euskaraespañol

Supernoba eta gamma-izpien leherketari buruzko ikerketa batek izar masiboen heriotzaren ikuspuntu berritzailea eskaintzen du

UPV/EHU, Ikerbasque eta CSICek partaidetza duen partzuergo batek jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman du aldi berean hiru fenomeno ikertuz

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/22

Irudia
GRB130831A irudia, Roque de los Muchachos behatokian kokatuta dagoen Liverpool Telescope-k hartutakoa. Izar leherketaren kokapena irudiaren erdialdean markatuta dago. Gertaera hori duela 4.9 mila milioi argi-urte gertatu zen. Beste bi izar leherketen distantziak ere alderagarriak ziren, 5.7 eta 6.9 mila milioi argi-urtekoak, hurrenez hurren.

UPV/EHU, Ikerbasque eta CSICek partaidetza duen partzuergo batek hiru supernoba eta horiei dagozkien gamma-izpien leherketen (Gamma-Ray Bursts edo GRB, ingeleseko sigletan) ikerketak eman dituen emaitzak argitaratu du artikulu bakar batean. Horren ondorioz estatistikoki frogatu ahal izan da, GRB batekin elkartuta dauden supernobek nikel kopuru handiagoa emititzen dutela gamma-izpien leherketarik lotuta ez dutenak baino. Ikerketa lan honetan 19 herrialde ezberdinetako ikerlariek parte hartu dute eta mundu osoan zehar kokatutako 13 teleskopio erabili dira. Emaitzak Astronomy & Astrophysics izen handiko aldizkariak argitaratu ditu.

Gamma-izpien leherketak edo GRB gamma erradiazio-distira motz eta bizi batzuk dira, gutxi gora behera egunean hiru distiraren ausazko maiztasunarekin zeruan ematen direnak. 2003tik aurrera astrofisikariek uste dute gutxienez gamma-izpi distira horietako gehienak supernobekin lotuta daudela; hala ere, supernoba guztiek ez dituzte gamma-izpiak emititzen.

Kalitate handiko datuak

Nazioarteko partzuergo honek ikertutako lagina hiru GRB eta beraien supernobak osatzen dute.  Nabarmendu behar da, supernobetako batengandik eskuratutako datuen kalitateak, eztandaren ondorioz sortutako neutroi izarraren propietateak ezagutzea ahalbidetu duela. Hain zuen ere, balioetsi ahal izan da neutroi izarrak hainbat kilometroko erradioa duen ziba erraldoi batek bezala jokatzen duela, errotazio periodo handia  (12 mili segundo) eta eremu magnetiko bizi batekin (100 bilioi Gauss, Lurraren eremu magnetikoa 0,5 Gauss den bitartean).

GRBen eta supernoben arteko elkartearen ikerketak nazioarteko baliabideen ahalegin handia eskatzen du, beharrezkoa baita behatoki ezberdinetako teleskopioek distiraren garapena monitorizatzea hainbat hilabetetan zehar. Horrekin azaltzen da, GRB eta supernoben lehen elkartetik hamaika urte igaro direnean, oso kasu berri gutxi argitaratu dira nazioarteko aldizkarietan. Ikerketa berritzaile honek artikulu bakar batean hiru GRB eta hiru supernobaren arteko elkarketaren sintesia aurkezten ditu, eta hori jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa da. Eta proiektu honetan, UPV/EHUk nazioarteko partzuergo handi batean lehen aldiz parte hartzeko aukera izan du.

Izar "txikiak" eta izar "masiboak"

Hainbat hamarkada dira astrofisikariek ondo dakitela izarrak jaio, garatu eta modu ezberdinetan hiltzen direla. Arlo honetan ikerketa ugari egin dira arlo honetan laguntzen dutenak. Horrela, jakina da izar "txikiek" (eguzkiaren masa bederatzi aldiz baino txikiagoa dutenek, gutxi gora behera) lasai bukatzen dutela bizitza, astiro itzaltzen baitira gori-gori dagoen metal bat hozten den bezala. Eguzkia mota horretako izarra da, behin betirako itzali aurretik denbora luzean bizi daitekeena (gutxi gora behera, 10.000 milioi urtera arte). Izar "masiboak" (gutxi gora behera, 10 eguzki masa baino handiagoak direnak) bizitza asaldatuagoak dituzte. Gehienez jota 30 milioi urteko bizitza motz baten ondoren, masa handidun izar hauek eztanda egiten dute bortizki supernoba formarekin.

Supernoba bat forma esferikoa duen leherketa konplexu baten ondorioa da, eta izarrak bere erregai nuklearra agortzen duenean gertatzen da leherketa hori. Astrofisikariek zehaztuta daukate leherketa horien baitan dentsitate handiko objektu zentral bat sortzen dela. Leherketaren objektu zentral soberakina neutroi izar bat edo zulo beltz bat izan daiteke, izarrak duen masaren arabera. Objektu hauen dentsitatea gutxienez 1.017 kg/m2-ra heltzen da, hau da, hegazkin transatlantiko komertzial batek duen masa guztia harea-pikor batean kontzentratzea bezala.

Atal Elkartua

Bai Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak bai Ikerbasquek ikerketa horretan parte hartu dute, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Andaluziako Astrofisika Institutuak (IAA) Euskampusek babestuta Goi Ingeniaritza Eskola Teknikoan (ETSI, Bilbo) sortu zuen Atal Elkartuaren bidez. Beste abantaila askoren artean, lankidetza hori balio erantsia da, Atal Elkartuari nazioarteko partzuergo handietan (adibidez, VLT zientziaren aldetik ustiatzen duena) parte hartzea ahalbidetzen diona. Atal Elkartuko buruak bi dira, batera: Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko katedraduna (aldi, berean, EspaZio Gela ikasgelako zuzendaria) eta Javier Gorosabel, CSICko ikertzaile zientifikoa eta ETSIn Ikerbasque Research Professor dena.

Aipamen bibliografikoa

Cano, Z.; de Ugarte Postigo, A.; Pozanenko, A.; Butler, N.; Thöne, C. C.; Guidorzi, C.; Krühler, T.; Gorosabel, J.; Jakobsson, P.; Leloudas, G.; Malesani, D.; Hjorth, J.; Melandri, A.; Mundell, C.; Wiersema, K.; D'Avanzo, P.; Schulze, S.; Gomboc, A.; Johansson, A.; Zheng, W.; Kann, D. A.; Knust, F.; Varela, K.; Akerlof, C. W.; Bloom, J.; Burkhonov, O.; Cooke, E.; de Diego, J. A.; Dhungana, G.; Farina, C.; Ferrante, F. V.; Flewelling, H. A.; Fox, O. D.; Fynbo, J.; Gehrels, N.; Georgiev, L.; González, J. J.; Greiner, J.; Güver, T.; Hartoog, O.; Hatch, N.; Jelinek, M.; Kehoe, R.; Klose, S.; Klunko, E.; Kopa?, D.; Kutyrev, A.; Krugly, Y.; Lee, W. H.; Levan, A.; Linkov, V.; Matkin, A.; Minikulov, N.; Molotov, I.; Prochaska, J. X.; Richer, M. G.; Román-Zúñiga, C. G.; Rumyantsev, V.; Sánchez-Ramírez, R.; Steele, I.; Tanvir, N. R.; Volnova, A.; Watson, A. M.; Xu, D.; & Yuan, F. A trio of gamma-ray burst supernovae:. GRB 120729A, GRB 130215A/SN 2013ez, and GRB 130831A/SN 2013fu. Astronomy & Astrophysics, Volume 568, id.A19, 16.