euskaraespañol

Berun-isotopoen 3.000 azterketaren datu-base interaktibo eta irekia sortu du UPV/EHUk

IBERLID 50 urteko lan bibliografikoaren ondorioa da, eta Iberiar Penintsulako lagin geologikoen eta arkeologikoen azterketen emaitzak biltzen ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/15

Ezkerretik eskumara, José Francisco Santos Zalduegui, Sonia García de Madinabeitia eta José Ignacio Gil Ibarguchi. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU

Berrogeita hamar urtetik gorako bibliografia-lan neketsua egin ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Sailak datu-base bat eta horri lotutako web orri bat sortu ditu, guztientzat eskuragarri: IBERLID. Bilduma horrek Iberiar penintsulako lagin geologikoen eta arkeologikoen berunezko isotopoen analisien emaitzak batu ditu.

“Lan honen helburua izan da Iberiar Penintsulako berun-isotopoei buruzko datu posible guztiak biltzea eta guztion eskura jartzea betiere zenbait irizpide geologiko kontuan izanda, adibidez, meatzeak bereizteko aukera izatea agertzen diren eremuaren arabera, material motaren arabera eta abar”, adierazi du Sonia García de Madinabeitia lanaren egileak.

“Berunezko isotopoen analisien aplikazioetako bat da aztarna arkeologikoak, antzinaroan gizakiek egin dituzten laginak, aztarnategiekin eta mineralekin erlazionatzen saiatzea, hau da, metala ateratzen den lekuarekin. Horretarako, funtsezkoa da datu asko lortzea eta datu-base bat izatea konparatzeko”, azaldu du García de Madinabeitiak. Azkenean, “edozein datu-baseren helburua da ahalik eta lagin eta emaitza konparagarrien bilduma zehatzena izatea”, dio UPV/EHUko ikertzaileak.

IBERLID datu-basean berun-isotopoen 3.000 azterketa inguru biltzen dira, 140 erreferentzia ezberdinetatik eratorritakoak. Datu-basean mineral, arroka eta objektu metaliko arkeologikoen emaitzak daude eta laginak hautatzeko, elkartzeko eta trazatzeko aukera ematen du”, erantsi du UPV/EHUko Geologia Saileko ikertzaileak.

Egiaztatu da berunezko datu isotopikoak erabiltzea tresna erabilgarria dela aztarnategien ikerketa geologikoan eta arkeologian metalen jatorriari buruzko azterlanetan lehengaiak ikertzeko. Informazio-mota horren erabiltzaileek, askotan, erlazio isotopikoen zenbakizko balioez gain, aztertutako laginei buruzko informazio mineralogikoa eta geologikoa ere jasotzen dituzten datu-multzo osoak eskatu dituzte, datuak konparatzeko.

“IBERLID datu-baseak eskaera horri erantzuten dio, eta berun-isotopoen emaitzak erraz erabiltzeko aukera ematen d; halaber, konparazioa errazten du. Ez da berunezko erlazio isotopikoen taula zabal hutsa. Erlazio isotopikoak, informazio geografikoa, geologikoa, mineralogikoa eta arkeologikoa lotzen dituzten tresna interaktiboak ere baditu, eta, hala, laginen datuak hautatu, elkartu eta konparatzeko modu berriak eskaintzen ditu”, azaldu du Sonia García de Madinabeitiak.

Berun-isotopoen azterketek aukera ematen dute aztarna arkeologikoak aztarnategi eta mineralekin erlazionatzeko

IBERLIDen lagin guztiak mapa batean koka daitezke, datu-baseko informazio geografikoa erabiliz. Mapan, laginek kolore desberdinak dituzte ezaugarrien arabera. Mapa interaktiboak hurbiltzeko edo urruntzeko aukera ematen du laginak xehetasunez aurkitzeko, eta laginak erakutsi edo ezkutatzeko, menuan hautatuta.

García de Madinabeitiaren arabera, “berunezko hiru mila azterketa isotopikoren datuak bildu eta ebaluatzeak Iberiar Penintsulako aztarnategietako geologia eta konposizio isotopikoari buruzko ezagutzak gehitu eta zabaltzea espero da”.

“Datu-basea amaitu ondoren, orain, ildo horretan lanean jarraitzea eta geografikoki zabaltzen saiatzea izango litzateke asmoa; berun-isotopoez gain beste azterketa batzuk egitea ere interesgarria iruditzen zaigu”, gehitu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa