euskaraespañol

Tesi batek Israelgo Alderdi Laboristaren eta Internazional Sozialistaren arteko harremana aztertzen du

Hutsune historiografiko bat bete du, mundu mailan arabiar eta israeldarren arteko gatazkari erreferentzia egiten ziona

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/12

Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuko ikertzaile eta UPV/EHUko Araba eta Bizkaiko campusetako Esperientzia-geletako Giza Zientzien tituluko irakasle Víctor Manuel Amadok bere doktorego-tesia defendatu zuen: 'Diskurtso nazionalistaren eta konpromiso sozialistaren artean. Israelgo mugimendu laborista, Internazional Sozialista eta gatazka arabiar-israeldarra (1947-1983)' [Between the Nationalist Speech and Socialist Commitment. The Israeli Labour Movement, the Socialist international and Arab-Israeli conflict (1947-1983)]. 1947 eta 1983 artean Internazional Sozialistak (IS) -1951n sortutako alderdi sozialdemokratak hartzen dituen erakundeak- arabiar eta israeldarren gatazkan hartutako jarrera aztertu du egileak.Ikerketa honekin gatazka honi buruz mundu mailan zegoen hutsune historiografikoa bete da.

Epaimahaia, nazioarteko kide eta guzti, irakasle hauek osatu zuten: Juan Pablo Fusi, Madrilgo Complutensekoa; Raanan Rein, Tel Aviveko Unibertsitatekoa;  Joan Culla, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa eta Noe Cornago eta José María Ortiz de Orruño, UPV/EHUkoak. Tesiak bikain cum laude lortu zuen eta Bartzelonako Unibertsitateko Antoni Segura i Mas eta UPV/EHUko Antonio Rivera irakasleak izan dira zuzendariak.

Doktorego-tesi honetan egileak erakusten duenez, Internazional Sozialistak Israelgo Alderdi Laborista babestu zuen politikoki erabat eta modu akritikoan une jakin batera arte; alderdi hori sionismo sozialistaren eta Israelgo Estatuaren ordezkaria zen nazioarteko erakunde horretan. Babes horrek zehaztu zuen ISk arabiar eta israeldarren gatazkarekiko izan duen ikuspegia eta kokapena, Israelgo laborismoa baitzen Internazional Sozialistak Ekialde Erdian duen ordezkari bakarra.

Une jakin batetik aurrera, 1967an hasi arren 1973an Yom Kippurreko gerraren ondoren argi definitua, babes horrek gero eta ñabardura gehiago izan zituen eta pixkanaka gero eta kritikoagoa izan zen Israelgo gobernuek gatazka horren inguruan hartutako politikekin. Dena dela, eta gatazka gaur egun ere indarrean egon arren, tesiak argi uzten du Internazional Sozialistak inoiz ez duela zalantzan jarri eta beti babestu duela Israelgo Estatu judutar demokratikoa.