euskaraespañol

Taupada-markagailuak, laster, Interneteko konexio eta guzti

UPV/EHUk segurtasun-protokolo eraginkor bat diseinatu du, Internetera konektatutako taupada-markagailuetako eta halako gailu medikoetako informazioa babesteko balio duena

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/28

Irudia

Osasunaren arloa ez dago informazioaren eta komunikazioaren teknologien iraultzatik kanpo. Mikroelektronikan eta komunikazio-teknologietan egin diren azken aurrerapenei esker, ez da zaila irudikatzea Internetera konektatutako sentsore medikoak dituen etorkizuna. Ladón segurtasun-protokoloa, Jasone Astorga UPV/EHUko ikertzaileak garatua I2T (Ikerketa eta Ingeniaritza Telematikoa) ikerketa-taldean, beste urrats bat da sentsoreak ezarri zaizkien pazienteak urrunetik monitorizatzeko bidean. Ladónek dituen ezaugarri iraultzaileek aukera ematen dute halako sentsoreetan pribatutasuna bermatzen duten aplikazioak ezartzeko, alegia, informazio medikoa legezko eta baimendutako eskaerei bakarrik ematen zaiela bermatzeko.

Gizartea zahartzen ari denez, soluzio berri errentagarriagoak behar dira pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko eta zahartzeak gizarte-ongizatearen sistemari eragiten dion karga murrizteko. Gaur egun, gero eta taupada-markagailu eta desfibriladore kardiobertsore ezargarri (DKE) gehiago ezartzen dira mendebaldeko gizarte modernoetan. Halako gailuek bihotzaren erritmoa kontrolatzen dute, eta, beharrezkotzat jotzen dutenean, erantzuna bidaltzen diote bihotzari erritmo egokian egin ditzan taupadak. Horrez gainera, bihotzaren jarduera-patroiak erregistratzen dituzte, ezohiko bihotz-erritmoa detektatzen dutenean. Informazio hori egiaztatu, monitorizatu, egiten du mediku batek aldian-aldian, etorkizuneko tratamendurik egokiena zein den erabakitzeko. Horretarako, informazioa haririk gabe transmititzen da kanpoko gailu batera. Gaur egun, komunikazio hori ospitaleetan egin ohi da.

Taupada-markagailuen eta DKEen fabrikatzaile nagusiak urrutiko administrazio-gailuak merkaturatzen hasi dira. Sentsore mediko ezargarri eta haririk gabekoen urrutiko monitorizazioa etengabe ari da garatzen, baina, nolanahi ere, hutsune handiak ditu oraindik. Bilakaera horren hurrengo pauso naturala izango da sentsore medikoak zuzenean Internetera konektatzea; izan ere, horri esker, noiznahi eta Internetera konektatutako edozein gailutatik eskuratu ahal izango du medikuak sentsoreetan gordeta dagoen informazioa. Hori aurrerapen handia izango bada ere, transmititzen den informazioaren pribatutasuna babesteak, besteak beste, baldintzatzen du halako monitorizazio-sistema baten arrakasta. UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko ikertzaile batek Ladón segurtasun-protokoloa garatu du; hots, medikuak erabiltzen duen terminalaren eta pazientearen gailuaren arteko komunikazioa autentifikatzeko, baimentzeko eta muturretik muturrerako gakoak ezartzeko mekanismo eraginkorra, zeinak ezaugarri iraultzaileak ematen baitizkie halako sentsoreei.

Energia-efizientzia, memoria-bolumena eta itxarote-denbora

Sentsore mediko ezargarrien soluzio berriak garatzeko hiru parametro garrantzitsu izan behar dira kontuan: energia-kontsumoa, memoria-bolumena eta itxarote-denbora. Energia-efizientzia da gailu-mota horietan erabiltzeko protokolo ororen diseinu-parametrorik garrantzitsuena; izan ere, gailu horietan erabiltzen diren bateriak ordezteko zauri bat ireki behar da pazientearen bularraldean. Jasone Astorga UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez, egiaztatu dute "Ladón protokoloaren energia-kontsumoa baztergarria dela taupada-markagailu batek edo DKE batek terapian zehar (alegia, estimulatu edo desfibrilatu egiten duenean) kontsumitu ohi duenarekin alderatuta, eta ez duela eragin garrantzitsurik baterien iraupenean". Bestalde, egiaztatu dute oso memoria gutxi hartzen duela segurtasun-aplikazio hau sentsoreetan inplementatzeak. Eta, azkenik, protokoloak komunikazio seguru bat ezartzeko eragiten duen itxarote-denbora oso txikia da. Horregatik guztiagatik, protokolo egokia da sentsoreetako sarbidea kontrolatzeko eta autentifikatzeko funtzioak inplementatzeko eta gako sekretuak ezartzeko, eta, hala, haririk gabeko saretik transmititzen den informazio medikoaren konfidentzialtasuna eta osotasuna babesteko.

Sentsore medikoen urrutiko monitorizazioan erabiltzeaz gainera, protokoloarekin egin diren egiaztapen guztiek agerian utzi dute autentifikatzeko, baimentzeko eta gakoak ezartzeko protokolo egokia dela Ladón, baita itxarote-denboraren ikuspegitik kritikoak diren aplikazioen segurtasunean erabiltzeko ere, hala nola telekirurgian. Nolanahi ere, oraindik urrun dago protokoloa helburu horietarako merkaturatzeko aukera. Orain, benetako taupada-markagailuekin egin beharko lirateke baliozkotzeak; izan ere, "sentsore komertzial bat erabiliz egin dugu baliozkotzea, ez benetako taupada-markagailu batekin", azaldu du ikertzaileak. Hau da, "benetako sentsore medikoekin eta benetako pazienteekin egin beharko lirateke azterketak -azaldu du Astorgak-. Dena dela, uste dugu urrats bat egin dugula sentsore medikoak ezarriak dituzten pazienteen urrutiko monitorizazioak har dezakeen garapen-ildoan".

Informazio osagarria

Jasone Astorga (Amurrio, 1981) telekomunikazio-ingeniaria da (UPV/EHU), eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko irakasle-laguntzailea. Ladón protokoloaren diseinua tesian egindako ikerketaren oinarriz izan zen.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • J. Astorga, J. C. Astorga, E. Jacob, N. Toledo, M. Higuero (2014). "Securing access to next generation IP-enabled pacemakers and ICDs using Ladon", Journal of Ambient Intelligence and Smart Environments, ISSN: 1876-1364, vol. 6, n. 2, 157-177.
  • J. Astorga, E. Jacob, N. Toledo, M. Aguado (2014). "Analytical Evaluation of a Time- and Energy-Efficient Security Protocol for IP-enabled Sensors", Computers and Electrical Engineering, ISSN: 0045-7906, vol. 40, n. 2, 539-550.
  • J. Astorga, E. Jacob, M. Huarte, M. Higuero (2012). "Ladon: End-to-end Authorization Support for Resource-Deprived Environments", IET Information Security, ISSN: 1751-8709, vol. 6, n. 2, 93-101.