euskaraespañol

BeeGuards proiektuak 6 milioi euro jasoko ditu EBtik erlauntzetan produktu kimikoak erabiltzearen alternatibak bilatzeko

UPV/EHUko talde batek erle arruntaren eta erle arruntarekin bizi den bakterioen genomak mapatuko dituen ikerlanean parte hartu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/27

Irudia
Iratxe Zarraonaindia eta Melanie Parejo

BeeGuardsek, lehia biziko prozesu gogor baten ondoren, Horizon Europe ekimenaren esparruan finantzatutako «Erlezaintza erresilientea» deialdian hautatutako bi ikerketa proiektuetako bat izatea lortu du. Proiektuak –6 milioi euroko zuzkidurakoak– 4 urteko iraupena du eta 2023ko urrian hasiko da.  UPV/EHUko Genomika Aplikatuko eta Bioinformatikako ikertaldea BeeGuards proiektuaren bazkide nagusietako bat da, eta Nekazaritza Ikerketarako Italiako Kontseiluko (CREA) Cecilia Costa doktoreak koordinatzen du. Alabaina, partzuergoaren barnean 26 bazkide inguru daude, tartean unibertsitateak, ikerketa nazionaleko zentroak, erlezaintza elkarteak eta erlezainak. Iratxe Zarraonaindia eta Melanie Parejo Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta doktoreek zuzenduko dute proiektu horretako lan pakete garrantzitsuenetako bat. 

Hona hemen ezarritako helburuetako batzuk: batetik, praktika jasangarriak eskaintzea, erlauntzak maneiatzean eta kudeatzean produktu kimikoen erabilera desagerrarazteko edo, gutxienez, murrizteko. «Erleek gaixotasun asko dituzte, eta, kasu honetan, errudun nagusiak Varro generoko akaroak dira, birus asko transmititu eta ahultzen baititu. Erlauntzak tratatu egin behar dira, hil ez daitezen, eta oraindik ez dago irtenbide erabat jasangarri eta ekologikorik. Baten bila gabiltza», adierazi du Parejo doktoreak. Horretarako, erlauntzak etengabe monitorizatu behar dituzte, horiek tratatzeko une zehatza detektatze aldera. «Atal honetan monitorizazio digitala eta azken belaunaldiko sentsoreak erabiltzen ditugu erlauntzean tenperatura, hezetasuna, bibrazioak eta halako faktoreak aztertzeko», azaldu du.  

Eta, bestetik, erleen erresilientzia hobetu nahi da, hazkuntza berritzailearen eta erle sendoenen hautaketaren bidez. «Horrek esan nahi du erleen hautaketa bat egin eta genetikoki hobetu behar direla. Varroa akaro asko izanik ere erlezaintzarako ezaugarri onak dituzten erleak hazten dira. Akaro horien eraginez gaixotzen badira, adibidez, bizirik ateratzen direnak baino ez dira haziko dira; hala, akaroarekiko erresilienteagoak diren erleak lortuko ditugu eta hurrengo belaunaldian indartsuagoak izango dira erleak», adierazi du.  

Zarraonaindia eta Parejo ikertzaileek erle arruntekin –erlezaintzan baliatu ohi den erle espeziearekin– ikerketa metodo berriak garatuko dituzte. Hala, erleen genoma ez ezik, mikrobioma –hots, erleekin bizi diren bakterioak– ere aztertuko dute; horrela, genoma eta mikrobioma osatzen duen holobioma mapatu ahalko dute.  

Ikerlan horretan, BeeGuardsek 11 herrialde –nola Europakoak hala Europatik kanpokoak– aztertuko ditu; zehazki, atalaseetan oinarritutako kudeaketa praktika berritzaileak aplikatuko ditu. Baliatuko diren atalaseak Varroa akaroen izurritze mailak dira, eta, lehendabizikoz egingo denez horren jarraipen intentsiboa, gaixotasuna tratatzeko unerik egokiena identifikatu ahalko da. «Horrela, erlezainek erlezaintza praktikak egungo eta etorkizuneko erronketara egokitzeko jarraibideak finkatu ahalko dituzte», azaldu du ikertzaileak.  

Gainera, azterlan osagarriak –immunologiaren, jokabidearen, patologien eta ekologiaren alorrekoak– egingo dira, zeinak baliagarriak izango baitira argitzeko zer-nola eragiten duten kudeaketak, klimak eta ingurumenak erle arruntengan eta beste polinizatzaile batzuengan. Melanie Parejok azaldu du faktore klimatikoek eragina dutela bere ikerlanetan, batzuetan ingurunea eta, hedaduraz, emaitzak aldatzen dituztelako: «Klima aldaketak, berotze globalak eta horien ondorioek eragina dute gure azterlanean. Horregatik, hiru denboralditan egingo dugu landa lana, lehorteak, euri denboraldiak, etab. kontuan hartzeko. Gainera, klimatologia aztertzen badugu, eremuan jasotako datuekin erlazionatu ahalko dugu».  

Azkenik, beste alderdi berritzaile bat WikiBeedia sortzea da. Plataforma horretan, erlezaintzako eta nekazaritzako profesionalek beren esperientziak azaldu eta zabaldu ahalko dituzte, eremu horretakoak ez diren pertsonek galderak eta iruzkinak egiteko aukera emateaz gain. Horrela, elkarrekintza sustatzen saiatuko gara, "informazio webgune arrunt hutsa" izan ez dadin.