euskaraespañol

Ahostegunak, ahozko kultur sorkuntza unibertsitatean

Noiz eta non

Noiztik: 2019/10/31 Noiz arte: 2019/11/28, 00:00 - 00:00

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Ostegunak bereziak izango dira azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko saioak antolatu ditu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera: Ahostegunak.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura izango dituzte mami ekimena osatzen duten saioek. Hauek ostegunez izango dira, 16:00etatik 19:00etara. UPV/EHUko Gipuzkoako Campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan gauzatuko dira, Donostian. Urriaren 31n egingo da lehena eta, jarraian, ostegunero egingo dira saioak azaroaren 28an azkenengoa egiten den arte: Uxue Alberdi izango da taldean literatura landuko den egunean; bigarrenean, antzerkiaren ingurukoak aletuko dizkigu Miren Gaztañaga aktoreak; bertsolaritzaz gozaraziko digute Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok; eta laugarren saioan, Ines Osinaga musikari eta kantariarekin solasean aritzeko aukera izango dugu. Azaroaren 28an egingo den azken jardunaldian, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egingo da, eta han elkartuko dira aurrez egun bakoitzean egon diren gonbidatu horiek guztiak.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean egingo denez, eta, honenbestez, unibertsitateko ikasleek eskurago izango duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako 18 eta 22 urte bitarteko gazteek ere. Sarrera doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da webgune honetan bertan egokituko den izen-emate orrian: urriaren 7tik 21era bitarte eman ahal izango da izena. Izena emateko ordena aintzat hartuko da eta, behin izena emanda, saio guztietara etortzeko konpromisoa eskatzen da: saio guztietan talde bera izango da parte hartzen eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da.

Ahots Baten sormen egonaldia abiapuntu, ahozko kultur diziplinetan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko aukera ematea da Ahostegunak proiektuaren jatorria. Ez da Mintzolak unibertsitatean garatzen duen ekimen bakarra, ordea: bertsolaritza esparru akademikora hurbiltzeko saiakera eginez, UNIbertsoan egitasmoa ere egiten baita UPV/EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzarekin elkarlanean.