euskaraespañol

Sigma XI Ikerketa Zientifikoko Nazioarteko Ohorezko Elkarteko kide izendatu dute Antonio Gómez Muñoz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/23

Irudia
Antonio Gómez Muñoz izendapenarekin Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategian | Argazkia: UPV/EHU

Sigma XI Ikerketa Zientifikoko Nazioarteko Ohorezko Elkarteko eskubide osoko kide izendatu dute Antonio Gómez Muñoz, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle-ikertzailea.  

Munduko zientzialariak eta ingeniariak biltzen dituen Nazioarteko Ohorezko Elkarterik zaharrena eta garrantzitsuena da Sigma XI. 1886an sortu zuten AEBn, ikerketa zientifikoaren bikaintasuna sustatzeko, zientzialari gazteen lana babesteko eta diziplinarteko ikerketa sustatzeko helburuz. Gaur egun, Ipar Carolinan (AEB) du egoitza nagusia. 

“Elkarteko beste kide batzuek proposatuta baino ezin da lortu Sigma XI elkarteko kide hautatu izendatzea. Hori dela eta, ez nuen izendapena espero. Ez nuen elkartea ezagutzen, hortaz, elkarteko zuzendari exekutiboak eta ‘The American Scientist’ aldizkariko Komunikazio eta Argitalpenen arloko zuzendari zientifikoak izendapenaren berri eman zidatenean, ezusteko handia hartu nuen. Elkartearen gaineko informazioa jasotzeko, nire ikerketa arloan nazioarteko ospe handia duen zientzialari batekin jarri nintzen harremanetan. Georgiako Teknologia Institutuan lan egiten du hark, Atlantan. Elkarte honetako kide izatea ohore handia dela esan zidan, eta bera ere kideetako bat dela. 200 Nobel saridun baino gehiago daude kideen artean, hala nola Watson, Crick eta Wilkins (1962), Barbara McClintock (1983), Jennifer Doudna (2020) edo Albert Einstein (1921), beste batzuen artean. Oso txikia sentitzen naiz hainbeste jakintsu entzutetsu dituen zerrenda batean, baina, zalantzarik gabe, oso pozgarria eta harro egoteko modukoa da nire ibilbide profesionalagatiko aitorpen hau jasotzea. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet UPV/EHUri, Eusko Jaurlaritzari eta zientzia barne hartzen duten ministerioei, urteetan zehar emandako babes logistiko eta ekonomikoarengatik. Izan ere, haien laguntzarik gabe, zientzialari gisa izan dudan garapena ez zen posible izango. Nire eskerrik beroenak bidaltzen dizkiet erakunde horiei, urteetan zehar nire ikertaldeko kideak izan diren guztiei eta Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko nire kide guztiei”, adierazi du Sigma XI elkarteko kide berriak. 

Antonio Gómez Muñoz Zientzia Biologikoetako doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. Doktorego Sari Berezia. Erresuma Batuan garatu zuen haren doktorego aurreko prestakuntzaren zati bat, Nottinghameko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean (1987-1988). Tesia defendatu ondoren, doktorego ondorengo bekadun gisa sartu zen Albertako Unibertsitatean, Edmontonen, Kanadan (1988-1994). 1995-1996 urteetan ikertzaile gisa aritu ziren Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan, Madrilen. 1997an ikertzaile elkartu gisa kontratatu zuen Columbia Britainiarreko Unibertsitateak (Vancouver, Kanada). Ondoren, UPV/EHUra itzuli zen irakasle elkartu gisa, 1999an. Gaur egun, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna da, eta UPV/EHUko izen bereko sailean lan egiten du irakasle eta ikertzaile gisa. Jarduera biologikoa duten lipidoek hanturazko prozesuak eta tumore prozesuak erregulatzeari buruzkoak dira haren ikerketa proiektuak, eta aitzindaria da esfingolipido horiek (nagusiki, zeramidak, esfingosina eta horien forma fosforilatuak, C1P eta S1P) gauzatzen dituzten prozesu horien kontrolaren arloan. Nazioarteko hainbat aldizkari zientifikotan argitaratzen du Antonio Gómez Muñoz irakasleak. 2005az geroztik, ‘European Sphingolipid Club’-eko batzorde zientifikoko kide iraunkorra da. Eta, 2001az geroztik, hainbat urtetan parte hartu du AEBn sortutako bi urtean behingo ‘International Ceramide Conference’ Nazioarteko Kongresuko Batzorde Zientifikoko kide gisa. Ekoizpen zientifikoari dagokionez, 100 argitalpen baino gehiago egin ditu nazioarteko ospea duten aldizkari eta liburuetan, eta hitzaldi ugari egin ditu nazioarteko kongresu, unibertsitate eta erakundeetan. Gaur egun eta duela urte batzuetatik, Stanfordeko Unibertsitateak (Kalifornia, AEB) egindako nazioarteko eragin handieneko zientzialarien zerrendan dago (World’s Top 2% Scientists).