euskaraespañol

Vitoria-Gasteiz: autonomia erkidego bateko hiriburuaren eraldaketa

Arabako hiriburua dugu 1980 eta 2010 urteen artean hiri-hazkunderik handiena izan duen euskal hiria

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/27

Irudia

1980 eta 2010 urteen artean, hazkunderik handiena eduki duen euskal hiria Vitoria-Gasteiz izan da. Gainera, esan behar da hazkunde hori ez dela kuantitatibo, demografiko edo fisiko hutsa izan; hala, aipatutako hazkundeak hiriaren irudia, enpleguaren egitura eta hiriko funtzioak ere eraldatu ditu. Eraldaketa horren eragileen artekoak ditugu, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak Vitoria-Gasteiz izendatu izana erkidegoko herri erakundeen egoitza, baina erkidegoko politika jakin batzuen eragina ere erabakigarria izan da aldaketa horretan, bertan kokatu direlako erakunde erkide batzuen egoitzak (hala nola, Ertzaintzaren Euskal Herriko Polizia Ikastegia edo Unibertsitatea), eta zer esanik ez, berrikuntzaren eta industria-sustapenaren aldeko politika ekonomikoek ere eragin nabarmena izan dute. Aipatutako bi eragin horien ondorioz, Vitoria-Gasteizek goitik beherako aldaketa izan du aurreko hiri-ereduaren aldean.

Ikerketa Zientifikoen Ikastegi Nagusiaren (CSIC) Estudios Geográficos aldizkariak Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko katedradun Joseba Juaristi Linaceroren artikulua argitaratu du orain dela gutxi hiriaren inguruan. Artikuluak ondoko izenburua dauka: 'Vitori-Gasteiz: autonomia erkidego bateko hiriburuaren eraldaketa (1980-2010). Aipatutako artikulua Espainiako autonomia erkidegoetako hiriburuek egun daukaten hiri-geografiari buruzko ale monografikoaren atala da. Bestetik, lan hau 'Espainiako hiriak autonomia erkidegoen garaian. Dinamikak, prozesuak eta politikak' izeneko ikerketa-proiektuaren barrukoa da. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Manuel Valenzuela Rubiok zuzentzen du proiektua.

Joseba Juaristi idatzitako testuak Vitoria-Gasteizko hiriaren hazkundea aztertzen du Espainiako trantsizio demokratikoari bide eman zion sasoiaren lehen hogeita hamar urteetan; Autonomia Estatutua orduan onartu zen Euskadiko Autonomia Erkidegoan, 1979. urtean, hain zuzen ere. Hiru hamarkada horietan, Arabako hiriburuak hainbat aldaketa izan ditu, horietako batzuk autonomia erkidego sortu berriko administrazio-hiriburuaren eginkizunari lotutakoak eta, beste batzuk, euskal erkidegoaren orduko egoerak eragindakoak, hala nola, industria-politikaren ezarpenaren, unibertsitate-egoitzak kokatzeko erabakiaren, eta lehendik zeuden Arabako erakundeak egoera berrira egokitu behar izatearen ondorioz.

Horren guztiaren ondorioz, hiriak irudi berria landu zuen, zalantzarik gabe, garai horretako hiri-hazkundeari hertsiki lotuta. Autonomia erkidegoa eratu aurreko 'Vitoria' izendapenaren aldean, 'Vitoria-Gasteiz' izenak hiriaren marka berria ezarri zuen eta, nolabait esanda, probintziako herri handiari lotutako klixeak apurtu zituen.

Hiriak izandako aldaketen arloko alderdiak jorratzen ditu artikuluak. Hala, lehenik eta behin, EAEko bilbe politikoa eta administratiboa azaltzen da eta, testuinguru horretan, hiriburutzaren kontzeptua aletzen du. Bigarrenez, hiriak izandako hazkunde demografikoa aztertzen du lehen aipatu dugun garaiaren barruan, euskal hirietako bilakaera demografikoarekin alderatuta. Hirugarren atalean, Vitoria-Gasteizen hiri-hazkundea aztertzen da, auzo berrien eta hiriaren morfologiaren inguruko adierazle batzuen bitartez. Laugarren atalak Vitoria-Gasteizko industria-hazkundea jorratzen du; horretarako, hiriaren ezaugarri batzuk eskaintzen ditu euskal ekonomiaren ingurumariaren barruan. Bosgarren atalak, berriz, sektore publikoko enpleguari buruzko hausnarketa dakar, hiriburutzak indartutako arloa den aldetik. Seigarren atalak erakusten digu unibertsitate publikoaren garrantziak zentralitatea indartu duela eta berrikuntza sorrarazi duela hiriaren esparru batean. Hurrengo atalean, aldiz, hiriburutzak herri arteko mugikortasunari ekarri dizkion ondorioak jasotzen dira. Azken atalak zenbait gogoeta plazaratzen ditu zentralitate sinboliko eta kulturalaren alderdiei buruz, bai eta hiriaren irudiari eta ordezkatzeko ahalmenari buruz ere.

Lanaren amaieran, hainbat ondorio ageri dira, esate baterako, autonomia erkidegoaren egoera berriak, bi ikuspegitatik begiratuta  alde batetik, arloko politika ekonomiko berrien ikuspegitik (industriaren sustapena, azpiegituren eraketa, euskalduntzeko hezkuntza-politiken bultzada, unibertsitate-ikasketak sortzeko politiken bultzada eta osasun- nahiz laguntza-zerbitzuak antolatzeko gizarte-politiken bultzada) eta, bestetik, azpiegiturak lekutzeko lurralde-politiken ikuspegitik  ondorio nabarmenak izan ditu Vitoria-Gasteizko hiriaren barruko egituran eta Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeko hiri-sistemaren egoera berrian.

Lehen ikuspegi horri dagokionez, Vitoria-Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitza izateko hautatu zenetik, hiriak hazkunde eta eraldaketa agerikoak izan ditu. Vitoria-Gasteizek hirigintza-estandarrak ditu bereizgarri; era berean, bertako bizi-kalitatea ingurumenean eta gizarte- nahiz kultura-aniztasunean oinarritzen da. Ekonomiaren ikuspegitik, hiriak Euskal Autonomia Erkidegoan lehenago industrializatutako aldeek baino garapen handiagoa izan du; zer esanik ez, hiriburutzak enplegua sortzen lagundu du, enpleguaren kalitatea hobetu du eta ekoizpen sistemaren gaurkotzea erraztu. Gainera, erkidego-politikek bide eman diote modernizazioari eta irudi-aldaketari, hala industria sustatzeko politikek, nola sektore publikoari lotutako egoitzak banatzeko politikek, bereziki, unibertsitateko irakaskuntzari dagozkionek.

Azken hiru hamarkadetako hiri-garapenaren eredua hedakorra izan da bizitegiei dagokienez, aurretiaz ezarritako baldintzei jarraiki. Baldintza horietan, aipatu beharrekoak dira lurzoruaren eskuragarritasuna eta kudeaketa publikoaren nagusitasuna hedapenean. Horren ondorioz, auzo berriak sortu dira hiriaren inguruan erkidegoaren sasoian. Eredu hedakor hori ez da gertatu beste euskal hiri batzuetan, batez ere, industriako lurzorua birmoldatzeari eta hiria berregituratzeari ekin diotelako. Nolanahi ere, Vitoria-Gasteizek ez du berrikuntza handirik bultzatu hiria berregituratzeko, kasurako, garraio-azpiegitura berriak, erkidegoko gune nagusiak edo kultur proiektu erraldoiak.

Beste alde batetik, EAEko herri-erakundeen egoitzei eta administrazio-guneei eutsi ahal izateko, mugikortasun-tasa izugarri handia da. Hirian, egunero-egunero urrutitik datozen pertsonek 12.000 lanpostu betetzen dituzte. Pertsona horietako asko beste lurralde batzuetatik datoz.

Ordezkatzeko ahalmenari dagokionez, Vitoria-Gasteizko hiria Donostia edo Bilbo baino maila apalagoan dabil. Maila apal horren arrazoi behinenetakoa dugu, hein batean, barrualdeko hiria izatea eta garraio-azpiegitura nagusietatik zerbait urrun egotea. Beste alde batetik, azpimarratu behar dugu Vitoria-Gasteiz, politikaren ikuspegitik, batasunik gabeko autonomia erkidego bateko hiriburua dela, eta egoera horrek izugarri bereizi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoa beste autonomia erkidego batzuetatik. "Vitoria-Gasteizek legez eska dezake Gobernuaren egoitza erkideak (Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra eta lehendakariaren egoitza) hirian bertan kokatzeko eskubidea, baina askoz zailagoa du ekipamendu berriak edo "erkidegoko" azpiegitura erkideak hirian lekutzea, lurralde historikoen foru-izaerak kontzentrazio- eta zentralizazio-politikak eragotziko dituelako", adierazten da artikuluan.

Aipamen bibliografikoa

Joseba Juaristi Linacero. 'Vitoria-Gasteiz: la transformación de una capital autonómica (1980-2010)' (Vitoria-Gasteiz: the transformation of a regional capital (1980-2010)). Estudios Geográficos, LXXV lib., 276, 177-218 orr., 2014ko urtarrila-ekaina. ISSN: 0014-1496, eISSN: 1988-8546, doi: 10.3989/estgeogr.201405.