| English
-
Euskara modernoaren hiztegirik zehatzena landu du UPV/EHUko Euskara Institutuak
-
Martxoaren 10ean ere ospatuko dugu Emakumeen Eguna
-
700.000 € konputazio kuantikorako osagai erabakigarriak garatzeko
-
Amaia Iparragirre Letamendia: «Beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea»
-
Nafarroako Errege Bardea gertuagotik
Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoeta eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedra abian da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/03/17

Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroaren areto nagusian, Donostian, euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoeta eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedraren aurkezpen ekitaldia egin da. Katedra Euskal Herriko Unibertsitateak sortu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak ekitaldiaren buru izan da, eta bertan izan dira Jose Antonio Mugika Katedraren zuzendaria, Martin Aramendi Ataungo alkatea, Sebastian Zurutuza Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiaren zuzendari nagusia, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Ixone Fernandez de Labastida Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakaria. Bertan izan dira ere Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. Era berean, Josu Ozaita antropologoak eta Miren Ayerdi arkeologoak Jose Migel Barandiarani buruzko hitzaldiak eman dituzte.
Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz. Jose Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaizak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian eta nazioartean, betiko galtzeko zorian ziren aztarna, usadio eta esamoldeak aztertzeko eta ahanzturatik salbatzeko egindako lan eskergagatik batez ere. Urte askoan zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lanaren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten eta sari ugari jaso zituen: horien artean, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak. Halaber, Gipuzkoako Urrezko Domina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Nafarroako Urrezko Domina ere jaso zituen.