euskaraespañol

Pteroestilbenoa, Resveratrolaren antzeko molekula, gizentasunaren aurkako balizko tratamendua

Karlos III.a Osasun Erakundearen Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren Ziberrari (CIBERobn) atxikitako UPV/EHUko 'Nutrizioa eta Obesitatea' lantaldearen ikerketen arabera, pteroestilbenoak gorputzean metatzen den gantza gutxitzen du

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/28

'Nutrizioa eta Obesitatea' ikerketa-lantaldea
'Nutrizioa eta Obesitatea' ikerketa-lantaldea

Pteroestilbenoa konposatu fenolikoa dugu, Resveratrolaren antzekoa, eta kantitade txikian aurki dezakegu elikagai eta edari askotan, hala nola, ahabietan edo ardo beltzean. Karlos III.a Osasun Erakundearen Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren Ziberrari (CIBERobn) atxikitako UPV/EHUko 'Nutrizioa eta Obesitatea' lantaldeko ikertzaileek, Amerikako Estatu Batzuetako Nekazaritza Sailarekin (USDA) elkarlanean, animalietan egiaztatu dute pteroestilbenoa emanez gero, gorputzean metatzen den gantzaren kantitatea gutxitu egiten dela; gertaera horrek lagun dezake beste gaixotasun batzuk, hala nola, diabetesa, pairatzeko arriskua apaltzen.

Obesitatea edo gizentasuna gaixotasun kronikoa da eta faktore aktoan dauka jatorria; oro har, gorputzean pilatzen deneko gehiegizko gantz-metaketatzat hartzen da. Gaixotasun metabolikoa dugu, oso ohikoa herrialde garatuetan, eta arrisku-eragile esanguratsua da beste patologia eta asaldura batzuk ager daitezen, besteak beste, intsulinaren aurkako erresistentzia, diabetesa, gibel koipetsua, asaldurak plasmako lipidoetan eta arteria-hipertentsioa.

Gizentasuna prebenitzeko eta tratatzeko ohiko jarraibideak ondokoak dira: dieta hipokalorikoa baliatzea eta jarduera fisiko neurritsua egitea epe luzean. Hala eta guztiz ere, aipatutako estrategia horien eraginkortasuna mugatua da eta, sarritan, ez da lortzen nahi den emaitza. Testuinguru horretan, funtsezko osagaiak dietan txertatzeak beste ikuspegi bat eskaintzen dio tratamenduari. Osagai horien adibide ditugu konposatu fenolikoak, Esate baterako, pteroestilbenoa deritzon molekula.

Pteroestilbenoa kantitate txikian agertzen da gizakiek hartu ohi ditugun elikagai eta edari ugaritan, hala nola, mahatsetan, ahabietan, kakahueteetan eta ardo beltzean. Gaurdaino, oso ikerketa gutxi gauzatu dira molekula horien ondorioak aztertzeko; gainera, orain arte egindako ikerlanak minbiziari lotu zaizkio. Ikerketa honen bidez, aipatutako konposatu fenolikoak dituen obesitatearen gaineko ondorioak aztertu dira animalietan; esan beharra dago mota horretako lehen lan aurreklinikoa dela. Egindako saiakeran, pteroestilbenoak gorputzean metatutako gantzaren kantitatea gutxitu zuen, gantz-ehunean pilatzen den gantzaren sintesia murriztuz eta gibelean gertatzen den gantzaren oxidazioa areagotuz.

Etorkizun handiko emaitza horiei esker, patentea eratu da eta ikerketa hau abiapuntua izan daiteke azterketa gizakietan gauzatzeko, molekularen gizeneriaren edo obesitatearen aurkako ondorioak egiaztatzeko helburuz.

Informazio osagarria

Eusko Jaurlaritzak 'Nutrizioa eta Obesitatea' lantaldearen lana aintzatetsi du euskal unibertsitate-sareko ikerketa-talde gisa. Lantaldea Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren Ziberrari (CIBERobn) atxikita dago eta UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizioa eta Bromatologia Arloan eta Arabako campuseko Lascaray Ikergunean jarduten du.

Taldearen ikerketa-ildo garrantzitsuenak obesitatea eta hari lotutako patologiak dira, kasurako, dislipemiak eta diabetesa. Era berean, dietaren osaeraren ondorioak eta gorputzeko gantz-metaketa eragozten duten balizko osagai funtsezkoak aztertzen dituzte, behatutako ondorioak egiaztatzen duten ebidentzien bila eta konposatu horien eraginbideak aztertuz.

'Nutrizioa eta Obesitatea' lantaldearen arduraduna María del Puy Portillo Baquedano dugu. Lantaldea ondoko irakasle eta ikertzaileek osatzen dute: Itziar Churruca Ortega, Alfredo Fernández Quintela, Arrate Lasa Elgezua, María Teresa Macarulla Arenaza, Jonatan Miranda Gómez, Víctor Manuel Rodríguez Rivera eta Edurne Simón Magro. Bestetik ondokoek jarduten dute ikertzaile gisa: Leixuri Aguirre López, Saioa Gómez Zorita, Noemí Arias Rueda, Ana Gracia Jadraque, Itziar Eseberri Barace, Idoia Larretxi Lamelas, Andrea Mosqueda eta Iñaki Milton.

Aipamen bibliografikoa

Gómez-Zorita S, Fernández-Quintela A, Lasa A, Aguirre L, Rimando AM, Portillo MP.  Pterostilbene, a dimethyl-ether derivative of resveratrol, reduces fat accumulation in rats fed an obesogenic diet. Journal of the Agricultural and Food Chemistry, 2014, 62(33), 8371-8378 orr.