euskaraespañol

Kokaina kontsumitzeak bat-bateko heriotzaren arriskua laukoiztu egiten du 19 eta 49 urte arteko pertsonengan

UPV/EHUk, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eta CIBERSAMek elkarrekin egindako ikerketa honetan lehen aldiz ezarri da bi faktore horien arteko lotura

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/11

UPV/EHUk, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eta Cibersamek elkarrekin egindako ikerketa honetan lehen aldiz lotura ezarri da kokaina kontsumitu eta handik gutxira bat-bateko heriotza kardiobaskularra izateko arriskua areagotzearen artean. 19 eta 49 urte arteko pertsonen kasuan, arrisku hori laukoiztu egiten da. Izan ere, kokainaren kontsumoak tabakismoari leporatu ohi zaion jatorri kardiobaskularreko heriotza arriskua bikoiztu egiten du, eta 50 urtetik beherako pertsonen artean arrisku faktore nagusi bihurtzen da.

Horrez gain, zendutako pertsonen auzitegi laginak erabiltzen dituen lehendabiziko ikerketa ere bada honako hau. Hala, Bizkaian, zazpi urteko epean (2003ko urtarriletik 2009ko abendura artekoak), auzitegian aztertutako bat-bateko heriotza guztiak ikertu dira. Lurraldean dagoen zerbitzu bakarrak egin ditu autopsiak, alegia, Auzitegi Patologiako Zerbitzuak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutukoa.  Ikerketa Addiction aldizkari espezializatuan argitaratu da; mendekotasunen arloan nazioarteko bigarren argitalpen garrantzitsuena da Addiction, eta orotara 20 aldizkari daude erregistratuta bertan.

Benito Morentin, Javier Ballesteros, Luis F. Callado eta J. Javier Meana medikuek 437 pertsonen kasuak aztertu dituzte; pertsona horiek bat-bateko heriotza kardiobaskularren ondorioz zendu ziren, baina ez gaixotasun edo intoxikazio akutu batek eraginda.  Ikerketan beste arrazoi batzuengatik hildako beste 126 pertsonen kasuak ere aztertu zituzten.

Lehenengo aldiz, beste azterketa kliniko batzuetan baztertutako populazio jakin bat (bat-bateko heriotza izan duten pazienteak) aintzat hartu dute ikertzaileek. Pertsona guzti horiek bat-bateko heriotza izan zuten, ez biolentoa, eta berehala edo sintomak agertu eta handik sei ordura zendu ziren. Populazio nahiko gaztea aukeratu zen (19 eta 49 urte artean), pertsona nagusien arazo kardiobaskular ohikoenen eragina saihesteko. Halaber, adin tarte horietatik kanpo kokaina kontsumoa oso baxua dela ere kontuan hartu zen; nolanahi ere, kanabisaren atzetik, gehien kontsumitzen den legez kanpoko substantzia psikoaktiboa kokaina da. Euskal Autonomia Erkidegoan droga horren kontsumoa Espainiako, Italiako eta Erresuma Batuko batez bestekoaren gainetik dago.

Ikerketaren datuak
Kasu guztietan autopsia osoa eta azterketa toxikologikoak eta histopatologikoak egin ziren; gainera, datu klinikoak eta heriotzen inguruabarrak aztertu ziren. Abusu drogak, droga terapeutikoak eta etanola antzemateko gas kromatografia eta espektrometria likidoa egin zitzaien. Horrez gain, heriotzaren eta kokaina kontsumitzearen arteko denbora lotura ezarri zen, eta aintzat hartu ziren obesitatea, hipertentsioa, diabetesa eta tabakismoa, infartua izateko beste arrisku balio batzuei dagokienez.

Datuen analisiak erakusten duenez, kokaina kontsumitzeak heriotza arriskua laukoiztu egiten du, ez kontsumitzearekin alderatuta. Hain zuzen ere, bat-bateko heriotzaren ondorioz zendutakoen artean ia %10ek droga kontsumitu zutela antzeman zen; beste arrazoi batzuen ondorioz zendutako pertsonen kasuan, berriz, datu hori % 2 izan zen. Oro har, gizartearen datuekin alderatuta, aurretiaz kokaina kontsumitu zuten pertsonen proportzioa 13-58 aldiz handiagoa izan zen bat-bateko heriotzen kasuan, populazio orokorrean baino. Antzemandako beste arrisku faktore bat sexua izan zen: gizonezkoen arriskua 1,6 aldiz handiagoa da emakumeena baino.

Horrenbestez, ikerketa taldearen ustez, kokaina kontsumitzaileen artean bat-bateko heriotza izateko arriskua handitzea kokainak sistema kardiobaskularrean eragiten dituen ondorioen bitartez azal daitekeela. Kokainak maiztasun kardiakoa, presio arteriala eta bihotzaren ezkerreko bentrikuluaren uzkurkortasuna handitzea dakar, baita miokardioak oxigeno gehiago eskatzea ere. Gainera, ondorioei dagokienez, odol-fluxu koronarioak behera egiten du, arritmia kardiakoak eta tronboak sortzearekin lotu ohi da, suminkortasun bentrikularra areagotu daiteke, eta fibrilazio atalasea jaitsi, besteak beste. Horren ondorioz, bat-bateko heriotza aurretiaz diagnostikatu gabeko gaixotasun kardiobaskular isil baten lehen adierazpen gisa jo daiteke.

Ikertzaileak
Benito Morentin Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Auzitegi Patologiako Zerbitzuko burua da, eta UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak Saileko irakasle elkartua. CIBERSAM (Centro de Investigación en Biomédica en red de Salud Mental) Zentrokoak dira, bestalde, Javier Ballesteros, UPV/EHUko Neurozientziak Sailekoa, eta Luis F. Callado eta Jose Javier Meana, UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldea osatzen dutenak, Farmakologia Sailari atxikitakoa. Javier Meana da CIBERSAMeko taldeburua, eta Callado bezala, BioCruces Institutuari atxikita dago.

Erreferentzia bibliografikoak:
Benito Morentin, Javier Ballesteros, Luis F. Callado eta J. Javier Meana "Recent cocaine use is a significant risk factor for sudden cardiovascular death in 15-49-year-old subjects: a forensic case-control study" Addiction (Argitalpena: 2014ko abendua) DOI:10.1111/add.12691