euskaraespañol

UPV/EHUren "Motostudent" taldeek Alcañizen lehiatuko dira asteburu honetan nazioarteko hogeita hamar bat unibertsitaterekin batera

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikasleek egindako sorkuntzak eramango dituzte Aragoiko zirkuituan egingo den lehiaketara

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/02

Irudia

Motorraren kirolak, unibertsitate mailako lehiaketarik garrantzitsuenetako batean, UPV/EHUko 2 talderen parte hartzea, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, izango du, kasu honetan MotoStudent delakoan. Proba asteburu honetan izango da -urriak 4 eta 5- Alcañizko MotorLand zirkuituan.

MotoStudent estatu mailako lehiaketa bat zen hasieran, baina hirugarren edizio honetan nazioarteko unibertsitateen parte-hartze zabala lortu du. Horrenbestez, motorren arloko erreferentziazko topaketa bilakatu da, ibilgailuetako FormulaStudent delakoaren parekoa. Zehazkiago esanda, hirugarren edizio honetan, sei herrialdetako hogeita hamar bat unibertsitatek parte hartuko dute.

Lehiaketa bi urterik behin egiten da, eta orain arte UPV/EHUk izan dituen emaitza onenak azken edizioan lortu zituzten: Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak merezimendu handiko 4. postu bat lortu zuen (are txalogarriagoa, lehen parte hartzea izan zela gipuzkoarrentzat kontutan hartzen badugu) eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak 5. postua lortu zuen.

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren taldea ikasle hauek osatuko dute: Patricio Bengoetxea, Borja Castro, Alvaro Cervera, Juan Cuenca, Eneko Diaz, Aitor Estarlich,  Lucas Garayalde, Daniel García, Mikel Heguy, Alain Iglesias, Ander Pelayo, Jaume Pujol (pilotua), Julia Riechelmann (Erasmus ikaslea) eta Iván Rodríguez.

Hirugarren parte-hartze honetan, berrikuntza gisa,Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko taldeak -Industria-Teknologiako 13 kidek (Igor Fernández de Bustos, Aitor Santos Iturrizaga, Alejandro Mella Mariño, Ander Olabarrieta Crespo, David Pazos Izaguirre, Gorka Irazusta Talavera, Ibai Beato Monteagudo, Iñigo Unibaso Canales, Mikel Arambarri Soto, Alvaro Losada Arroyo, Ander Pereda Sinovas,Xanti Ezkurra eta Itziar Iturregui Gamboa) osatzen dute, baita Bizkaiko hiriburuko Elorrieta Erreka Mari LHko Institutuan soldadura eta mekanizazio graduak egiten ari diren bi ikaslek ere.

Ezaugarri teknikoak
Alcañizen lehiatzeko erabiliko dituzten prototipoek 250 zentimetro kubikoko zilindro-bolumena duen lau aldiko motorra dute, 37,3 zaldiko potentzia garatzeko gaitasuna dutenak. 95 kiloko pisua eta orduko 200 kilometro inguruko puntako abiaduraz, lehiatzeko moduko motorrak dira. Hori dela eta Bilboko Eskolatik kanpoko pertsona baten esku jarri da pilotatzeko ardura, zirkuituetako lehietan esperientzia luzea duen Mikel Aragunde gasteiztarraren esku, alegia. Donostiako Politeknikoak, bestalde, ikasle bat izango du pilotu gisa, zirkuituetako lehietan esperientzia izan duena, Jaume Pujol.

Balio erantsiko beste elementu bat ere badu lasterketa honek, hala, taldeetakoko kideek fabrikatutako motorreko osagai-kopuru gero eta handiagoa da. Ondorioz, erosi beharreko pieza ia bakarrak lehiaketako arauetan ezarritakoak izan dira: hagunak, balaztetako pintzak eta suspentsioko osagaiak.

Lehiaketa honen helburua -ibilgailuetan FormulaStudent-ena bezalaxe-, motoziklismoan espezializatutako ingeniari-harrobia sortzea da. Abiadura ez da lehiaketa honen osagai nagusia, lasterketarekin batera motorren diseinuak eta prestazioak ere baloratzen baitira industriaren ikuspuntutik. Era berean, ekonomikoki bideragarria den fabrikazio-plan bat aurkeztu behar da adituek osatutako epaimahai baten aurrean, eta lehen test hau gainditzen duten taldeek zirkuituan lehiatu eta prototipoen azterketa teknikoak, segurtasunari buruzko proba estatikoak eta maniobragarritasuna, galgatzea eta azelerazioa bezalako prestazioei buruzko saiakuntza dinamikoak gainditu behar dituzte.

MotoStudent-i buruz
Moto Engineering Foundation-ek bultzatutako MotoStudent lehiaketa mundu osoko hainbat unibertsitatetako taldeen arteko erronka da, lehiatzeko moduko zilindro-bolumen txikiko motorra diseinatu eta garatzea xede duena. Lehiaketa berez erabateko desafioa da ikasleentzat, bertan frogatu behar baitituzte beren sorkuntza eta berritzeko trebetasunak, hiru hilabetez etorkizuneko ingeniari edo teknikari espezializatu gisa izango dituzten gaitasunak zuzen-zuzenean aplikatuz eta mundu osoko taldeei aurre eginez.

Prototipoa erakusteaz gain, talde parte-hartzaile bakoitzak gauzatutako diseinua azaldu eta seriean ekoizteko industrializazio-proiektua zehaztu behar dute. Fase honen bidez, prestakuntza-aldian jasotako ezaguerak "benetako" proiektu batean aplikatzeko aukera eskaini nahi zaie ikasleei, fabrikazio industrialeko prozesu bati eta produktu bat merkaturatzeari dagozkien alderdi eta zailtasunak egiazta ditzaten. Fase honen ebaluazioan, gehienezko kalifikazioa 500 puntukoa izango da, eta industria-proiekturik onenarentzako saria (6.000 euro) banatuko da, baita 3.000 euroko accesit bana ere, diseinurik onenarentzat eta berrikuntza teknologikorik onenarentzat.

MS2 delako fasean, fabrikatutako motorraren portaera dinamikoa eta prestazioak ebaluatu eta taldeek mekanika eta antolaketa arloetan duten trebetasuna egiaztatzeko probak egiten dira, hala nola, galgatze-proba, gymkhana kronometratua, azelerazio onenari buruzko proba, taldekako mekanika-proba (taldearen boxeko lanaren azkartasuna), Speed Trap-eko abiadura handienari buruzko proba, eta Pole position delakoa (abiadura-zirkuitua osatzeko denborarik laburrena). Sailkapeneko lehenengo hiru motorrek sariak jasoko dituzte, 6.000, 3.000 eta 1.500 eurokoak, hurrenez hurren.

1 argazkia: UPV/EHUren Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko taldeko kideak

2 argazkia: UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko taldeko kideak