euskaraespañol

Ana Blanco Doval, Luis Javier Rodríguez Barron, Noelia Aldai

Ba al du abantailarik behor esnea edateak? Hauxe dio zientziak

Lactiker – Animalia Jatorrizko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna taldeko ikerlariak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/08

Irudia
Image by Yves from Pixabay

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Juvenal poeta erromatarrak zioenez, Neronen emazte Popeak astamen talde batekin bidaiatzen zuen gorputza haien esnetan garbitzeko. Diotenez, gainera, antzinako Egipton, Kleopatra animalia beraren esnetan bainatzen zen bere azala leun eta garbi edukitzeko eta Elisabet Bavariakoak (Sissi enperatriza izenarekin ezagunagoa) esne hori erabiltzen zuen bere edertasun erritualetarako.

Gaur egun, familia bereko beste animalia baten, behorraren, esneak lortu du prestigioa eta Europan zehar gero eta entzute handiagoa du eskaintzen dituen ontasun terapeutikoak direla eta. Justifikatuta al dago? Zer dio zientziak esne horren propietateen gainean?

Oso zabalduta dago Asian, eta Europan ere hasi da tokia egiten

Elikagai hau aspalditik da ezaguna Asiako hainbat herrialdetan: Mongolia, Errusia, Txina, Kazakhstan edo Uzbekistanen, adibidez. Historikoki, gaixotasunak tratatzeko, sistema immunea hobetzeko eta bizitasuna emateko erabili izan da.

Erabilera sendagarri horiez harago joanda, behor esnea askotan erabili izan da ama esnearen ordezko gisa, konposizioari dagokionez antzekoak baitira. Gainera, behi esnearen proteinari alergia dioten haurrengan erantzun alergiko txikia du eta, ondorioz, formula esnearen alternatiba gisa erabilgarria izan daiteke.

Kontsumoa zabaltzen ari da gure inguruan, batez ere, hauts esne gisa (liofilizatuta), elikagai osagarri gisa edo, larruazalerako onurengan konfiantza dutenen kasuan, kosmetikoetako osagai gisa. Edari gisa, behor esnea gozoa eta arina da, baina ez da ohikoa izaten formatu likidoan topatzea.

Beste animalia batzuen esneekiko aldeak

Interneten bilaketa bizkor bat egiten badugu, behor esneak dituen “propietate terapeutikoak” sustatzen dituzten webguneen zerrenda luzea topatuko dugu. Ezaugarriei dagokienez, nabarmendu beharrekoa da gantz azidoetan, mineraletan, bitaminetan eta aminoazido esentzialetan duen edukia. Baina ez da hori zientziak dioena zehatz-mehatz.

Hasteko, kontuan izan behar dugu esne mota guztiek, behiarenak barne, neurri txikiagoan edo handiagoan, gantza (eta gantz azidoak), laktosa, proteinak, aminoazido esentzialak, bitaminak eta mineralak eta beste hainbat konposatu dituztela.

Aminoazidoak proteinen egitura unitateak dira (kate bateko kate mailak bezalakoak), eta ez esentzialen eta esentzialen artean sailka daitezke, organismoak ekoitzi ditzakeen edo ez kontuan hartuta. Horregatik, aminoazido esentzial askoko elikagaiak ezinbestekoak izaten dira metabolismoak behar bezala funtziona dezan. Eta behor esnearen proteinek halakoak dituzten arren, beste edozein esne motatan ere aurki daitezke.

Bestalde, gantz azidoak dira esnekien, haragiaren edo olioaren bidez kontsumitzen ditugun lipido (edo gantz) gehienak osatzen dituen molekula mota bat. Behorraren esneak (gizakiarenak bezalaxe) gantz eduki txikia du: % 0,3 eta % 2 artekoa. Behi eta ardi esneek, adibidez, % 3 eta % 5, eta % 5 eta % 9 artekoa dute hurrenez hurren.

Gainera, esne horren gantzak beste animalia batzuekikoaren oso ezberdina den konposizioa du. Monogastrikoa denez (ez hausnarkaria), zaldiaren digestio sistemak omega-3 (batez ere azido linoleikoa) eta omega-6 (nagusiki azido linoleikoa) gantz azido gehiago xurgatzen eta metatzen ditu esnean. Organismoak ongi funtziona dezan ezinbestekoak dira gantz azido horiek eta, nahitaez, dietaren bidez lortzen dira. Horixe da behor esnearen aldeko puntuetako bat.

Aldiz, aipatu behar da, halaber, oso eduki gutxi duela guztizko gantzari zein interes handiko beste omega 3 gantz azido batzuei dagokienez ere, hala nola EPA eta DHA. Ondorioz, gantz azido onuragarrien iturri gisa dituen aldeko puntuak gutxitzen ditu horrek.

Bitaminei eta mineralei dagokienez, behor esneak nahiko txikia den edukia du (C bitamina eta burdina dira salbuespenak).

Propietate osasungarriak aztertzen

Europako legeriaren arabera, elikagai batek propietate osasungarriak dituela aitortzeko, beharrezkoa da Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA, ingelesez) hala onartzea. Eta hori bermatuko luketen behar adina ebidentzia zientifiko daudenean bakarrik gertatzen da hori.

Gaur egun, ez dago behor esnearen propietate osasungarriak bermatuko lituzkeen azterketa eskudunik; beraz, askotan entzuten ditugun adierazpenak (hala nola “sistema immunea hobetzen du” edo “bizitasuna areagotzen du”), ez daude egiaztatuta eta ikuspegi zientifikotik ere ezin dira justifikatu.

Noski, horrek ez du esan nahi bertuterik ez duenik, baina gaur egun ez dago horren inguruko behar adinako frogarik. Eta argitaratu berri dituzten ikerketen arabera, 2 motako diabetesaren, minbiziaren edo azaleko gaitzen aurrean onurak izan ditzakeela erakutsi duten arren, lan horiek oraindik oso urriak eta aurretiazkoak dira.

Propietate terapeutikoen inguruko baieztapenei dagokienez, Europako legeriak ez du baimentzen elikagai batek gaixotasun bat prebenitzen, tratatzen edo sendatzen duela adieraztea. Hori dela eta, era horretako baieztapenak ere ez daude justifikatuta.

Hitz gutxitan esanda, kontsumitu ohi ditugun esne gehienekin (behi esnea barne) alderatuta, behor esneak gantz, proteina, mineral eta bitamina eduki txikia duen arren, gizakiaren elikadurarako interes handiko elementuak ditu: omega 3 eta omega 6 gantz azidoak, adibidez. Ikerketari dagokionez, oraindik ere bide handia dago aurrean esne horren ezaugarri osasungarri esperantzagarriak egiaztatzeko.