euskaraespañol

UPV/EHUk abian jarri ditu lehendabizikoz bi MOOC ikastaro

Ikastaro masibo, ireki, dohaineko eta online bidezko hauek martxoan hasita egin ahal izango dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/24

Irudia

Iragan urtean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak deialdi bat abiatu zuen Massive Online Open Course (MOOC) ikastaroak diseinatu, ekoiztu, argitaratu, gauzatu eta ebaluatzeko asmoz. Orain, dagoeneko eskura daude, Universia eta Telefónicak sustatutako Miríada X plataformaren bidez.

MOOC ikastaroak urrutiko prestakuntzako ikastaroak dira, jakintza modu irekian, doan eta on line eskuratzea oinarritzat hartuta ahalik eta erabiltzaile gehienengana heltzea helburu dutenak, horretarako elkarlanean aritzeko metodologia parte hartzailea erabiliz. Berariazko eskaintza antolatzeko helburuaz, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak deialdia sustatu nahi izan zuen bertako irakasleen artean 2014-15 akademi ikasturtean barrena irakats zedin. Lehendabiziko bi ikastaroak, 'Pensamiento Computacional en la Escuela' [Pentsamendu konputazionala eskolan] eta 'Asma en niños. La epidemia del siglo XXI' [Asma haurrengan. XXI. mendeko izurria] eskura daude jada Miríada X plataformaren bidez, jakintza modu irekian zabaltzeko apustua egina baitu Iberoamerikako goi hezkuntzaren eremuan.

Plataforma hau Universia sarea osatzen duten unibertsitateetako irakasleen esku dago, hezkuntza mota honen eskaintza egiteko, eta Telefónica Learning Services konpainiak, hezkuntza eta prestakuntzarako online ikaskuntzarako programa integraletan espezializatutakoak, eta Universiak, gaztelania eta portuges hizkuntzako unibertsitateen sarerik handienak sustatzen dute 2013ko urtarriletik.

Informazio eta komunikazio teknologiak unibertsitateetan, bai irakaskuntzan bai ikerketan, apurka-apurka ematen ari den aldaketa baldintzatzen ari dira. Oraintsu agertu den irakaskuntza ereduetako bat, sarea eta informazioa beste era batera ulertzetik sortutakoa, MOOC ikastaroena dela adierazi du Inmaculada Maiz UPV/EHUren Akademia Antolakuntzako eta Campus Birtualeko zuzendariak.

MOOC izena ematen zaio osorik on line ematen den eta ezaugarri nagusitzat irekia eta "masiboa" izatea dituen ikastaroari. Hain zuzen ere, UPV/EHUko MOOC ikastaroen ezaugarri nagusiak dira, urrutiko hezkuntzarako eskaintzaren barruan, irekiak izatea, alegia, bertara sartzeko ez da ezelako baldintzarik eskatzen eta edonork har dezake parte; linean eskainitakoak, hau da, urrutitik eskaintzen da oso osorik; masiboak, ahalik eta erabiltzaile kopururik handienera iristeko diseinatua, parte hartzaileen kopururik aldez aurretik zehaztu beharrik gabekoa; autonomiadunak, ikasleen ikasketa autonomoa sustatzeko pentsatutako egitura baitute; eta parte hartzekoak, bideratuta baitaude elkarte birtualak sortzera, ikasleek jakintzak eta esperientziak berorietan parteka ditzaten, lankidetzarako sareak sortzeko eta proposatutako gaien inguruko solasaldiak egiteko bideak eskainiz.

Hasieran, UPV/EHUren MOOC ikastaroen eskaintza bateratzeko eta ikastaro horiek definitu eta abian jartzeko, ikastarook oinarrizko egitura bat bermatuko duten ezaugarriak izan behar dituzte. Gutxienez, lau aste eta, gehienez, hamabi asteren iraupena izan behar dute, ikaslearen arduraldia ez da izango bost ordutatik gorakoa astean, moduluka antolatuta egon beharko du eta, hauetariko bakoitzak ikusentzuteko materiala, laguntzarako material teorikoa eta ebaluazio sistema izango ditu.

Aurrekoaz gain, MOOC ikastaroak sarrerarako modulu bat eduki beharko du. Bertan MOOC ikastaroan emango den gaia deskribatzeko bideo labur bat egon beharko da. Horrez gain, modulu honetan MOOC ikastaroan parte hartuko duten ikasleek dituzten jakintzak ebaluatu ahal izango dira, irakasleak edo irakasle taldeak jakin dezan ikasleen hasierako maila zein den.  Gainera, MOOC ikastaroan parte hartzen duten ikasleen arteko komunikazioa sustatzeko eta ikasleok dituzten jakintzen trukerako eztabaidak bultzatzeko, irakasleak edo irakasle taldeak eztabaida foro bat sortu beharko du. MOOC ikastaroen izaera irekia dela eta, plataformako MOOC ikastaroetan erabilitako material guztia Creative Commons lizentziapean argitaratu beharko da nahitaez.

Honako web gune honetan agertzen dira Miríada X plataforman UPV/EHUk eskainitako lehendabiziko bi MOOC ikastaroak: https://www.miriadax.net/web/universidad-del-pais-vasco