euskaraespañol

Joan Mateo, Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Politikarako idazkaria

«Perbertsioa da herrialdeok lehian aritzea PISAren rankinga dela-eta»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/26

Irudia
Joan Mateo eta Pello Urkidi. Gorka Estrada. UPV/EHU

Donostian izan da Joan Mateo, 'Eskala Handiko Ebaluazioak: PISA eta beste diagnosi-ebaluazio batzuk' jardunaldietan parte hartzen. Jardunaldi horiek UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu dituzte. Elkarrizketan, Pello Urkidik parte hartu du, UPV/EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakasle titularrak

Zergatik dira garrantzitsuak eskala handiko ebaluazioak, PISA eta horren antzekoak?
Ez dira garrantzitsuak, funtsezkoak dira. Globalizazioaren garai honetan, izan dezakegun jarraibiderik onena da adierazleak izatea, herrialde bakoitza munduan koka gaitezen eta jakin dezagun zer maila dugun gure sistemaren kalitateari dagokionez. Kontua da perbertsio-mota bat ere sartu dutela, eta hori zuzentzea komeni dela. Uste dut, gainera, denborarekin zuzenduko dela.

Zer perbertsio da hori?
Herrialde guztiok sartu gara lehian, ebaluazioko proba bakoitzean rankingaren puntan nor egongo, eta lehia horren arrakastak eragin handiegia izan du PISA ebaluazioan. Eta hori erabateko perbertsioa da. Egin behar duguna zera da, herrialde bakoitzak zer gaitasun-maila lortzen duen ikusi, eta arrakastarik handiena izan dutenak aztertu; beste adierazleak zein diren aztertu behar da, eta zer testuingurutan mugitzen diren ikusi, ulertzeko zergatik lortu duten arrakasta, eta ikusteko zenbateraino geuregana ditzakegun laguntza-neurri horietako batzuk. Guztiok ditugu gaitasunak; guztiok ikas dezakegu, eta baita besteei erakutsi ere. Eta PISA ebaluazioak hori sustatu beharko luke, esperientzien trukea: besteek zer egiten duten ikusi, eta emaitza onak zergatik lortu diren aztertu.

Zergatik lortzen dituzte hain emaitza onak ebaluazioetan zenbait herrialdek, adibidez Koreak edo Singapurrek?
Emaitza onak lortzen dituzte, baina ez sistemari esker. Horren atzetik lehiaren kultura indartsua duten familiak daude, eta ikasleek, eskolak amaitzean, 3, 4 eta 5 ordu ematen dituzte lanean eskolaz kanpo, lehiakorragoak izateko. Koreako hezkuntza-sistemak puntuazio altuenetakoak ditu, baina, seguru asko, munduko sistemarik okerrenetakoa da. Bada korear bat urtean milioi bat dolar baino gehiago irabazten duena: xaman handi bat balitz bezala, gaitasunen inguruko prestakuntza ematen die ikasleei Internet bidez. Eta jendeak ordaindu egiten dio. Hori astakeria da.

Zer neurri hartu dituzte Portugalen, adibidez, azkenaldian ebaluazioan halako hobekuntza egiteko?
Portugalek, hasteko, bere curriculuma aldatzea lortu du; bigarrenik, sistemari baliabide gehiago eman dizkio; eta hirugarrenik, bere sistema guztia jendeak sinetsi edo onartzen dituen helburu estrategiko batzuen zerbitzura jarri du. Nire ustez, hori funtsezko osagaia da. Haien ministerioko web-orrian sartzen bazara, hizkuntzen probak daude, bereziki ingeles-probak, ikasleek beraiek jakin dezaten zer maila duten eta zer maila beharko duten. Baina ez maila hori egiaztatzeko edo nota jartzeko; helburua da ikasleak jakitea zer maila duen, eta zer osagai jarri behar dituen lortu nahi duen mailara iristeko. Hau da, lortu dute jende guztiak bat egitea helburu batzuk —Europak dituen helburu berak— lortzeko estrategiarekin, jendea motibatuz eta hezkuntza-proiektua arrazionalizatuz. Nire ustez, hori da bidea.

Zabalduta dago hezkuntza-komunitateak proba gehiegi egin behar dituelako ustea; ez bakarrik PISA ebaluazioagatik, baita LOMCEren kanpo-ebaluazioagatik ere.
LOMCEren probetan gauza asko urratzen dira. Lehenengoa: ikaslea ebaluatu behar duena irakaslea da, eta ez sistema. Baina estatuak kontrolatu egin nahi zuen Espainiako ikasgela guztietan zer egiten zen, haur bakoitza kontrolatuz, ikastetxe bakoitza, erkidego bakoitza, ikusteko ea nola betetzen zuten estatuko curriculum zentralizatua, kontuan izan gabe testuinguruak, ikastetxeen autonomia edo paisaiaren aniztasuna... Eta, jakina, jendeak horren aurka egin zuen. Orain, itun berri bat egiten ari dira hezkuntzarako, ikusi dutelako LOMCE ordezkatu edo aldatu beharra dagoela. Ebaluazioak huts egin du, eta, harekin batera, huts egin dute LOMCEk eta estatuak sortu zuen arkitektura guztiak. Harrezkero, jendeak jada ez ditu ikusten probak mehatxu gisa, ondo asko dakielako probetatik lortzen den informazio bakarra sistema eta ikastetxea bera hobetzeko informazioa dela. Jendeari ulertarazten badiozu hori ez dela haiek epaitzeko zerbait, benetan zer den ikusten dute: ikastetxean eta beren irakaskuntza-arloan gertatzen ari dena hobeto ulertzeko tresna bat.

Bestalde, irakasleen ebaluazioak ere dezenteko mesfidantza eragiten du…
Irakasleak ulertzen badu ebaluazioaren helburua ez dela bera kontrolatzea, baizik eta bere irakasle-ibilbidea garatzen laguntzea, eta jabetzen bada estrategikoki sartuko duela bere esperientzia pertsonalean bere burua garatzeko behar duena, beldurra galtzen dio ebaluazioari.

«Ikastetxeak aukeren gune bihurtuko bagenitu, jendeak etorri nahiko luke»

Lehen, ebaluazioa azken fasea zen. Orain, berriz, hasierako fasea da. Izan ere, nork daki nora goazen? Zer plangintza egin daiteke etengabe aldatzen ari den munduan? Ezin dira ezarri helburu estrategikoak, sistemari buruzko informazioa etengabe emateko ebaluazio-eredurik ez badago. Ezin da egin beste modu batera.

Etorkizuneko hezkuntzan, hamar puntuko hiruhilekoko azterketak kenduko ditugu?
Kenduko ditugu, ez dago zalantzarik. Gauza bat da neurtzea, eta beste bat nota jartzea eta ebaluatzea. Hiruhilekoko hamar puntuko azterketak nota jartzeko egiten ziren. Orain, beste gauza bati buruz ari gara, ebaluazioari buruz. Eta ebaluazioa etengabekoa da. Etengabeko ebaluazioak esan nahi du ikasketa-prozesuak ebaluaziorako osagaiak dituela bere baitan, ikasleak une oro uler dezan nola ari den ikasten. Ikasteko metodologia aldatuz doa, etengabe balorazio-osagaiak sartzearen bidez. Horrek ez du inolako zerikusirik hiruhilekoko azterketekin. Datorkigun gizartean, ikasleek jada ez dute eskolan bakarrik ikasiko; beraz, ikaslearen ikasketa-maila neurtzeko jakintza hori nola txertatuko dugun ikusi beharko da, hori ere erabili ahal izan dezan zer dakien erakusteko eta aurrera jarraitzeko. Hau da, egiten ari garenari buruzko kontzeptua aldatu behar dugu. Dena den, urteetan jarraituko dugu 0tik 10era ebaluatzen.

Eta, dirudienez, ikasketa-amaierako azterketak ere luzerako ditugu oraindik…Hezkuntza-sistemak, beste ezeren gainetik, aukerak eman behar ditu, eta oztopoak eta arazoak ematen ditu. Inork aukerarik ez izateko sistema da. Etorkizunean pentsatu eta diseinatu behar dugun hezkuntza-sistemak ez du izan behar oztopo-lasterketa, amaierara soilik hautatuak iritsiko diren sistema; amaierarik ez duen sistema izan behar du, amaiera bizitza osoa izango delako:  bizi osoan zehar ikasten jarraitu beharko dugu. Batzuk lehenago iritsiko dira agian, beste batzuk geroago, baina guztiek jakin behar dute beren gaitasunak eta aukerak zein diren; guztiei utzi behar zaie lan-munduan, benetako munduan, sartzen, eskolan jasotzen duten prestakuntza horretatik abiatuta.

"Orain Bihar da" izeneko eztabaida batean nik proposatu nuen 18 urtera arte luzatu behar zela derrigorrezko hezkuntza. Alde guztietatik eman zidaten. Eta nik erantzun nien hipokritak direla. Burgesiako klase ertainean eta goi-klasean, ikasleek ez dute eskola 16 urterekin uzten; guztiak iristen dira 18 urtera. Iristen ez direnak klase zaurgarrietakoak dira. Iristeko duten modu bakarra behartuta da. Eta esaten zidaten: "Zer egin behar dugu haiekin ikasgelan, etorri nahi ez badute?" Baina galdera ez da hori. Galdera da zergatik ez duten etorri nahi. Ikastetxeak aukeren gune bihurtuko bagenitu, jendeak etorri nahiko luke, jendea ez da inozoa. Baina ikastetxeak oztopo-hesi bihurtzen badira, ez dute etorri nahiko, jakina.