euskaraespañol

UPV/EHUk 246 plaza eskainiko ditu irakasle-ikertzaileentzat 2023ko Lan Eskaintza Publikoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/19

Irudia

Gaur Arabako Campuseko Letren Fakultatean egin den Gobernu Kontseiluan, UPV/EHUk zehaztu egin ditu uztailean onartu eta abuztuan argitaratu zen Lan Eskaintza Publikoan (LEP 2023) eskainiko diren plazak. Zehazki eskainiko dira kategoria goreneko 58 plaza (34 katedra eta irakasle osoen 24 plaza) eta irakasle titularren eta agregatuen 188 plaza (16 eta 172, hurrenez hurren).

Dagozkion lehiaketak argitaratuko dira urtea amaitu aurretik eta plaza bat eskuratzeko aukera emango diete irakasle atxiki edo laguntzaile doktoreei, baldin eta 2022ko abenduaren 31n kategorian bi urteko antzinatasuna bazuten eta plaza iraunkor baterako akreditatuta badaude.  Horrek bultzada handia emango dio promozio prozesuari.

Gainera, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) aplikazioa ordezko irakasleak direla-eta eragiten ari den egoera arintze aldera, euskal unibertsitate publikoak beste 16 plaza sortu ditu (lanaldi osoz) irakasle laguntzaile doktoreentzat, batik bat oinarrituta egungo beharrak eta datozen urteetako erretiroengatiko erreleboak kontuan hartzen dituen urte anitzeko plangintza. Plaza horiek gehitu egin behar zaizkio uda aurretik helburu berberarekin sortu ziren 20 plazei.

Eva Ferreira errektoreak neurri hauen balioa nabarmendu du: “Irakasle-ikertzaileen arloan, gure helburua da ziurtatzea karrera egonkor, sendo eta erakargarri bat, ahalik eta eperik laburrenean. Gobernu Kontseiluari proposatu dizkiogun neurriak, baiezpenez onartu direnak, norabide horretan daude. Bereziki nabarmendu nahi ditut irakasle laguntzaile doktoreentzat sortu diren 16 plaza berriak, horrek erakusten duelako gure lehentasuna dela premia akademikoei erantzutea, plaza hutsak betez, ahalik eta ordezko irakasle gutxienenekin”.