euskaraespañol

Geoloeguna: 'begi geologikoekin' begiratzen ikasteko

Geologia gizartera hurbiltzeko doako ekintza irekiak Bizkaian eta Araban, asteburu honetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/06

Arriatera hondartzako fosilak (Sopela).

Geoloegunak interes geologikodun tokietara joateko txangoak dira. Geologoek gidatutako bisitak izaten dira, eta informazioa dibulgazio mailan eskaintzen da. Edozein motako publikoari zuzenduriko ekintzak dira, eta parte-hartzaileek toki horiek begi geologikoekin ikusteko aukera izaten dute. Araba eta Bizkaiko Geoloegunak UPV/EHUko pertsonalak antolatu ditu.

Bizi garen inguruneko zenbait aspektu ezagutzera emateko modu bat da Geoloeguna, prozesu geologikoen funtzionamendua ulertzeko eta, era berean, ondare geologikoa babesteko garrantziaren inguruan gizartea ohartarazteko. "Oso hurbil dauzkagu bitxikeri geologiko ikaragarriak, baina ez gara horretaz kontziente", dio Amaia Ordiales geologoak, SciGea ezagutza zientifikoaren dibulgaziorako enpresa proiektuko kideak. "Jendeari informazioa eskaini eta bultzadatxo bat ematen bazaio, ordura arte inoiz jabetutako gauzen inguruan hasten da pentsatzen", gehitzen du Ordialesek.

2011. urtetik aurrera, urtero antolatzen da Geoloegun bat maiatzeko bigarren asteburuan estatuko probintzia guztietan. Programa hau hainbat elkarteren koordinazio lanaren emaitza da: Espainiako Geologia Elkartea, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua eta Lurreko Zientzien Irakaskuntzarako Espainiako Elkartea. Era berean, Zientzia eta Teknologiarako Fundazioak finantzatzen du. 2016ko zita maiatzaren 7an eta 8an izango da, eta Bizkaia eta Arabako kasuan, Geoloegunaren barruan antolaturiko ekintzak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea-k eta SciGea-k antolatu dituzte.

Zita bikoitza

Maiatzaren 7an, larunbata, Geoloeguna 2016 ospatuko da Araban Grandes saltos de agua alaveses: evolución del relieve izenburupean. Ibilbidea Delika, Kuartango eta Lakozmonteko haranetan zehar egingo da, eta baita hauek banatzen dituzten mendilerroetan zehar ere (Arkamo eta Gibijo). Helburu nagusia erliebearen eboluzioaren eta honek bertako arrokekin eta zonaldeko egiturekin duen harremanaren adibide adierazgarri bat ezagutzea da. Txangoan zehar UPV/EHUko irakasle diren Luis Eguiluz, Alberto Bandrés, Ruth Jiménez eta Josu Junguitu izango dira azalpenak emango dituztenak.

Igandean aldiz, maiatzaren 8an, Bizkaiak hartuko du lekukoa Galeatik Sopelara urrearen bila izenburua daraman ekintzarekin. Blanca Martínez, Irantzu Guede, Amaia Ordiales eta Jone Mendicoa UPV/EHUko geologo eta ikertzaile eta SciGea-ko kolaboratzaileak dira antolatzaileak. Txangoa Getxoko Galeako gotorlekuan hasiko da 10:00etan Sopelaraino kostaldetik heltzeko. 5 km-ko luzera duen ibilbidean zehar parte-hartzaileek paisaia ikusgarria behatzeko eta bertako historia eta eboluzio geologikoa ezagutzeko aukera izango dute. Antolatzaileek azaldu duten bezala, "Zumaiako Flysch-a oso ospetsua da, baina hemen ere badira formazio interesgarriak".

Uraren eragina Arabako zonaldean

Luis Eguiluzek, txango honetako arduradunetako batek azaldu duenez, "Arabako Geoloeguneko edizio honetan erliebearen eboluzioa aztertuko dugu, zergatik eratzen diren formazio batzuk eta ez beste batzuk". Helburua "urtero problematika ezberdinak erakusten dituen zonalde ezberdin bat ezagutaraztea" dela gehitu du. "Arabako ur-jauziak bertako erliebearen formazio adierazgarrienak dira" eta horregatik aukeratu dira aurten. Bisita honetan, beraz, zonalde honetako arroken formazioan eragin zuten sedimentazioak, aurkezten dituzten egiturak sortu zituzten prozesu tektonikoak eta sedimentazioak zein egiturek gaur egun dituzten ezaugarri fisiografikoetan izandako eragina eztabaidatuko dira, baita ere uraren eragina gaur egungo topografiaren formazio zein modelaketan. Proposaturiko irteera errepidetik egingo da autobusez, baina oinez egiteko ibilbide bat ere barne hartzen du. Zonalde geografiko honek duela 250 milioi urte hasi zuen bere eboluzioa.

Lehenengo geldiunea Gujuliko ur-jauzian egingo da, jarraian Kuartangoko haraneko harkaitz nagusiak ikustera joateko, Marinda tontorra eta Techako haitzartea erreferente direla. Segidan, Subijanako akuiferoa ezagutuko da, non arroken barneko uraren jokabidea aztertuko den. Bisita bukatzeko, Santiago mendian ibilbidea egingo da oinez. Bertan zonalde karstikoa behatzeko eta Delikako ur-jauzira iristeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Ur-jauzi honek 222 metroko garaiera dauka eta estatuko altuena da.

Aurreko edizioetan Arabar Errioxa, Valderejo eta Añanako Gatz Harana bisitatu izan dituzte, beste batzuen artean. Asteburu honetarako dagoeneko ia 40 pertsonek ematen dute izena. Parte-hartzaileek zonalde horretako geologia ezagutzeaz gain, "bertako arkeologia eta etnografiaren inguruko irakaspenak ere jasoko dituzte", Eguiluzen hitzetan.

Geologia Interesdun Lekuak Bizkaiko kostaldean

Bizkaiko Geoloeguneko antolatzaileek azaldu dutenez, "era honetako ekintzak antolatzen direnean gauzarik zailena kokapena erabakitzea da". Izan ere, "edozein pertsona erraz iristeko moduko tokia, geologikoki anitza eta elementuak erraz ikusten diren lekua izan behar du".  Ikuspegi soziala eta publikoa identifikatuta sentiarazi ahal izatea ere izaten dute kontuan. Horregatik da Geologiaren didaktikarako tresna ezin hobea Punta Galeatik Sopelara doan itsasertza. Lurreko zientzien hainbat arloetako prozesu, egitura eta material geologikoen adibideak aurki daitezke bertan, duela 210 milioi urtetik XX. mendera bitarteko adina dutenak. Elementu hauetako batzuk Geologia Interesdun Lekuetako Euskal Autonomi Erkidegoko Inbentarioan jaso dira: Sopelako K/Pg Muga, Gorrondatxeko Eozenoa, Barrika-Galeako Paleozabalgunea, Gorrondatxe eta Tunelbocako Hondartza zementatua, Galea lurmuturreko Tolestura sinklinala eta Galea lurmuturra-Tunelbocako Nummuliteak.

Ibilbidean zehar hiru geldialdi egingo dira. Bertan geologoek zonalde bakoitzeko ezaugarriak azalduko dituzte. Lehenengoa Galeako lurmuturrean izango da: hemen ikus daitezke duela 43 milioi urte eratutako Flysch kalziturbiditikoa eta higadura diferentzialak geruza ezberdinetan izandako eragina haizea, itsasoko ura eta euriaren elkartzearen ondorioz.

Bigarren geldiunea Gorrondatxe hondartzan egingo da. Bertako Flysch karetsua mundu mailako garrantzi geologikoa duen azaleratze bat da, eta Luteciarreko estratotipo izendatu zen (GSSP). Urre-koloreko iltze batek markatzen du Ypresiarraren (behe Eozenoa) eta Luteciarraren (Eozeno ertainaren hasiera) arteko muga. Hondartza honetan beach-rock harri sedimentarioa ere aurki dezakegu, kaltzio karbonatoarekin maila desberdinetan zementaturikoa. Sedimentu-mota ezberdinak nahasita eratu zen, hala nola, XX. mendean hondartzan jalkitako Labe Garaietako hondakinak eta galdaketetako zepak.

Hirugarren eta azken geldiunea Sopelako Arriatera hondartzan kokatzen da. Hemen K/Pg Muga aurki daiteke, marga eta kareharrien txandakatzea, Kretazeo (K) eta Paleogenoaren (Pg) arteko trantsizioa irudikatzen duena. Zonalde honetan Kretazeoko fosilak beha daitezke 72-66 milioi urte dituzten kareharri eta margetan. Hauek ozeano sakoneko garai hartako ingurune baldintzen berri ematen digute.

Antolatzaileak oso pozik agertu dira, izan ere, dagoeneko ehun pertsonek eman dute izena ekintza honetan. Blanca Martínezek azaldu duenez, txango hauetan parte hartzen dutenek zientziari ekarpen handia egiten diote: "Jendeak zonalde bakoitzeko istorioak kontatzen dizkigu, eta horrek lagundu egiten digu toki horretako informazio zientifikoa osatzen eta gerora ezagutza hori zabaltzen".

Gaur badago oraindik aukera ekintza hauetan izena emateko. Informazio gehiago hemen.

 

Argazkiak eta bideoa: Laura López. UPV/EHU