euskaraespañol

Italiako enbaxadorearekin UPV/EHUko Letren Fakultatean izandako topaketa

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/24

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean UPV/EHUko Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Master Programak  'Rappresentazioni Femminili nella scrittura e nella scena, tra Italia e Spagna' gaiaren gainean IV. Nazioarteko Jardunaldia antolatu duela eta, Italiak Espainian duen  Pietro Sebastiani enbaxadoreak hartu zuen parte inaugurazio ekitaldian. Era berean, inaugurazio horretan egon ziren Javier Garaizar UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordea, Vicente González Italianisten Espainiako Elkarteko presidentea, Isabel Muguruza Hispaniar Filologia, Filologia Erromanikoa eta Literaturaren Teoria Saileko zuzendaria eta Iñaki Bazan Letren Fakultateko dekanoa.

Bisita baliagarria izan da UPV/EHUk eta Italiako Errepublikak unibertsitateko alderdi askotan mantentzen dituzten harremanak gehiago estutzeko. Horretan oso lagungarria da bi herrialdeen artean dagoen kultura eta hizkuntza hurbiltasuna, irakasle eta ikasleen egonaldiak bi herrialdeetan egiteko aukera eskaintzen baitu.

UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak esan bezala, "gure ikasleak zure herrialdera joateko mugikortasun zifrek erakusten dutenez, gogoko lehenengo herrialdetzat dute. Gainera, lurraldeko unibertsitate gehienetara joaten dira, penintsulako zein uhartekoetara. Berdin gertatzen da gure unibertsitatera etortzea erabakitzen duten Italiako ikasleekin. Gustura asko hartuak dira gure artean eta haien txostenetan azpimarratzen dutenez, oso gogoko dute herrialde hau, bertako natura, herritarrak eta ohiturak".

Ildo horretatik, azken urteotan, batez beste, UPV/EHUko 200 bat ikasle joan dira Italiara truke programen bidez. Eta handik, berriz, ehun ikasle baino gehiago etorri dira Euskal Herriko Unibertsitatera urte osorako. Gaur egun, 150 bat lagun ari dira italiera ikasten Gasteizko campuseko Letren Fakultatean.

Beste horrenbeste gertatzen da Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren mugikortasunarekin, etengabe handitzen doan prozesua da eta unibertsitateen artean kudeaketa praktika onak trukatzeko aukera eskaintzen du. Gauza bera esan daiteke irakasleen trukeari buruz, "gero eta lotura handiagoak eta sakonagoak dira, bai irakaskuntzan, Erasmus edo bestelako mugikortasunen bidez, bai ikerketan, Javier Garaizar errektoreordeak azaldu bezala. Ikastegi honetako historia arloko ikertzaileek eta UPV/EHUko beste ikastegi batzuetakoek harreman jarraitua dute Italiako unibertsitateetako kideekin ikerlan proiektuetan laguntzeko".

Jarduera akademikoaren zati handi batean asko laguntzen dute irakasle lektoreek, beren herrialdeek gure erkidegoan dituzten benetako kontsulak edo enbaxadoreak direnak. "Badakit enbaxadoreak egindako bisitaren helburuetako bat lagun horiek pertsonalki ezagutzea izan dela, haien lana finkatu eta errazteko. Espero dut transmititu izana unibertsitate honek, gaztea bada ere, tradizio luzea biltzen duela bere baitan eta unibertsitate publikoaren balioak defendatzen dituela, denon eta denontzako unibertsitate publikoarenak alegia, beti Jakintzaren eta Ezagutzaren bila dabilela, beti bikaintasun akademikoa helburu duela, konpromiso eta erantzukizun sozial handi baten bidez lortua", bukatu zuen esanez Garaizar errektoreordeak.