AEBko Merkataritza Departamentuak 3.600.000 $ baino gehiago eman ditu UPV/EHUren proiektu baterako

Bere finantzaketa berritu du, egoera kritikoetan larrialdietako ekipoen komunikazioa hobetuko duten sistemetan aurrera egiteko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/10

Teknologia horrek bilakaera nabarmen bat dakar: larrialdietan diharduten taldeek tradizionalki erabili izan dituzten walkie-talkieetatik 4G eta 5G sareen gaineko terminal aurreratuetara. Argazkia: Fidel Liberal. UPV/EHU

AEBko Merkataritza Departamentuak berriz ere eman dio babesa UPV/EHUri, larrialdietako komunikazioen sektoreko berrikuntzaren lider izan dadin. Joan den urtarrilaren 30ean, erakunde iparramerikar horrek, Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionalaren bitartez (NIST, ingelesez) Public Safety Innovation Acceleration Program ikerketa sustatzeko programaren emaitzak argitara eman zituen.

Deialdi horretan hautaturiko hiru proiektuetatik, UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza saileko NQaS (Networking Quality and Security) ikertaldeak zuzendutako proiektuak 3,6 milioi dolar baino gehiago izango ditu (guztira, 6 milioi dolar eman dira).

Zehazki, orain dela gutxi ebatzitako Mission Critical Voice Test Equipment (PSIAP-MCVTE) deialdi horren jomuga misio kritikoetako komunikazio ekipoen ebaluazio sistemen diseinua eta garapena bultzatzea da. Teknologia horrek bilakaera nabarmen bat dakar: larrialdietan diharduten taldeek tradizionalki erabili izan dituzten walkie-talkieetatik 4G eta 5G sareen gaineko terminal aurreratuetara; terminal aurreratu horiek multimedia gaitasunak izango dituzte eta, halaber, larrialdiak hobeki koordinatzea ahalbidetuko dute.

Finantzaketa berria

Duela bi urte eta erdi, MCOP proiektua (Mission Critical Open Platform) abiarazi zen laguntzetarako 1,2 milioi dolarrekin (Merkataritza Departamentuak ere egin zuen ekarpena), misio kritikoetako komunikazio ekipo (MCPTT) ireki bat garatzeko lehenengo aldiz.

Jatorrizko proiektua amaitu ondoren, 2019ko irailean, UPV/EHUk garaturiko sistema testatu egin da nazioarteko fabrikatzaile askorekin, eta Tech-To-Protect erronken barnean ari dira erabiltzen (gaur egun AEBko hiri askotan egiten dira halako hackatoiak edo, bestela esanda, prototipoak garatzeko ekitaldiak, eta bi milioi dolar baino gehiago ematen dira sarietan). Garaturiko plataforma eta, bereziki, komunikazio ekosistema ireki eta estandarren aldeko apustua, gaur egun ere mantentzen eta bultzatzen jarraitzen dira.

Oraingo programa misio kritikoetako komunikazioekin lotuta dago ere, eta helburu du sistema horietarako egiaztapen ekipo eta metodoak garatzea, egiaztatze aldera sistema horiek 3GPPren estandarretara egokitzen direla. 3GPPk –UPV/EHUk ere parte hartzen du horretan– teknologia mugikorren estandarrak zehazteko eginkizuna du, nola teknologia mugikor komertzialenak (5Graino) hala komunikazio kritikoetarako teknologia mugikorrenak. Estandar horiek betetzeak bermatzen du fabrikatzaile guztien ekipoak elkarreragingarriak direla, baita merkatua ireki eta lehiakorragoa dela ere. UPV/EHUren proposamenak –MCS-TaaSting du izena– egiaztapen ekipo eta programak merkatura eramateko prozesua bizkortzeko xedea du, betiere fabrikatzaileen kostuak malgututa eta murriztuta (hodeiaren bitarteko sarbidearen bidez) eta Testing-as-a-Service edo TaaS paradigmaren alde apustu eginda.

Egoera kritikoetako komunikaziorako ikerketako lider

Horrenbestez, NQAS taldea lider bihurtu da misio kritikoetako komunikazioen alorreko I+Gren alorrean, duela 10 urte hasitako konpromiso baten ondorioz. UPV/EHUrekin batera, Nemergent Solutions-en (Euskal Herriko Unibertsitatearen beraren spin-offa) parte hartzea ere nabarmendu behar da; izan ere, duela hiru urte sortu zenez geroztik, halako teknologien nazioarteko erreferente bihurtu da erakunde hori, eta 20 enplegatu ditu gaur egun. Sektoreko bi talde handienek (TCCA eta PSTA), Estatu Batuetako terminal fabrikatzaile batek (Sonim), GridGears eta Enensys Europako enpresek eta Texas A&M University (TAMU) zentroak osatzen dute UPV/EHUk zuzendutako partzuergoa.

Proposamenaren koordinatzaile Fidel Liberal doktoreak adierazpen publiko horren berri izan duenean, larrialdietan diharduten taldeen prestakuntza teknologikorako eta entrenamendurako jardunaldi batean parte hartzen ari zen, Texas hirian egiten den Disaster City deritzonean (Texas A&M University zentroak antolatzen ditu jardunaldi horiek).

«Datozen bi urteotan gogor egin beharko dugu lan, halako teknologietarako test ekipoak industriaren eta erabiltzaileen esku jartzea lortu behar baitugu. Izan ere, horrelako ekipoak ezinbestekoak dira larrialdietako taldeentzat, garrantzitsua baita taldeok komunikazioetako ekipamenduaren belaunaldi berri bat erabili ahal izatea eta lasaitasunez jakitea ekipo horien funtzionamendua ziurtatuta dagoela eta estandarretara egokitzen dela, beste talde batzuekin –baita beste herrialde batzuetakoekin ere– konekta daitezen larrialdiren bat gertatzen denean».

Nemergent Solutions-eko zuzendari exekutibo José Óscar Fajardo doktorearen hitzetan: «Proiektu honen parte izateari esker, abangoardia teknologikoan egongo da Nemergent, eta, gainera, abantaila nabarmena ere izango dugu etorkizunean gure produktuak egiaztatzeari dagokionez». Honenbestez, ezin albiste onagoa da Bilboko Ingeniaritza Eskolaren ZITEK enpresaren zentroan kokaturiko start-up horrentzat; hala, urtea erritmo frenetikoan hasi du Nemergentek, Erresuma Batuko larrialdi sare berrian bere partaidetza ixtea ere lortu baitu.

Aste honetan proiektua abiarazteko bilera egingo da Bilbon, eta parte hartu duten konpainia guztien ordezkariak egongo dira bertan.