euskaraespañol

Alicia Alonso eta Sara Barja ikertzaileentzako errekonozimendua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/04

Irudia
(ezk-esk) Sara Barja eta Alicia Alonso | Argazkia: UPV/EHU

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek aurten aitortuko diren hiru ikertzaileak hautatu dituzte, ematen diren hiru mailetako bakoitzean. Aintzatespen honen helburua da Euskadiko emakume ikertzaileak eta haien lana ikusaraztea, emakume ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen. Beraz, ez da sari bat, errekonozimendua eta ikusgarritasuna baizik. Horretarako, beren karrera zientifikoaren hiru etapa desberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dira: aurreratua, irmotua eta etorkizun handikoa.

Honako hauek dira 2023an aintzatetsitako emakume ikertzaileak: Alicia Alonso Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, UPV/EHUn (Advanced, ikerketa-karrera oso baten aintzatespena); Ainhoa Magrach Ikerbasque Research Professor da BC3n (Basque Centre for Climate Change), ekosistemen aldaketa globaleko eta funtzionamenduko taldeburua (Consolidator, bere ikerketa-esparruan lider den ikertzaile baten aintzatespena); eta, Sara Barja Ikerbasque Research Associate da UPV/EHUn eta MPCn (Starting, emakume ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aintzatespena).

Alicia Alonso Biokimikan doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Zelula-prozesuetan lipido/proteina elkarrekintzan oinarritzen da bere ikerketa, bereziki autofagiarekin zerikusia dutenetan. International Union for Pure and Applied Biophysics (IUPAB) erakundeko Batzorde Exekutiboko kidea 2008tik 2014ra, eta International Union of Biochemistry and Molecular Biology (IUBMB) erakundeko Batzorde Nazionaleko idazkaria 2010etik 2014ra. 2015eko martxotik COSCE Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioko idazkari nagusia da, eta 2019an berriz hautatu dute kargu horretarako. Aurtengo martxotik Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioko (COSCE) presidenteordea da.

Batzordeak bere ibilbide zientifiko bikaina nabarmentzen du biologia molekularraren arloan, bere lidergo-gaitasuna, nazioartean bere ikerketa-esparruan erreferente izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko zientziarekin duen konpromisoa, bereziki azpimarratuz Biofisika Institutuko, CSIC Zentro Mistoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) lehenengo zuzendaria izan zela.

Sara Barja Fisikan doktorea da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gainazalen elektrokimikan oinarritzen da bere ikerketa. ERC Starting grant, European Research Council-ekoa.

Batzordeak bere ikerketa-esparruan egin dituen ekarpen bereziak eta ikertzaile gazte gisa lortu berri dituen lorpenak nabarmendu ditu. Izan ere, ERC Starting Grant bat lortu du, hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile eraginkorragoak eta ekonomikoagoak garatzea helburu duena, itsasoko uretatik elektrolisia aztertuz.

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek aintzatespen-ekitaldi bat egingo dute udazkenean, eta bertan izango dira ikertzaile aintzatetsiak, baita Euskadiko ikerketa-zentroetako, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako ordezkariak ere.