euskaraespañol

Ariketa fisikoak eskizofrenia duten pertsonen sintomatologia hobetu lezake

Ikerketa batek, parte-hartzaileen esperientziaren analisiaren bitartez, berretsi ditu ariketa fisikoak eskizofrenian dituen onura fisiko, mental eta sozialak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/28

Irudia
Mikel Tous eta Sara Maldonado | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Osasun fisiko eta mentala hobetzeko diseinatutako ariketa fisikoko programa bati jarraitu zioten pertsona eskizofreniadun batzuen esperientzia subjektiboak ikertu ditu UPV/EHUko eta Arabako Ospitale Psikiatrikoko talde batek. Programak gaixotasun hori duten pertsonak soilik izan ditu kontuan, populazio kliniko bakar batean zentratzeak agerian uzten baitu zer zeregin espezifiko duen ariketa fisikoak gaixotasunaren kudeaketan eta tratamenduan.

Eskizofrenia nahasmendu neuropsikiatriko kroniko eta konplexua da, munduan gutxi gorabehera 24 milioi pertsonari eragiten diona, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Gaixotasun horrek eragin nabarmena du erasandako pertsonen eta haien familien bizi-kalitatean, gizartearen estigmaz eta diskriminazioaz gainera.

UPV/EHUko GIKAFIT (Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa Ikerkuntza Taldea) taldeko Sara Maldonado-Martin eta Mikel Tous-Espelosin-ek, Arabako Ospitale Psikiatrikoa eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, ikerketa bat egin dute helburutzat izan duena aztertzea zer efektu duen ospitaletik kanpoko ariketa fisikoko laguntza-programa batek eskizofrenia duten pertsonen ohiko tratamenduaren osagarri gisa. Helburua zen ikertzea ea hobekuntzarik gertatzen zen osasun integralean, paziente-talde homogeneoetan izaten den ikuspegi falta landuz eta eskizofrenia duten pertsonei ahotsa emanez, haien esperientzia subjektiboak ezagutzeko. Tous-Espelosinek honela azaldu du: “Ikusi da ariketa fisikoa oso eragin onuragarria izaten ari dela zenbait populazio zaurgarritan”, eta gehitu du: “ez du alderdi fisikoa bakarrik hobetzen, gaixotasunaren beste alderdi batzuk ere hobetu ditzake”.

“Eskizofreniak hiru motatako sintomak ditu: positiboak, negatiboak eta kognitiboak”, azaldu du Tous-Espelosinek. “Positiboak eldarnio edo haluzinazioak izan daitezke, eta, normalean, medikazioarekin trata daitezke. Sintoma negatiboetarako (goibeltasuna, energia falta, apatia) ez dago baliozko medikaziorik, baina ariketa fisikoaren bitartez sintomatologia mota hori hobetu liteke. Ariketa fisikoa burmuinarentzako modulatzaile moduko bat da, proteina jakin batzuen agerpena areagotu eta garun-plastizitate bera hobetzen duena; hau da, burmuinean egokitze funtzional eta egiturazkoak gertatzen dira, ikasketaren, oroimenaren eta funtzio kognitiboaren hobekuntzekin lotuta agertzen direnak”.

Ariketa-programa konkurrentea

Eskizofrenia-diagnostikoa duten parte-hartzaileek ariketa fisiko konkurrentezko programa intentsibo bat jaso zuten (atal aerobikoak eta indar- eta erresistentzia-zirkuitu bat konbinatzen dituena), ospitaletik kanpo, bost hilabetez, astean hirutan. Datu kualitatiboak elkarrizketa indibidual semiegituratuen bitartez jaso ziren, analisi tematiko baten bitartez antolatu eta analizatuak. “Ariketa fisikoa egin aurretik eta ondoren, 35 bat minutuko elkarrizketa egiten genien. Hartan, iraganean ariketa fisikoarekin izandako esperientziari buruz galdetzen genien, eta ea gaixotasunaren ondorioz ariketa fisikoa egiten jarraitu zuten edo ez. Programan hasi zirenean, haien sentipenei buruz galdetzen genien, eta amaitutakoan, ea zer onura nabaritu zuten”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Ikerketa honen emaitzek ariketa fisikoaren erabilera estrategikoa babesten dute eskizofrenia duten pertsonen tratamendurako eta osasun holistikoa mantentzeko osagai gisa. “Ariketa fisikoa tratamendu lagungarria izan daiteke —gehitu du ikertzaileak—, tratamendu farmakologikoari berari lagundu diezaioke”. Emaitzek agerian uzten dute pazienteek uste dutela ospitalez kanpoko ariketa fisikoaren programa onarpen zabaleko eta onura handiko osagarria izan daitekeela beren ohiko tratamendurako, eta erakusten dute ariketa fisikoak lagundu diela gogamena beren arazoetatik eteten. “Ikerketa hau eskizofrenia duten pertsonek ariketa fisikoa era egokian egiten dutenean gertatzen zaienaren eta sentitzen dutenaren zinezko karakterizazioa da. Egoera ideala litzateke ospitale psikiatrikoetan kirolerako hezitzaile fisiko bat egotea, zeinarekin aurrera eraman lezaketen era egokian diseinatu eta gainbegiratutako ariketa fisikoko programa bat. Horregatik, Arabako Ospitale Psikiatrikoari gure zereginean azaldutako konfiantza eskertu nahi genioke”, esan du amaitzeko.

Informazio osagarria

Mikel Tous-Espelosin doktoratu aurreko ikaslea da UPV/EHUn, eta Sara Maldonado-Martin irakasle-ikertzailea da UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Heziketa Fisiko eta Kirol Sailean.

Erreferentzia bibliografikoa