euskaraespañol

Aurkezpena

VII. Antonio Beristain Saria emateko ekitaldia

Noiz eta non

2017/11/23, 13:30 - 00:00

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Ostegunean, azaroak 23, 13:30ean, UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroko entzunaretoan, Donostian, ‘Antonio Beristain’ Ikerketa Biktimologikoaren VII. Saria emango dute Kriminologiako Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Honako hau izan da aurtengo irabazlea:

Eduardo Mateo Santamaría, Fernando Buesa Blanco Fundazioko proiektuen eta komunikazioaren arduraduna, ‘La contribución del movimiento asociativo y fundacional a la visibilidad de las víctimas del terrorismo’ izeneko ikerketa lanarekin.

Ikerlan horrek “aztergai ditu Espainian terrorismoaren biktimen defentsarekin, aitorpenarekin eta memoriarekin lotuta sortu diren egitasmoak, hainbat elkarte eta fundazio sortu eta abiarazi dituztenak, hasieran ETAren terrorismoarekin lotuta zeudenak eta gaur egun terrorismo jihadistari ere erantzuten diotenak. Ikerlanaren bidez, gainera, aztertu nahi da ea benetan biktimak agerian jartzeko balio izan duten hala erakunde horiek nola terrorismoaren biktimentzako legeria espezifikoa onartzean abiatu diren ekintza ugariek, baita biktimak babesteko eta ordezkatzeko legezko organoek ere”, azaldu du ikertzaile sarituak.

Eduardo Mateo Santamaríak (Gasteiz, 1977) Politikaren eta Administrazioaren Zientzietako lizentzia atera zuen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU); Ikasketa Politikoen diploma Bordeleko Institut d’Études Politiquesen (IEP); eta Europar Batasunaren Ikasketen graduondokoa Universidad Oberta de Catalunyan (UOC). Zenbait erakunde publikotan lan egin du, hala nola Gasteizko Udalean, Senatuan eta Eusko Jaurlaritzan. 2013az geroztik, proiektuez eta komunikazioaz arduratzen da Fernando Buesa Blanco Fundazioan. 2016/2017an, UPV/EHUren ‘Esperientzia Traumatikoetako Biktimekin Lan Egitea’ graduondoko berezko titulua egin du, eta bikaintasun aipamena lortu.