Amaia Arruabarrena-Aristorenak L'oréal-Unesco 'For Women In Science' programaren sari bat jaso du
Ikertzaileak eta bere taldeak bularreko minbiziaren erregulazio epigenetikoaren oinarriak ezarri nahi dituzte, pazienteentzako terapia pertsonalizatuak ezartzera bideratutako ikuspegi mekanistikoa lortzea izanik, azken buruan, helburua
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/05/11
Amaia Arruabarrena-Aristorena Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) zientzialariaren ikerlan batek L'Oréal-UNESCO 'For Women in Science' programaren sari bat jaso du (lehiaketa horren nazioarteko 25. urteurrena da aurten). Programa horren bidez 40 urtetik beherako emakumezko bost ikertzaile nazionalen lan punta-puntakoenak aintzatesten dira. Sariak bizitzaren eta ingurumenaren zientzien esparruan ardaztu dira aurten, 15.000 euroko zuzkidura dute eta eremu zientifikoan emakumeen lidergoa ikusaraztea dute helburu.
Jatorriz Donostiakoa (1987), Amaia Arruabarrena-Aristorenak Estudio de alteraciones cooperativas en reguladores epigéneticos como promotoras del cáncer de mama izeneko ikerketagatik (Ikerlana: asaldura kooperatiboak erregulatzaile epigenetikoetan, bularreko minbiziaren sustatzaile gisa) jaso du aintzatespena; ikerlan irabazlearen jomuga honako hau da: bularreko minbiziaren erregulazio epigenetikoaren oinarriak ezartzea, pazienteentzako terapia pertsonalizatuak ezartzera bideratutako ikuspegi mekanistikoa lortze aldera.
Arruabarrena-Aristorena Saridunaren beraren hitzetan, «Egia da translazionaltasuna lortu nahi izaten dugula beti bilatzen gure aurkikuntzetan, baina egia esan, nire ikerketa oinarrizkoa da nagusiki. Horrenbestez, klinikarako alternatiba terapeutikoak ekarriko dituzten azterketa klinikoak egiteko beharrezko ezagutza sortzen dugu eta oinarriak ezartzen ditugu. Epe ertain-luzerako inbertsioa da, baina erabat beharrezkoa pazienteen tratamenduan aurrera egiteko»,
Arruabarrena-Aristorenaren ikerlana epaimahai itzaltsu batek hautatu du, eta edizio honetan barne hartutako arloetako zientzialari aditu gailenez osatuta egon da epaimahaia: Ángela Nieto, CSIC-UMH Neurozientzien Institutuko taldeburua eta «For Woman in Science» sariketaren aurreko edizioko irabazlea; María A. Blasco Marhuenda, CNIO Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko zuzendaria; María Vallet-Regí, UCMren Farmazia Fakultateko Kimika Ez-organikoko katedraduna eta Ingeniaritza Errege Akademiako eta Farmazia Errege Akademiako akademiko zenbakiduna; eta Rafael Garesse Alarcón, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, eta unibertsitate horretako errektore 2021era arte.
Eremu zientifikoan emakumeek duten presentziari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile saridunak honako hau adierazi du: «Espainian iraupen bereko amatasun eta aitatasun baimenak izateko aukera dugun arren, ezin dugu ahaztu emakumeok naturalki jasan ohi dugula, familia bat osatzen dugunean, aldaketa fisiko, hormonal eta emozional handiena. Pertsonalki, eta haur bat duela gutxi izan dudala kontuan izanik, uste dut alderdi hori ez dela oso kontuan hartzen gizartean, eta are gutxiago lan eremuan».
Ikerbasque Research Fellowship eta Ramón y Cajal laguntza entzutetsuak merezi dituen ibilbide bat
Biologian lizentziatu zen Madrilgo Konplutense Unibertsitatean (UCM) eta Biozientzia Molekularretako masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). 2012an Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako doktoregoa egin zuen (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU) Carracedo doktorearen laborategian (CICbioGUNE). Ondoren, New Yorkeko Memorial Sloan Kettering Cancer Center erakundean sartu zen, zehazki, Baselga-Scaltriti laborategian, minbizia ikertzeko munduko zentro garrantzitsuenetako batean, hain justu. 2021az geroztik Ikerbasque Research Fellowship eta Ramón y Cajal laguntzen onuradun da, eta 2023aren hasieraz geroztik hona, berriz, UPV/EHUko ikertzaile nagusi.
Gaur egun, euskal ikertzailea laborategia muntatzeko eta talde bat osatzeko prozesuan murgilduta dago, bularreko minbiziaren mekanismo molekularrak aztertzeko ikerketa ildoak garatzen jarraitzeko. Prostatako minbiziaren garapenean zerikusia duten bide metabolikoak eta FOXA1 asaldurak terapia endokrinoari erantzuteko biomarkatzaile potentzial eta estrogeno positiboaren hartzaile den bularreko minbizi metastasikoaren tratamendurako itu gisa kokatu zituzten aurkikuntzak deskribatu ditu zientzialariak bere lan zientifikoen medioz. Aurkikuntza horiek eragin handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratu izan dira, hala nola Naturen, Cancer Cellen eta Science Advancesen.
L'Oréal-Unesco 'For Women In Science', emakumeen lidergo zientifikoa babesteko programa globala
L'Oréal-UNESCO «For Women in Science» programak bi hamarkada baino gehiago daramatza Espainian, eta, Denbora tarte horretan, 82 zientzialariren baino gehiagoren karrera bultzatu du, 1.320.000 euro banatu baititu laguntzetan.
Programak mundu osoko bost zientzialari ospetsu saritzen ditu urtero, kontinente bakoitzeko bat. 1998an sortu zen programa, 117 herrialdetan du presentzia, eta hasieratik 3.900 zientzialari aintzatetsi ditu, hala nola Margarita Salas espainiarra eta Nobel Sarien zenbait irabazle. Sariak txandakatu egiten dira: bizitzaren zientzien alorrekoak izaten dira urte batean eta materialen zientzien alorrekoak hurrengoan; aparteko ikertzaile horiek –nazioarteko aditu ospetsuz osatutako epaimahai batek hautatuak– 100.000 euroko diru saria jasotzen dute euren ikerlanak finantzatzeko eta zientziaren aurrerapenean aparteko ekarpena egiten jarraitzeko.