Algoritmo berri bat garatu dute bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin

Konpresio torazikoen kalitatea hobetzeko UPV/EHUn garatu den metodo berritzaile baten berri eman du PLOS ONE aldizkari ezagunak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/16

Digna María González-Otero, Sofía Ruiz de Gauna eta Jesus María Ruiz. (Tere Ormazabal - UPV/EHU)

Bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izaten laguntzen duen algoritmo bat garatu dute UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileek AEBko Oregon Health & Science University (OHSU) unibertsitateko ikertzaileekin elkarlanean. Bularraren azelerazioa oinarri hartuta, konpresio torazioak zein sakonera eta maiztasunarekin egin behar diren kalkulatzen du algoritmo horrek. Bihotz-birikak gelditzen diren kasu errealetan jasotako azelerazio-seinaleekin algoritmoa baliozkoa dela bermatzen duen ikerketaren berri eman du PLOS ONE zientzia-aldizkari entzutetsuak.

Bihotz-birikak gelditzean bi ekintza hauek ezinbestekoak dira pazienteen biziraupenerako: bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibrilazioa. Pazientearen bularraldea erritmikoki sakatzean datza BBBa, gutxieneko odol-jario bat mantentzeko eta bizitzeko ezinbestekoak diren organuak (bihotza eta garuna) horrenbeste ez kaltetzeko. Desfribilazioan, berriz, deskarga elektriko bat aplikatzen da arritmia leheneratzeko. “Beharrezkoa da bihotz-biriketako bizkortzea ongi egitea prozesua osotasunaean eraginkorra izan dadin, eta hori ez da erraza, ezta entrenatuta dauden adituentzat ere. Izan ere, bularraldea maiztasun eta sakonera jakin batekin sakatu behar da (100-120 konpresio minutuko eta 5 eta 6 cm artean)”, azaldu du Digna María González-Otero lanaren egileak.

Konpresioen kalitateak zerikusi zuzena du pazienteen bizirauperanekin . Horrenbestez, bihotz-biriketako berpiztearen kalitatea denbora errealean monitorizatzen duten feedback sistemak gomendatzen dituzte suspertze-gidek. “Gaixoaren bularrean eta gaixoa suspertzen ari den pertsonaren eskuen artean jartzen dira gailu horiek, eta, hain zuzen ere, suspertzailea gidatzen dute helburu diren sakonera eta maiztasunak lortzeko”, dio UPV/EHUko ikertzaileak. 

Horretarako, bularreko azelerazioan oinarrituta, gomendatutako  konpresioen sakonera eta maiztasuna kalkulatzen duen algoritmo berri bat garatu dute UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileek. ”Alegia —adierazi du González-Oterok— , gaixoaren bularraldean jartzen den azelerometro bati esker uneoro eta denbora errealean neurtzen dugu gaixoari egiten ari zaizkion konpresioen sakonera eta maiztasuna, eta beraz, behar izanez gero, suspertzailea zuzen daiteke kalitatezko BBBa egiteko”.

Laister salgai

PLOS ONE aldizkarian argitaratutako lanak algoritmo berriaren erabilera baliozkotzen du. Izan ere, ikusi dute oso modu zehatzean kalkulatzen dituela konpresioen maiztasuna eta sakonera egiazko bihotz-biriken gelditzea izan duten gaixoen kasuan neurtutako azelerazio-seinaleak aztertuta.

Lortutako emaitzak ikusita, Ermuako Bexen Cardio enpresa bihotz-biriketako bizkortzea egiten laguntzeko gailu bat merkaturatzen hasi da. Gailu horrek garatutako algoritmo berria erabiltzen du. Malgua, oso mehea eta kuxin baten antzekoa da. “Desfibriladorera konektatzen da funtziona dezan, eta desfibriladorearen pantailan ageri da suspertzaileak gogorrago sakatu behar duen, azkarrago joan behar duen eta abar”, dio Digna María González-Oterok. “Desfibriladorearen osagarri arrunt eta intuitibo bat dela esan dezakegu eta batik bat larrialdi-zerbitzuek erabiltzeko dago pentsatua”, gehitu du. Hain zuzen ere, “zenbait larrialdi-zerbitzuk dagoeneko erabiltzen dihardute. Asmoa da paziente errealetarako balio duen edo ez egiaztatzea, espero zitekeen moduan dabilen edo ez eta suspertzailearentzako erosoa den edo ez ikustea, aurreikuspenak betetzen dituen edo ez aztertzea...”, esan du González-Oterok. Orain arteko emaitzak ikusita, hilabete batzuetan gailua merkatuan egongo dela uste dute ikertzaileek.

Informazio osagarria

Artikulu hau Digna María González-Oteroren doktore-tesian barnean egin da. Feedback systems for the quality of chest compressions during cardiopulmonary resuscitation da tesiaren izenburua, eta Jesús María Ruiz Ojeda eta Sofía Ruiz de Gauna Gutiérrez UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza saileko irakasleek zuzendu dute.

 

Erreferentzia bibliografikoa