euskaraespañol

«Sariez haratago, bezeroekin nola lan egin ulertzeko aukera ematen dute deialdiek»

Haizea García, Jon Zurimendi, Raquel Miranda eta Marina Lezkanok lehiaketa ezberdinetan gailendu dira diseinu berritzaileei, ikus-entzunezko lanei edo ilustrazioei esker

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/23

Irudia
Lau ikasle sarituak. Argazkia: UPV/EHU

Musika-Música Jaialdiaren hamaseigarren edizioa martxoaren, 2tik 5era bitartean egingo da Euskalduna Jauregian. Bohemia izenburupean, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikariak izango ditu protagonista. Aurtengo nobedadeen artean kartelarena izango da, Edizio honetako kartela Haizea Garcíak (20 urte, Barakaldo) sortutakoa baita, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikaslea.

"Kartelean Lur erdia ikusi daiteke nota zuriz osatuta, Bizkaia eta Bohemia gorriz adierazita (Musika Musica hitzak eta dagokion  informazioa bezala) atzealde urdinaren gainean", laburtu du Haizea Garcíak, Sorkuntza eta Diseinuko Graduko 3. Mailako ikasleak, zeina une honetan Erasmus beka batekin Bristol-eko University of West England dagoen. Etorkizunean ezagutza esparrua zabaldu nahiko luke, ilustrazioarekin zerikusia dituen ikasketak jorratu, eta, ondoren, animazioarekin zerikusia dituenak; halere, ez du oso argi oraindik. "Oraingoz, ematen dizkidaten aukerak aprobetxatzen saiatzen naiz", ondorioztatu du.

Jon Zurimendi (24 urte, Bilbo), UPV/EHUko Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Unibertsitate Masterreko ikaslea, iragan azaroan ospatutako Zinebi Expres Laburmetrai Lehiaketako azken edizioan gailendu zen, Rubén Gonzálezekin elkarlanean egindako ‘Tigre' ikus-entzunezko lanarekin.

"Hiru egunetan egin behar genuen laburmetraia, izen ematearen unean ezagutarazten zen gai komun bati buruz.Gaia 58 zenbakia izan zen. Nire intereseko eremuak diren animazioa, arkitektura eta ez-fikzioa lotu nituen tigre batek gutxi gorabehera dituen 58 marrekin; hala, Deustuko eraikin bat koroatzen duen tigrea hartu nuen aitzakiatzat filma egiteko. Imaginatzen dut aurkeztutako proposamen original eta apurtzaileari esker eman zidatela saria", azaldu du Zurimendik.

Hiru Michelin izar

Raquel Miranda (21 urte, Getxo) eta Marina Lezkano (22 urte, Camargo) aurkeztu ziren Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak —hiru Michelin izar— ateratako deialdi batera. Han, jatetxeak sustatzen duen jasangarritasun filosofia jasotzen zuten proposamenak aurkeztu behar ziren. "Ingurugiroarekiko kontzientzia handitu eta pertsonek harekiko duten jarrera aldatzeko, gure landare eta elikagaiak jagotzeko izan behar dugun ardura azpimarratu nahi nuen. Hala, Azurmendin jaten duten bezeroek haziei buruzko informazioa duen paperezko diseinu bat jasotzen dute tinta aurreztuz ingurugirua errespetatzen duen tipografiaz egindakoa. Ideia horren harira jatetxeko menuaren karta ere diseinatu nuen", azaldu du Raquel Mirandak, Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleak.

"Ikasketan zehar ohartarazi naiz gehien gustatzen zaidana diseinua dela. Nire ustez, artea, gaur egun, inkomunikatuta dago, aditu batzuei zuzentzen da bakarrik eta kolekzio pribatu eta mueseoetako paretetan dago giltzapetuta. Aitzitik, diseinuak nire alde kreatiboan sakontzen laguntzen dit eta egunen batean zerbait berritzailea eta onuragarria eskaintzea gustatuko litzaidake. Diseinua beraz, gaur egungo arteak gizartearengan duen eragina gainditzen lagunduko didan tresna izatea da nire asmoa" adierazi du Mirandak.

Bere ikaskidea den Marina Lezcanok ere Azurmendi jatetxearekin lan egin du. Kasu honetan ilustrazio liburu baten proptotipoa egin du, "forma eta silueten bidez, paperezko antzerkitxoa balitz bezala". "Liburuan Azurmendi jatetxearen ingurua irudikatu dut urtaro desberdinetan. Hortaz, basoa, paisaia eta sukaldean erabiltzen dituzten elikagaiak: onddoak, abereak… agertzen dira.

"Aitortzez eta sariez haratago, honelako txapelketek eta deialdiek", Haizea García, Jon Zurimendi, Marina Lezcano eta Raquel Mirandaren esanetan, zerbait zehatza eskatzen duen "bezero batekin nola lan egiten den ulertzeko eta egokitzeko aukera suposatzen dute". Baita ere "curriculuma aberasteko, eta hori ez da gutxi".