euskaraespañol

Agustin Sanchez-Lavega, Forbeseko ‘Top 50 Awarded Spaniards’ean

Rankingak azken bost urteetan herrialdetik kanpo sari, domina eta aitortza gehien jaso dituzten espainiarretako batzuk biltzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/15

Irudia
Agustín Sánchez-Lavega 'Top 50 Awarded Spaniards' ekitaldiaren aurkezpen-gala. Argazkia: Forbes..

Forbesek atzo egin zuen Top 50 Awarded Spaniards ekitaldiaren aurkezpen-gala. Ranking horretan, azken bost urteetan herrialdetik kanpo sari, domina eta aitortza gehien jaso dituzten espainiarretako batzuk bildu ziren, besteak beste, Agustin Sanchez-Lavega UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea.

Ranking honekin, FORBESek nabarmendu nahi izan ditu, banaka, “gure mugetatik kanpo arrakasta lortzen duten pertsona ospetsu horiek”. Besteak beste, Alejando Sanz abeslaria, Alexia Putellas futbol jokalaria, Antonio Banderas aktorea eta Pedro Almodovar zinema zuzendaria izan dira sarituetako batzuk.

"Egia esan, ezustekoa izan zen Forbes España aldizkariak zerrenda honetarako hautatu nindutela jakinarazi zidanean. Ohore handia iruditzen zait hain profesional ezagunen artean egotea, eta, aldi berean, eskertzen dut Forbesek hainbat espezialitatetako zientzialariak zerrendan sartu izana, ohikoa ez dena ", azaldu du Agustín Sánchez-Lavegak.

Aldizkariak irakasleari eman dio saria, ingurune zientifikorako “interes handia” duten ekarpenengatik, eta gogorarazi du 2020an Geozientzien Europar Batasunak David Bates domina eman ziola Sánchez-Lavegari, egindako ekarpen astronomikoengatik.

Metodologia

Forbesek nazioartean hainbat arlo profesional, enpresarial, zientifiko, artistiko eta kulturaletan emandako sari nagusiak identifikatu zituen. Ondoren, bere sektorean garrantzi eta autoritate handieneko identitateak bereizi zituen. 2021eko urritik duela bost urtera arteko epean, saridun horien palmaresa aztertu zen, aitortutako espainiar guztiak biltzeko. Azkenik, nazioartean eragin handiena izan zuten irabazleak aukeratu ziren. Aukeratutako 59 horiek alfabetikoki ordenatzen dira izenaren arabera. Zazpi postu pertsona batek baino gehiagok betetzen dituzte; horren arrazoia da erakunde batek espainiar bat baino gehiago aintzatetsi duela edizio bereko kategoria desberdinetan edo talde saria izan dela.

Aipamen laburra

Bilbon 1954an jaioa, Agustín Sánchez Lavega Fisika Zientzietan lizentziatu zen, orduko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean. Ondoren, doktoregoko sari berezia lortu zuen, jadanik Euskal Herriko Unibertsitatean. 1980tik 1987ra arte, Max-Planck Institut für Astronomie-ko (Heidelberg, Alemania) Espainia-Alemaniako Zentro Astronomikoan (Calar Altoko Behategia, Almeria). 1987an Bilboko Ingeniaritza Eskolan hasi zen lanean. Zientzia Planetarioen Taldearen sortzailea da, eta Aula Espazio Gela eta bere Behategi Astronomikoarena ere (bertan Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterra ematen da 2010etik, eta Sánchez Lavega hasieratik izan da bere arduraduna).

Bere ikerketa planeten atmosferen dinamikan datza, hala nola Artizar, Marte, Jupiter, Saturno, Titan, Urano eta Neptuno planetetako hodeien eta aerosolen karakterizazioan. Horretarako Lurreko eta espazioko teleskopioak erabiltzen ditu (Hubble teleskopio espaziala), baita planeta horietara egiten diren misioetako tresnak ere. Artikulu ugari argitaratu ditu, baina nabarmentzekoak dira Nature (lau portada izan ditu horretan), Science, Nature Astronomy, Nature Geoscience eta Nature Communication bezalako aldizkari garrantzitsuetan atera dituenak. Espainiako Fisikako Errege Elkartearen bi sari jaso ditu, 2010 eta 2014an, Espainiako Astronomia Elkartekoa eta 2016an eskuratu zuen Euskadi Ikerketa Saria, besteak beste.