Aintzane Orkaizagirre: «Erizainek herritarrei bizitza osoan ematen diete arreta eta zainketa»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/18

Aintzane Orkaizagirre
Aintzane Orkaizagirre, Donostiako erizain plazan. Argazkia: UPV/EHU.

Aintzane Orkaizagirre Gómara nazioarteko 100 erizain lider bikainenen zerrendan sartu du Women in Global Health erakundeak. Gaur egun, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Erizaintzako irakaslea da. Zeregin horretan, zer erizain mota izan nahi duten amestea proposatzen die ikasleei eta etorkizunean erizain lider izatera animatzen ditu, aintzatespena egin dion erakundeak adierazi duenez. Hizlari gisa aritzeaz gain, ikertzailea ere bada; pazientearen segurtasuna eta “zainketa ikusezina” aztertzen ditu, eta erizaintzako zainketek pazienteen ongizatean duten ahalmena azpimarratzen du. Campusak aintzatespen horri buruz hitz egin du berarekin, baita lanbidearen gaur egungo egoeraz ere.

Berriki, nazioarteko 100 erizain lider bikainenen artean sartu zure izena Women in Global Health erakundeak. Zer esan nahi du aintzatespen horrek zuretzat?

Esker ona sentitzen dut, erizain gisa egin dudan ibilbide akademikoa eta lana aintzatetsi dituelako Women in Global Health-ek, OMEk, Populazio Gaietako Nazio Batuen Funtsak, Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluak, Emaginen Nazioarteko Konfederazioak eta Nursing Now-k osatzen duten ebaluazio batzordeak.

Lider horien artean sartu izanak biziki hunkitzen nau. UPV/EHUn Erizaintza Diplomaturako ikasketak amaitu nituenetik egindako ahalegin guztia babesten duela sentitzen dut. Garai hartan, Europako Erizaintzari buruzko ezagutzetan sakontzeari ekin nion, Brightongo Unibertsitatean (Ingalaterra) eta Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika). Ondoren, Zaragozako Unibertsitatean Erizaintzako doktore izatera iritsi nintzen. Ikasten ari nintzenean, denboraren zati handi bat hainbat esparrutan erizain gisa lan egiten eman nuen, adibidez: Osakidetzako asistentzia esparruan, Osasun Publikoko Epidemiologian eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Administrazioan. Esperientzia horietan guztietan, beti ahalik eta urrutien iristen saiatu naiz, erizain batek pazientearekin egiten duen zuzeneko lanean, komunitatean eta lantaldeetan, egiteko gai den guztia erakutsiz, nire atzerriko esperientzietan ikusi nuen aldaketaren lider izaten ahaleginduz. Nire ikasleei horixe bera islatzen saiatzen naiz. Haiei aldaketaren aldeko lidergo hori bultzatzeko oztopoak eta diseinatu beharreko estrategiak aztertu eta analizatzeko deia egiten diet. Zalantzarik gabe, aintzatespen honek ahalegin hori eta lan egiteko modua babesten ditu.

Aintzatespena 2020an egin dizute, OMEk Erizain eta Emaginen Nazioarteko Urtea izendatu duen horretan…

Bai, neurri batean OMEk erizain eta emaginei egindako nazioarteko aintzatespenak bultzatu du. OMEren asmoa izan da erizainek osasun sistemetan duten ezinbesteko rola maila guztietan zabaldu, sustatu eta horren inguruan kontzientziatzea, rol hori askotan ikusezina izan baita, osasun zientzien esparruan gizonei protagonismo handiagoa eman zaielako.

Ildo horretan, beti pentsatu izan dut osasun taldeek eta erizainen arreta zuzena jasotzen duten paziente eta senideek erizainen lana aintzat hartzen dutela, baina iruditzen zait oraindik, oro har, horren inguruan errezeloa dagoela eta pixka bat gutxiesten dela, agian, lanbide oso feminizatua izan delako eta oraindik ere halaxe izaten jarraitzen duelako. Oro har, genero sistemek lanbide honetan duten eragin handia, lanbidearen iragan historiko erlijiosoa eta erizaina etxean eta lanean genero estereotipo eta rolak berregiten zituen emakumetzat jotzea izan dira egoera horren arrazoiak.

Hala ere, pentsatu nahi nuke OMEren ekimen honek eta COVID-19aren pandemian erizainek betetzen duten rol garrantzitsua agerian geratu izanak lagunduko dutela erizainen inguruko pertzepzioa nabarmen aldatzen.

Pandemia honi aurre egiteko txertaketa kanpaina betean gaudenez, utz iezadazue nabarmentzen txertaketa kanpainetan erizainak giltzarriak direla txertoaren kudeaketan, banaketan, kontserbazioan, erregistroan, administrazioan eta txertatu ondorengo zainketetan.

«Txertaketa kanpainetan erizainak funtsezkoak dira»

Horretaz ari garela, urteko omenaldiak 2021eko uztailera arte iraungo du, pandemiak aurreikusita zeuden ekintza asko egitea eragotzi duelako…

Egia da pandemiak aurrez aurre egiteko programatuta zeuden ekintza asko egitea eragotzi duela. Guk geuk, gure Donostiako Erizaintza Ataleko zentroan, pazienteen elkarteekin batera ekintza multzo bat antolatuta geneukan. Horrez gain, Bihotz-biriketako Bizkortzearen (BBB) Munduko Eguna ospatzekoak ginen, Donostia Unibertsitate Ospitalearekin batera, herritarrei bihotz-biriketako bizkortzea egiteko tekniken inguruko prestakuntza emanez, eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoarekin batera «Elkar ezagutuz» jardunaldia egitekoa, Gipuzkoako erizainek egiten dituzten ikerketei ikusgaitasuna emateko. Matia Fundazioarekin eta gure unibertsitatearekin berarekin ere harremanetan egon ginen Erizain eta Emaginen Nazioarteko Urtearen ospakizunaren barruan zenbait ekintza bultzatzeko. Hain zuzen ere, Euskadiko kanpainaren amaiera Carlos Santamaría ikastegian egiteko asmoa zegoen, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Osakidetzako Zuzendaritzako ordezkaritza bat, UPV/EHUko errektorea eta Euskadiko hiru erizaintza elkargoetako ordezkaritza bat bertan zirela. Baina Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkartearekin ekintza bat eta Donostian Erizainen plaza inauguratu besterik ezin izan genuen egin; azken hori SATSE erizainen sindikatuak eta Gipuzkoako Erizainen Elkarteak sustatutako ekintza bat izan zen.

Hala ere, nork esango zigun pandemia batek jarriko zituela pantaila eta albiste guztietan erizainak, zeintzuk osasun zentroetan eta ospitaleetan, osasun arloko gainerako profesionalekin batera, izugarrizko lana egiten ari diren herritarrei egoera eta baldintza zail hauetan arreta emateko.

Erizainek, osasun zerbitzuak emateari dagokionez, funtsezko rola dute, eta azken urtean egindako lanak horixe berretsi du.

Hala da, ezinezkoa zen osasun zerbitzuak eta bertako langile guztiek zer-nolako muturreko tentsioa biziko zuten aurreikustea. Erizainek herritarrei arreta eta zainketa etengabea ematen diete beren bizitza osoan, baina iaz, diozun bezala, eta badirudi oraindik egoera konplexu honek luze iraungo duela, bizitzen ari garen aparteko egoera honetan erizainek gaixotasun une larrietan arretaren esparruan duten garrantziari erreparatu zitzaion.

Txalo egiteari utzi zitzaion eta, askotan, COVID-19az kutsatzea saihesteko batere eredugarriak ez diren irudiak ikusten ditugu. Zer mezu helaraziko zenieke herritarrei?

Lasaitasun eta osasun zerbitzuekiko konfiantza mezu bat helaraziko nieke. Une hauetan, errazagoa da itxaropen mezu bat partekatzea, txertaketa martxan jarri izanaren ondorioz. Fase honetara igarota, gertuago dago denok duela ia urte batetik egiten ari garen ahaleginaren bukaera edo, gutxienez, «normaltasun» berri baterako itzulera posible bat, eta horrek atzeratu behar izan ditugun gauza garrantzitsu asko berreskuratzeko aukera emango digu.

Immunitatearen helburua bikoitza dela esango nuke: alde batetik, mikrobiologikoa, eta, bestetik, psikosoziala. Txertoek eta isunek ez dituzte gizabanako eta talde batzuen jokabide arriskutsuak aldatuko. Birusa oso koherentea izan da bere asmoekiko, eta zure galderan ikusten da gizakiak ez direla hain koherenteak izan. Zalantzarik gabe, aurrerantzean zer gizarte mota izan nahi dugun berraztertu behar dugu, tristea litzateke pandemiatik endemiara igarotzea.

Eta orain txertaketa iritsi da. Erizainek hainbesteko lan gainkarga jasan dezakete?

Zoritxarrez, lan gainkarga ez du txertaketak bakarrik eragin. Erizainek ematen duten arreta hain da konplexua, ezen ezin baita txerto bat jartzeko prozedura hutsean laburtu. Oso labur azalduko dizkizut zainketak, gure A.MAS Zainketa Ekoholistikoak ikertaldearen definizioari jarraituz: erizainok, arretaren testuinguruaren arabera, hiru dimentsiotako lana egiten dugu: A) Pazientearen segurtasuna ziurtatzen dugu, bilakaera klinikoa zainduz medikuekin harreman estuan; B) Ongizate fisiko eta emozionala zaintzen dugu, erizain laguntzaileekin (EZOT) eta senideekin harreman estuan; C) Pertsona gaixo edo osasuntsuaren ahalduntzea errazten dugu, hau da, autozainketa. Horrek esan nahi du erizainaren lanak, zeregin oso teknikoak eta espezializatuak ez ezik, arreta emozionala, soziala eta espirituala ere biltzen duela. Gaur egungo lantaldeekin eta ratioekin hori ezin da guztiz modu egokian estali. Pertsonen zainketa holistiko horiek denbora eskatzen dute, eta gaur egungo lan baldintza prekarioekin ezinezkoa da. Ildo horretan, estatuan oso arazo handiak daude: 1) Erizain falta dugu duela zenbait hamarkadatatik; Espainiak batez beste 5,2 erizain ditu 1.000 biztanleko; Europar Batasunak, berriz, 8,2 erizain 1.000 biztanleko. 2) Lan prekaritatea; aldi baterako kontratuak 10 urtetik gorakoak dira kasu batzuetan. Horrek gaixoei ziurgabetasuna eragiten die, eta langileei, akidura. 3) Zerbitzuetan etengabeko txandakatzeak izaten dira, eta hori lan prekaritatearekin lotuta dago.

Erizain faltak eta lan baldintza kaskarrek gainkarga sortzen dute, eta horrek arretaren kalitatean eta segurtasunean eragiten du. Azken urteetan egin diren nazioarteko azterlanek aurretik esandakoa berresten dute; are gehiago, erizainen faltak edo lan baldintza eskasek pazienteen hilkortasunean eragina dutela frogatu dute. Linda Aiken doktoreak, zenbait ikerketa eginda, ondorioztatu duenez, erizain bati eransten zaion paziente bakoitzeko % 7 handitzen da hilkortasuna.

«Erizain bati eransten zaion paziente bakoitzeko % 7 handitzen da hilkortasuna»

Bizi dugun egoera horrek, jakina, gainkargaren sentipena areagotu eta eskainitako arretaren kalitatea eskastu besterik ez du egiten.

Badirudi bizi izandako egoerak begi bistan jarri duela langileak gehitzeko beharra. Zer eskatuko zenieke gobernuei arazoa konpontzeko?

Dagoen ebidentzian oinarrituz, eskatuko nieke plantilla eta ratio egokiak sustatzeko, zainketa kalitatezkoak eta seguruak ziurtatu ahal daitezen. Ebidentzietako batzuk dira aipatu dizudan Aiken doktoreak gidatutako azterlan esanguratsuak, edo Walter Sermeus doktorearenak, RN4CAST proiektuarekin lotuak eta Europar Batasunak finantzatuak, zeinek mundu osoan inpaktu handia izan baitute, eta erizain/pazientea ratioaren eta hilkortasunaren arteko lotura frogatu. Halaber, gurearen antzeko osasun sistema duten eta bide horretan modu egokian funtzionatzen dutela erakutsi duten herrialdeetako esperientzia aztertzea gomendatuko nuke eta, hala, garatzen dituzten estrategiak ekartzea eta egokitzea, ez ratioari dagokionez bakarrik, baita plantillen diseinuari dagokionez ere, unitate bakoitzean erizainen esperientzia eta garapen profesionala kontuan hartuta. Gainera, erizain/paziente ratio handiagoen aldeko apustua egiten duten gure inguruko herrialdeetan erizainak ekonomikoki oso errentagarriak direla ikusi da.

Gure erizaintzako langileen prestakuntza bikainaz asko hitz egiten da; atzerriko herrialde askok nahi dituzte gure erizainak. Zer neurri hartu ahalko lirateke profesional horiek itzultzeko?

Joaten direnak gure testuinguruan aurkitzen ez dituzten lan baldintzen bila joaten dira. Aurretik aipatutako arazoak errepikatuko ditut. Aldi baterako kontratuak izatea –batzuetan ordu batzuetakoak eta egun solteetakoak ere izaten dira; nik neuk bizi izandako egoera da–, erabat ulertezina da gure inguruko herrialdeetan. Gainera, atzerrian, erizainen lan garapenean benetako inbertsioa egiten denez, horrek erizain asko joatera eta hor denbora mugarik gabe geratzera bultzatzen ditu.

Erizainei egiten zaien harrera onak erakutsi digu ikasketak amaitu dituzten gure ikasleek estimazio handia dutela Europako edozein herrialdetan; Alemania, Erresuma Batua, Eskandinaviako herrialdeak, Italia eta Frantzia aipa ditzakegu, besteak beste. Hau ulertezina da Europako testuinguruan, kontuan hartuta erizain/herritar ratio handiagoa izanda ere gure ondoko herrialdeek erizainak erakarri eta horiei eusteko estrategiak diseinatzen dituztela. Espainian, berriz, erizainak esportatzeaz ia harrotasuna adieraztera iritsi dira. Erizainen oinarrizko prestakuntza azpimarratu nahiko nuke, zeinak, inbertsioarekin eta dedikazioarekin batera, atzerrian ospe handia lortu baitu.

Zure galderari erantzunez: kontratu finkoen inguruko arazoak konpondu beharko lirateke; Europako batezbesteko ratioa lortu; zerbitzuen behin-behinekotasuna eta etengabeko txandakatzea amaitu, eta zainketen arloko garapen profesionala sustatu. Atzerrian dauden erizain eta emagin horiek itzultzea erabaki dezaten, lan baldintza erakargarriagoak eskaini beharko litzaizkieke eta garapen profesionalak benetakoa izan beharko luke hemen ere.

Zer mezu helaraziko zenieke gazteei ikasketa hauek aukeratu ditzaten?

Munduko lanbiderik politena daukagula. Mezu hori nire praktika klinikoetako irakasleetako batek eman zidan, Erizaintza ikasten ari nintzenean. Donostia Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntzako unitate bateko Erizaintzako gainbegiralea zen, eta laster arlo profesionalean ere erizain erreferente bilakatu zen niretzat.

Nire iritzi apalean, bai praktika klinikoan bai unibertsitateko irakaskuntzan esperientzia zabala duten profesionalak aurkituko dituztela pentsatzen dut. Erizaintzako irakasle izatera iristea ez dela bide erraza konturatu naiz, baina oztopoak gogor lan eginez, zintzotasunez eta norbere buruarekin konfiantza izanez gainditzen dira. Horrek guztiak eusten dio bizirik bokazioari eta, epe luzera, kanpotik gure lana aintzat hartzea eragiten du, nire kasuan gertatu den bezala.

Gazteei mezu hori bera helaraziko nieke. Nahi dutenei Erizaintza ikasteko eta praktikan jartzeko deia egingo nieke, eta erizaintzako zainketek norbere buruarengan, beren arreta jasotzen dutenengan eta haien senideengan duten ahalmena zuzenean esperimentatzeko. Zaintzeak, ikasketa teknikoak eta dedikazioa ez ezik, zainduko direnen ondoan egotea eskatzen du.