia aktiboetan oinarritutako zortzi irakaskuntza-praktikaren diseinua eta aplikazioa biltzen ditu argitalpenak. Aldi berean, prestakuntza-aldian sorturiko irakasleen kezka, iruzkin eta hausnarketak ekartzen ditu, baita UPV/EHUn egindako eta geletan gauzatutako material pedagogikoak ere. Orobat, geletan esperientziak bukatu ondoren, bai irakasleen, bai ikasleen balorazioa sartzen du; eta arazoetan eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza ezartzeko bi gida eransten ditu.

Irakasleek irakaskuntza/ikaskuntza eredu berria hainbat diziplinatan garatu dute. Ikasgai horiek hauek dira: Konputagailuen Teknologiaren Oinarriak, Eskultura, Merkataritza zuzenbidea, Giza-elikadura, Garapen Psikomotorra, Enpresa Ekonomiarako Sarrera, Giza Genetika eta Kimika Orokorra. Plazaratutako zortzi esperientziak hauek dira:

  • Aprender colaborativamente: Fundamentos de Tecnología de Computadores en base a problemas y proyectos, Consuelo Ruiz eta Carlos Amuchastegui. Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saila. Informatika Fakultatea
  • ¿Qué abordamos en escultura al representar una silla?, Nieves Larroy. Eskultura Saila. Arte Ederren Fakultatea
  • Mi primera experiencia en la metodología del caso … y algo más, Aitor Zurimendi. Enpresa Zuzenbidea Saila. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea
  • Talla 38, Elena Díaz. Fisiologia Saila. Medikuntza eta Odontologia Fakultatea
  • ¿Por qué los niños se mueven tanto?, Iker Ros. Musika, Plastika eta Gorpuz Adierazpenaren Saila. Gasteizko Irakasleen Unibertsitateko Eskola
  • La enseñanza en el ámbito de la economía de la empresa basada en problemas, José Domingo García. Finantza Ekonomia II Saila. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea
  • ¿Quiénes son los padres del niño abandonado?, Alberto Vicario eta Isabel Smith. Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saila eta Zoologia eta Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila. Zientzia eta Teknologia Fakultatea
  • Una sesión de Pósters sobre la Química en la vida cotidiana, Juan José Iruin. Kimika Fisikoa Saila. Kimika Fakultatea

Argitaratzaileei buruz

Fisikako irakasle titular Jenaro Guisasolak eta Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak saileko irakasle titular Mikel Garmendiak abian jarri zuten Eragin programaren diseinua 2009. urtean.  Programa hori Itziar Alkortak, 2009-2013 urtean UPV/EHUko Ikasketa Berrikuntzaren eta Kalitatearen arloko errektoreordeak, eta Idoia Fernándezek, SAE-HELAZ Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuako zuzendariak, bultzatu zuten. 2009tik 2013ra arte, Jenaro Guisasolak zuzendu zuen programa. Gaur egun, Mikel Garmendiak bideratzen du. Argitaratzaile biek parte hartzen dute GIEFMYT ikerketa talde finkatuan, non Fisikaren eta Teknologiaren irakaskuntzan ikertzen duten, eta UPV/EHUko Donostiako Eskola Politeknikoko irakasleak dira.