euskaraespañol

Arte Ederren Fakultateko ikasleen Gradu Amaierako Lanen X. Erakusketa

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2023/12/15 Noiz arte: 2024/01/11

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Irudia
GrALen erakusketak 10 urte bete ditu aurten | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Deskribapena

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen Gradu Amaierako Lanen X. Erakusketa ikusgai egongo da Bizkaia Aretoan urtarrilaren 11ra arte (8:00etatik 20:00etara). Bertan, 2022-2023 ikasturtean, zentro honetan irakasten diren hiru graduetan (Artea, Sorkuntza eta Diseinua, eta Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzea) ikasketak bukatu dituzten 46 ikasleren Gradu Amaierako Lanak (GrAL) biltzen dira.

Esposizio honek alderdi ezberdinak jasotzen ditu. Alde batetik, fisikoena: ikasketak amaitzeko egin behar den lana, GrAL delakoa. Bestetik, ibilbide baten amaiera ere bada, eta horregatik ikasketa epe baten bukaera ospatzen da erakusketa honen bidez. Azkenik, etorkizuneko ibilbide profesional baten hasiera ere badenez, itxaropenez betetako unea jasotzen du.

Halaber, GrALen erakusketak 10 urte bete ditu aurten, eta Arte Ederren Fakultateko azken hamarkadako historia ordezkatzen du aurtengo ekimen honek. “Zailtasunez betetako ibilbidea izan da, Bolognako akordioko aldaketek garai bateko karrerak graduak bilakatu zituen, horrek aldaketak ekarri zituen irakaskuntzan, horien artean aipagarriena Gradu Amaierako Lana izan zen. Hain zuzen ikasleek egin behar duten azken lana gradua lortzeko. Arte ikasketak borobiltzeko lana izan beharko litzatekeenez, erakusketan biltzea bururatu zitzaien Fakultateko garai hartako arduradunei. Orain dela 10 urte zalantzaz betetako garaia zena, gaur egun bere heldutasunera iritsi dela esan dezakegu; GrALa zer zen edo izan behar zuen ez jakitetik formula fintzera pasatu gara”, adierazi du Ismael Manterola Arte Ederren Fakultateko dekanoak.

Sarrera doan.

Katalogoaren esteka: https://ehubox.ehu.eus/s/6N4pr3RARLRrFPt