euskaraespañol

UPV/EHUren adierazpena: Eragin dezagun olatu erraldoi bat emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/25

Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta,  ‘Eragin dezagun olatu erraldoi bat emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko’ izenburu pean komunikatua helarazi nahi dio euskal gizarteari UPV/EHUk.

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Aurten ere, Unibertsitateak  bat egiten du emakumeen kontrako indarkeria salatzen duen garrasiarekin: indarkeria matxistak larriki urratzen ditu haren biktima diren emakumeen eta euren haurren giza eskubideak, eta guztiz onartezina da. Emakumeen kontrako indarkeria ezin da justifikatu, ezin da estali, ezin da isilarazi.

Datuak hor daude: emakume erailak, emakumeen seme-alaba erailak, erasotzaileei seme-alaben gainean onartzen zaizkien zaintza eskubideak, sexu erasoak, salaketa jartzen duten emakumeen babes falta, sexu esplotazioa helburu duen emakumeen eta neskatxoen trata, sexu jazarpena, emakumeen gorputzen merkantilizazioa, emakumeak gauza bihurtzea, alternatiba hezitzaile egokirik gabeko pornografian oinarritutako sexu-harremanen eredua, gizartearen sektore atzerakoienen misoginia bortitza, maskulinitate eredu toxikoak, sexismo basati eta errotua. Errealitate krudela, kezkagarria oso. Eta halabeharrez bete beharreko derrigorrezko bi arau: Istanbuleko Hitzarmena [Espainiako Estatuak 2014an berretsia] eta Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Ituna [Errege Dekretu-legea, 9/2018, abuztuak 3koa, bere garapenerako urgentziazko neurriei buruzkoa].

Unibertsitateak, balore, printzipio eta pentsamendu kritikoaren sortzaile eta transmisore gisa, gizartearentzat berdintasun errealaren eredu behar du izan. Gizarteak ezagutu behar du, esparru ezberdinetatik, unibertsitate komunitateak berdintasunaren alde egunero egiten duen lana. Unibertsitateak lanean tinko jarraitu behar du, pausoz pauso baina etengabe, genero ikuspegia irakaskuntzan, ikerkuntzan, transferentzian eta kudeaketan txertatzeko. Ekintza isolatuetatik abiatuta egiturazko aldaketa eragitea da gure lana. Iritsi da, sentsibilizazioaz haratago, eraikuntza aroa pizteko unea!

Gaur inoiz baino gehiago, berdintasun erreala eta giza eskubideen errespetua helburu eta bizitza eredutzat ditugun unibertsitate kide guztiok bat egin behar dugu: belaunaldi ezberdinek, kolektibo denek. Ez dago feminismoa ulertzeko eta bizitzeko eredu bakarra. Ez dezagun iparra galdu. Ez dezagun ahaztu gure haserrearen iturria zein den eta lan egin dezagun elkarrekin. Emakumeen kontrako indarkeria errotik ezabatzea guztion esku dago.