euskaraespañol

Jatorrizko Buenos Aires-en sorrera lekua bilatzea

UPV/EHUk lankidetza hitzarmen bat sinatu du Universidad del Museo Social Argentino unibertsitatearekin

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/15

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Sisco, Azkarate eta Schávelzon

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Universidad del Museo Social Argentino (UMSA) unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmenaren xedea da UMSAren Arteen Fakultateko Arkitektura Ondarea Kontserbatzeko Katedraren eta UPV/EHUren Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedraren arteko lankidetza akademikoa bultzatzea, 'Búsqueda del Sitio de la Fundación de la primera Buenos Aires' izeneko ikerketa proiektua egiteko.

Sinatzeko ekitaldian, Argentinako ordezkaritzari dagokionez, Ikerketako Graduondoko errektoreorde Eduardo E. Sisco, idazkari nagusi Aníbal Luzuriaga, Graduondoko Sailaren koordinatzaile Estela Barona, CONICETeko ikertzaile nagusi Daniel Schávelzon eta Ulises Camino arkeologoa egon ziren. UPV/EHUri dagokionez, bertan egon ziren Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedraren zuzendari Agustín Azkarate eta Verónica Benedet, GPACeko arkitektoa.

'La búsqueda del Sitio de la Fundación de la primera Buenos Aires' proiektuaren gune nagusiak Óscar y Alfredo Gálvez autodromoa eta Ribera Sur parkea izango dira, biak ere Hiriburu Federalean kokatuak. Arkeologia aukera handiko eremua dugu; izan ere, leku berean, Carlos Rusconi ikertzaileak material ugari bildu zuen XX. mende hasieran, eta haren kronologia bat etor daiteke hiriaren lehenengo sorrerarekin (1536-1541).

Horretarako, indusketetan aurkitutako materialak aztertuko dira, baita kartografia eta dokumentu iturriak ere, informazio hori guztia GIS batean txertatzeko. Geo-erreferentzia zehaztu eta digitalizatu ondoren, kartografia tematiko bat sortuko da, ahal bezain osatuta. Aukera handieneko eremuak zedarritu ondoren, balorazio zundaketa estratigrafikoak egingo dira, eta hiriaren sorrerarekiko bateragarritasun kronologikoa egiaztatuko da.